Makrokartzelak El Salvadorren

Garazi Belaustegi Eraso
2023ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Milaka pertsona,milaka adingabe, atxilotuak ordena judizialik gabe, ia biluzik, tente jarri ezinean, kolpeak eta mehatxuak jasoz, janari errazionamenduekin, metalezko oholak dituzte ohe, eta orain, egunean eguzki izpi bat bera ere ikusi gabe. Biztanleria pozik dagoela diote, babestuago sentitzen direla eta erailketa-tasa %50 baino gehiago jaitsi dela. Heroi berria dugu El Salvadorren. Behin eta berriz formula bera erabiltzen da, eta berriz ere arriskua sumatzeko itsu gaude: lehendabizi egoera desestrukturatua, pobrezia, ezinegona eta beldurra. Gero, salbazioaren bideak irekiko dituen liderraren agerpena. Ondoren, giza eskubideen urraketa bortitza eta honen baliozkotze popularra, propaganda indartsu baten eskutik... Baina, pentsatu al dugu benetan arazoaren muina non dagoen?

Pobrezia maila altuko herrialde batean, bazterreko auzoetan hezitako belaunaldiei buruz hizketan ari gara. Errealitate kriminala jaiotzatik bizi izan duten pertsonak, hauetako asko bertatik ihes egiten saiatu arren, ihes egin izan ezin dutenak, eta badakigu, baita ere, horietako hainbat gaztetatik errekrutatuak, hau da, kriminal talde horiek bahituak izan direla. Pertsona hauek, bestelako egoera ekonomiko eta sozial batean heziak izan balira, kriminalak izango al lirateke? Kontua da ez dugula hauen eguneroko errealitatea kontuan hartzen... Eta bai horietako askok, gehiengoak seguruenik, erailketak, lapurretak, estortsioa eta bestelako krimen ugari egingo zituzten, baina ez dugu ahaztu behar gizakia gizartean bizi dela eta gizarteak hezten duela.

Bestalde, makrokartzela eredu honen agerpena (bai eta kartzela-sistema bera) dagokion marko politiko, sozial eta ekonomikoan ulertu behar dugu. Presoen aurkako tortura sistematikoak bideratzeko sortua izan den instituzio bat da, eta hau ez dugu eraikuntza neutral bat bezala ulertu behar, baizik eta gizarte jakin batean paper jakin bat betetzen duen instituzio bat bezala. Eraikuntzak berak oinarri politiko bat dauka, kartzela mota hori helburu sozial konkretu batzuei begira sortua izan da; eta giza eskubideak bete-betean urratzen dituen teknologia berri baten ezarpena gizarteak ospatu izana, hori da ni arduratzen nauena.

Langdon Winner teorialari politiko estatubatuarrak esaten duen bezala, «teknologia mota batzuek ez dute hainbesteko malgutasunik onartzen, eta hauek aukeratzea bizitza politiko zehatz bat aukeratzea da». Era berean, guk makrokartzela eredu honen alde egiten dugunean, baldintza politiko zehatz batzuk aukeratzen ditugu, gobernuak segurtasunaren aitzakian askotariko eraso legeztatuak egikaritzea onartzen dugu, bai eta, dirudienez, eskertu ere.

Hau esanez, nire asmoa ez da talde hauek zuritzea, baizik eta argitzea El Salvador eta beste edozein herrialde gatazkatsutako egoera sozial kaskarraren kausa nagusia biztanleriaren bizi baldintzen pobretzea eragiten duen gizarte-sistema dela, eta ez kasualitatez, faktore sozioekonomikoetatik abstraituta agertu diren subjektu bihozgabe eta zitalen agerpena. Hortaz, esango nuke Nayib Bukelek sortu duen makro-kartzela, zeinetan presoen bizi-baldintzak benetan zitalak diren, El Salvadorreko egoera sozial kaskarraren konponbidea izatetik urrun dagoela.

Gaur egungo basakeriari, legez babestutako basakeria batez aurre egiten ari zaio; baina zerk babestuko gaitu legezko tortura hauen aurrean, ez badugu pentsatzeko momentu bat hartzen eta mugak berriz ere margotzen? Aipatu bezala, herrialdeko biztanleriaren ezinegonaz eta urteetan bizi izandako beldurraz baliatuz, erraz justifikatzen dituzte kontzentrazio-gune hauetan egiten ari diren gehiegikeriak; gorroto-diskurtsoen bidez presoei gizatasuna kentzen ari zaie, eta ez genuke ahaztu behar legezko krimen sistematikoak ere krimenak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.