Betidanik, herrialde eta hiriak beste zibilizazio batzuek inbaditurik izan dira. Kolonizazioa odoltsua —bandaloak, alanoak— edo zibilizatuagoa —feniziarrak— izan zitekeen, eta bertako kultura alda zezakeen, baita ezabatu ere. Zaldiz gerturatzen ziren horden oihartzunak inbasioaren berehalakotasuna iragartzen zuen; zeruertzean sumatzen zen ontzidi mehatxariak, mugan garatzen omen ziren ustezko maniobrek. Ezpaten talkarekin, bolboraren dunbotsarekin eta populazio zibilaren garrasiekin burutu egiten zen. Jatorrizko biztanleak erbesteratzen edo eremu periferikoetara lekualdatzen ziren kanpotarrak haien egoitzetan bizitzeko.
Prozesua ez da gehiegi aldatu, gaur egun inbasioak egunero gertatzen direla izan ezik eta oraingoan indarrez sartzeari etxebizitza turistikoa deitzen diogula. Gaur egun —hori da alderik handiena— okupazio horiek udaro gertatzen dira: barbaroek goizero hartzen dituzte Donostia, Bartzelona, Venezia, Budapest, Porto, Lisboa, Erroma... Jadanik ez da entzuten ez zaldien apatxik, ez sableen hotsik, baizik eta, gau eta egun, kaleetan arrastaka daramatzagun ehundaka, milaka maleten burrunba entzuten da.
Dubrovnikek gurpildun maletak debekatu egin ditu bere alde zaharrean. Eremu historikoko galtzada-harrietan sortzen duten kutsadura akustikoa eta zarata jasanezina direla argudiatuz. Oso bitxia da maleta hitza. Bere izenari ohore eginez, hitz bidaiaria da. Nederlanderatik —maal— dator «larruzko poltsa» adierazteko; handik frankora —malha— pasatu zen, eta frankotik ingelesera —mail— eta frantsesera —malle—. Atzizki txikigarri bat baino ez zitzaion falta malle-te osatzeko.
Gure bidaianbide eta gaskoiko biadje uztartzen dira. Azken etimo hori katalanez viatge bilakatu zen. Bere jatorria latina da: viaticum (bidaiarako prestakuntza, ibilaldia).
Hori guztia kontatzen dizuet joan den astean, oporrak prestatzen ari nintzela, ulertu nuelako bidaiatzeak galdu egin duela via-ren, bidearen jatorrizko ehuneko handia; bidaiak, gaur egun ulertzen ditugun bezala, ia helmugan hasten dira. Ordu gutxitan Londresen edo Bratislavan gaude; hogeita lau ordutan beste kontinente batean egiten dugu lo. Etxeko egongelatik hoteleko logelara, Machu Picchura, Kanoi Handira goaz tita batean. Igarobide horretan, asko jota, jet lag pixka bat edo ordutegi-aldaketa sentitzen ditugula.
Bidaztia —Bariccoren Zeta eleberrian bezala— aberasturik itzultzen zen, jakintsuago, helduago. Batzuetan —Sommersby izeneko filmean bezalaxe— sakonki aldaturik; beste pertsona bat bilakaturik. Eta ez hainbeste helburuagatik, baizik eta ibilbideagatik, helmugara heltzeko bizitako gorabeherengatik. «Saiatu bidea luzea izan dadin», aholkatzen digu Cavafisek Itaka olerkian, baina ez diogu jaramonik egiten.
Gaur egun, Dubrovnik edo antipodetatik itzuli eta maletak hustu bezain laster errutinari, betiko erritmoari heltzen diogu. Ezer gertatu izan ez balitz bezala. Erabat osorik.
En fin.