Rober Gutierrez
Euskaltzalea

Mantrak

2025eko otsailaren 28a
05:00
Entzun

Azken asteotan zenbait unibertsitatetako ate irekien jardunaldietara joateko aukera izan dut. Semea aztertzen ari da zer ikasiko duen datozen urteotan eta, erabakia hartu aurretik, komeni da aukera guztiak begiratzea. Unibertsitate bakoitzak badu bere misioa, bere izaera, bere estiloa, bere bokazioa, bere kultura... eta hori garbi transmititzen da egiten dituzten aurkezpenenetan eta horien bitartez zabaltzen dituzten mezuetan ere. Guztiek ikasleak erakarri behar dituzte; kasuren batean, ikasle horiek bezeroak izango dira eta haientzako graduak komertzializatzen dituzte (termino hauek entzun ditut aurkezpenetan); beste batzuen hitzetan, ikasle horiek balioak dituzten eta gizartea eraldatu nahi duten pertsona ekintzaileak eta berritzaileak izango dira; bestela, hezkuntza komunitatearen parte-hartzaile aktiboak, jakintza sortzen eta transmititzen dutenak. Bakoitzak bere hitz gakoak baliatzen ditu.

Detaileei erreparatzen diet eta, aurkezpen hauetan, hizkuntzen erabilerari ere erreparatu diot. Harrigarria eta mingarria egin zait hitzaldi batzuetako euskararen erabilera testimonial hutsa, hasierako agurrean baino ez baitzuten erabili. Beste kasu batean, entzule gehienok, gurasook zein gazteak, euskaldunak izanik, aurkezpena gaztelera hutsez eskaini izana deigarria egin zitzaidan.

Enpresa zientzien eta teknologiaren eremukoak izan dira hitzaldiak, eta jabetu naiz unibertsitate guztietan ez dagoela bermatuta euskarazko eskaintza. Ez naiz esaten ari ikasketek osorik euskaraz izan behar dutenik. Ondo ikusten dut graduetan tokia egitea beste hizkuntza batzuei, batez ere mugikortasuna egongo bada eta Euskal Herritik kanpoko beste unibertsitate batzuetan ikasteko aukera egon badaiteke. Onartezina iruditzen zaidana da alor honetako ikasketetan (eta beste zenbaitetan) euskarari lekurik ez eskaintzea eta gradua gazteleraz eta ingelesez baino ez eskaintzea. Denborarekin, ingelesez baino ez dira eskainiko. Unibertsitate batetik bestera alde handia dago honetan ere, graduko ikasketa guztiak euskaraz egiteko aukera bermatzen duenetik, lau urtetan ikasgai bakar bat ere euskaraz ikasteko aukerarik ematen ez duenera.

Unibertsitateetako aurkezpenetan gertatzen den bezala, gure gizartean ere badaude maiz errepikatzen diren mezuak, mantra bihurtu arte: «enpresa mundua euskaldundu behar da», «hurrengo urteotako erronka lan mundua da»... Askotan entzun behar izan dut hezkuntza sistemak gazteak euskalduntzen dituela eta lan munduak erdalduntzen dituela. EAEren kasuan, Eusko Jaurlaritzaren euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Aroa marko estrategikoan, euskararen estrategikotasunaz hitz egiten da, ezin bestela izan. Besteak beste, bertan honakoak aipatzen dira: «euskarak lan munduan leku handiagoa izateko lan egin behar dugu», «euskaraz ikasitako neska-mutil gazteek lan munduan euskara erabiltzen jarraitzeko aukeretan sakondu behar dugu», «lan mundua ez dago beti prestatuta gazte eta heldu euskaldunei euskara erabiltzeko guneak eskaintzeko, eta euskararen erronka nagusietakoa izango da lan esparruan euskaraz aritzeko aukerak sortzea. Hezkuntzaren bidez euskara jaso eta erabili duten gazte horiek lan esparruan euskara erabiltzeko aukerak irabaztea izango da etorkizuneko egitekoa».

Bada, etorkizun hurbilean enpresetako arduretan eta lanetan arituko diren profesionalek ez dute formazioa euskaraz jasoko Euskal Herriko zenbait unibertsitatetan. Praktikak, ikerketak, erronkak, proiektuak... burutuko dituzte, baita hemengo enpresetan ere, baina gradua gazteleraz eta ingelesez bada, ez dute aukerarik izango euskaraz lantzeko. Nolako enpresak nahi ditugu gure herrian? Enpresa aurreratuak, iraunkorrak, inklusiboak, pertsonak zaintzen dituztenak, eta hizkuntzak modu egokian kudeatzen dituztenak. Gaurko ingurune globalizatuan, berebiziko garrantzi ekonomikoa du enpresek gaitasuna izateak hainbat hizkuntzatan eta kulturatan jarduteko. Eta hori guztia gauzatzeko, euskaraz ere ondo formatutako profesionalak behar dira.

Ez dezagun geure burua engainatu. Ikuspegia behar dugu. Hau ere bada behin eta berriro errepikatzen den beste mantra bat. Administrazioa, hezkuntza arloko eragileak, enpresetakoak, sindikatuak, euskalgintzakoak... Denen artean landu behar da etorkizuneko ikuspegia. Gure semearen belaunaldiak eta ondorengoek euskaraz ere lan egiteko aukera zabalagoa izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.