Mamu bat dabil Europan, benetan arriskutsua, suntsipen handiko edozein arma baino dangerosago. Herrialde osoak hartzen ditu mendean, Gobernuak bere nahieran maneiatzen ditu, presidenteak kendu eta ipiniz, betiere bere probetxu hutsean eta milioika herritar egun batetik bestera miseria gorrian jarriaz. Mamu horrek ahalguztiduna dirudi, agintari guztiak bere alde jartzen baititu, eta aseezina da, zenbat eta gehiago eman orduan eta gehiago exijitzen baitu.
Oso da trebea mamu hori, amarru guztiak baitarabiltza inork bere benetako aurpegia ikus ez dezan. Horrela, krisi larriaz, lana galtzeaz eta goseaz babesteko promesak egiten dizkie herritarrei, haiekbere alde jar daitezen, eta hala egiten dutenean, orduantxe kolpatzen ditu errukirik gabe. Aberastasuna hedatzeaz mintzo den bitartean, herritarren ondasun guztiak txikitzen ditu; propietatearen defentsa sutsua aldarrikatzen duen bitartean, 3 urtean soilik eta berak bakarrik, Historia osoan beste edozerk eta edonork baino propietate gehiago birrindu ditu. Segurtasuna goraipatzen duen une berean, etorkizunerako esperantzarik gabe uzten ditu gazteenak, lana eta etxebizitza lortzeko aukera guztiak kenduz.
Goi politikari eta komunikabide guztiek miresten dute eta denak dira haren beldur, eta izenez ere edertu egin nahi dute, Historian gaur arte izan den munstrorik gorrotagarriena izan arren. Neoliberalismo deitzen dute, aspaldiko kapitalismo zapaltzailearen ondorengo ustel eta nardagarria baino ez denean.
Filosofo batek lortu zuen aurreneko egunean munstroaren benetako aurpegia ikustea, eta hura deskribatu nahian, istorio hau kontatu zigun: Txina behinola komunista eta gaur neoliberalismora bihurtuan, Beijin hiriburuan, artista bat aritzen zen sortze lanetan, harik eta Gobernuak hartaz errezelatu eta Nankin aldera atzerriratu zuen arte. Artistak bazekien atzerri urrunetik bidaltzen zituen gutunak zentsuratu egingo zituztela agintariek, eta lagunei kode berezi bat proposatu zien: gutuna tinta urdinez idatzia bazetorren, bertan zioen guztia egia izango zen; aldiz, tinta gorriz bazetorren, dena izango zen gezurra. Handik denbora batera hartu zuten artistaren lagunek lehen gutuna: tinta urdinez kontatzen zuen artistak bere bizileku berri hartan dena zoragarria zela, askatasun osoz egiten zuela lana, eta errespetu osoz tratatzen zutela. Edozer gauza eros daiteke hemen, zioen, tinta gorria izan ezik.
Tinta gorririk gabe utzi gaituzte Europa neoliberal honetan. Tinta urdinez idatzi dute beraiek demokraziaren, askatasunaren eta garapenaren diskurtsoa, eta tinta urdin hori bera erabiltzea beste aukerarik ez digute eman nahi.
Sozialismo errealaren eta komunismo inperialaren porrotarekin batera, berdintasunaren eta justiziaren alde mintzatzeko aukera bera ere ukatu egin nahi digute betirako, eta kapitalismo suntsitzaile eta basatiaren inposizio hau alternatiba posible bakartzat aurkeztu. Behinola gizarte alternatiboaz mintzo zen ezker europarra isilarazi egin dute, lotsaz eta konplexuz beterik. Lastima ere ematen du ezker horrek parlamentu europarretan, isilik eta apal, neoliberalen diskurtsoak agindu hutsak bihurtu diren une honetan. Lastima, entzuten diren ahots indartsu bakarrak, kritikoak ere, eskuinetik datozenean: Nigel Farage, politikari britainiar euroeszeptikoak egunotan Durao Barroso, Van Rompuy eta euro-burokratei egin dien eskandaluak adierazten duena benetan kezkagarria da, adibide horrek argi agertzen baitu Europar Batasun horren alternatiba eskuin muturretik soilik marrazten dela gaur.
Estatu espainiarra neoliberalismoaren sarean harrapaturik dago bete-betean, ahiturik eta ia bizirik irauteko indarrik gabeko arrainabezala, hortxe sartu baitu sozialdemokrazia espainiarraren kudeaketa lotsagarriak. Raxoiren eta PPren boto guztiek ez dute disimulatzen Estatu kudeatzaile berri horren menpekotasun eta ahulezia estremoa Europako bankari eta finantza lapurren agindupean, Italiako eta Greziako lehen ministro-morroien maila berean. Euskaldunok ez gaitu, oraingoz, sare horretan bete-betean harrapatu. Zulo ederra egin diogu, garaiz, sare neoliberal horri, Bilduren eta Amaiurren emaitzei esker, eta batez ere herri honen kultura politiko alternatiboak bizirik dirauelako. Baina kontuz! Ez gaitzala demokrazia neoliberalaren tinta urdinak engaina. Euroa salbatzearen eta merkatuak egonkortzearen aitzakiapean, hasi dira gurean ere lapurren sareak hedatzen. «Harmonizazioa» deitzen diote eta Bilduren politika fiskal berritzailea ito nahian ari dira. «Gelditu ezineko garapena» aldarrikatu, eta diru publikoa xahutzen dute Abiadura eta Hedadura handiko trenbide eta portuetan, lurraren, naturaren, jendartearen askatasuna hipotekatuz lehenik, gabetuz gero.
Bestelako sareak hedatu behar ditugu jendartean: elkartasunaren sareak, alde askotako krisi multiplo honi alternatibak eskainiz. Instituzioetatik, lantegietatik eta kaletik politika neoliberalei aurre egiteaz gain, alternatibak landu, sektoreka baina baita globalagoak, ekonomia modu eta jendarte modu berriak garatuz: lanaren banaketa, errentaren banaketa, kontsumo-jokabideen aldaketa progresiboa, sare ekonomiko jendartekoak eta sistema kooperatibo berrituak. Merkatuen aldebakartasuna gainditu behar da, Estatuarekiko menpekotasun ekonomikoa ekidin ahal izateko bidean. Euskal Herri beregaina.
Mamu bat dabil Europan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu