Tasio Erkizia.

Manolo, euskaldun unibertsala

2016ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Eskerrik asko, Manolo Urbieta. Bizi izan zaren artean, askotan esan dizugu gauza bera; eta orain, agur esan diguzunean, oraindik eta ozenago esan behar dizugu: eskerrik asko, Manolo, Euskal Herriari eman diozun guztiagatik, gure herriko haurrek zurekin gozatu dutenagatik, bereziki. Irakasle eta guraso askok ere gozatu dute, noski; baina haurrak izan dira, zalantzarik gabe, zure lagun maitagarrienak.

Euskarak asko zor dizu. Zurekin, kantuaren bidez, milaka haurrek deskubritu dute euskara. Zure kantu guztiak izan dira euskaraz pentsatu, sentitu eta idatziak. Gaztelaniaz ere bazenekien,noski, baina zure mundu-ikuskera eta hizkuntza propioa euskara zen, eta euskaraz egin dituzu milaka kantu eder.Euskaraz bizi zinen eta kantuaren bidez gure hizkuntza eta kultura dastatzenirakatsi diguzu. Euskal unibertsozoragarri hori euskaraz kantatuzazaleratzen zenigun eta iturrihorretatik edan dugu haur, guraso eta irakasle askok.

Irakasle handia izan zaitugu. Haurren maisu eta irakasleen gidari. Gure eredu inbidiagarria, haurrengana maitekiro nola hurbildu irakatsi zenigulako. Haurren barne sentimenduak nola deskubritu eta euskaraz nola jolastu erakutsi zenigulako ehunka ikastaroren bidez, Donostiako Irakasle Eskolan eman zenituen klaseak tarteko; baina, batez ere, udalekuetan, asteburuko irteeretan, Goiatzeko baserrian egindako egonaldietan, hor bizi genituelako zurekin une hunkigarrienak, harremanik aberatsenak. Horren guztiaren erakusle da ziur jakitea, gaur eskola askotan milaka haurrek berriro ere zure kantuak abestuko dituztela eta presente egongo zarela zeure heriotzaren biharamunean.

Baina, egiari zor, aitortu behar dizut, irakasle gisa ez zarela izan beti behar adina baloratua eta eskertua. Areago, zenbait urtetan baztertua ere izan zarela. Oroitzen al zara, Manolo, frankismoaren azken urteetan, maisu-titulurik ez zenuelako zenbat komeria eta zailtasun jasan zenituen? Irakasle eredugarria izan arren, legearen mugek gogor estutu zintuzten. Zein erraz gutxiesten ditugun sortzaile eta artistak, lehen eta orain! Manolo, zu ez zaitugu gela bateko irakasle arrunta izan: bete-betean nola bizi irakatsi diguzu, euskaldun gisa nola gozatu.

Asko irakatsi diguzu eta zure pedagogiaren arrastoa Euskal Herriko eskola askotan aurki dezakegu. Han hemen irakasle aunitz dira zure kantak eta musika ikasteko metodo erakargarriak erabiltzen dituztenak. Oparotasunaren seinalea da, besteak beste, Santutxun duela 20 urte sortu genuen txirula mirula taldea. Santutxuko irakasle zein ikasle askoren izenean, eskerrak anitz.

Ba al dakizu, Manolo, zergatik ematen dizudan «euskaldun unibertsala» titulua? Zeure bizitzako pasarte batean modu praktikoan erakutsi zenidalako euskalduntasuna eta unibertsaltasuna nola uztar daitezkeen. Orduan, 1990ean, bat-batean esan zenigun Afrikako Kongo Errepublikako tribu batera zindoazela, hilabete batzuetarako haien kultura bertatik bertara ezagutzeko. Hasieran arraro egin zitzaidan. Baina zure arrazonamendua sakona zen: «Munduko kultura guztien oinarria bertsua da, eta nik kultura «ez merkantilizatu» batean murgildu nahi dut, erroak deskubritzeko. Modu horretara, nire irudimena eta sormena aberastuko dut». Gaia ez da ez, asko edo gutxi bidaiatzea, modu irekian «mundu berriak» bizitzea baizik. Hori da hori, euskaldun peto-petoa unibertsala ere izateko era naturala, kulturak uztartzeko modu eraginkorra.

Kantatzen duen herria ez da inoiz hiltzen dio atsotitz zaharrak. Kantugintzaren hazia bihotzez erein duzu, eta ondorioz, egon ziur zure ahotsak gure artean iraungo duela. Lur emankorrean erein duzu, Manolo, eta uztaren oparotasuna nabaria da jadanik. Zure aurpegi zabalean, milaka haurren irria eta esker ona dakusat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.