Makrojaialdi pribatuen argien atzealdean

2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Azken urteetan makrojaialdien booma bizi izan da panorama musikalean, eta, testuinguru horretan, Bilbok protagonismo handia eduki du «Bilbao BBKLive» festibal ezaguna dela eta. Uztail erdialdean, egun gutxi batzuez, Bilboko kaleak eskuan eskumuturreko koloredunak daramatzaten gazte (eta ez hain gazteen) presentzia nabaria izaten da. Udal arduradunek ez dute beraien aukera galtzen, eta jaialdiak Bilbo eta Bizkaian «aberastasuna» sortuko duela lau haizeetara zabaltzeko abagunea aprobetxatzen dute. Baieztapen horri ordea hordago argi bat egin beharrean gaude: Norentzat da aberastasun hori?

Sistema ekonomiko horren logika zentralari jarraikiz, makrojaialdi pribatu horietan helburua bat eta bakarra da; irabaziak handitzea, mozkinak maximizatzea. Edozein negoziotan bezala, enpresariek — kasu honetan, Last Tour enpresak— dirua inbertitu egin behar dute: artista famatuak, instalazioak, ordainketa sistema modernoak, publizitatea… eta, azkenik, langileak. Sobran dago esatea zeinetan egiten duten inbertsiorik handiena, eta zeinetan txikiena.

1.200 langile inguruk parte hartzen omen dute Bilbao BBK Live jaialdian, gutxi batzuk Last Tour enpresak zuzenean kontratatuak, eta gainontzekoak, gero eta ohikoagoak diren azpikontraten bidez. Azpikontrata horiek erabiltzeak bi helburu ditu: 1- Langileen kontratazioa delegatzea; 2- Enpresa antolatzailearen «izen ona» ez zikintzeko, langileen esplotazio eta prekarizazioa inork ezagutuko ez dituen azpikontrata horiei leporatzea.

5 euro orduko soldatak, 14 orduko lanaldiak, jateko tarterik eza, lan ikuskaritzari gezurra esateko agindua, protesta minimoaren aurrean kaleratzea… Bilboko makrojaialdian agerira atera diren arren, lan baldintza lotsagarri horiek Euskal Herri osoan zehar topa ditzakegun festibal pribatuetan errepikatu egiten dira. Ez da soilik BBK Live jaialdiaren arazoa, babes publikoarekin jaialdi horiek antolatu eta diru beharrez dauden langileak esplotatuz dirutza irabazten duten enpresariena baizik (Baliteke kasualitatea izatea, baina Azkena Rock, BBK Live, BIME eta Donostia Festibalak antolatzaile bera dute).

Last Tour promotoreak esplotazioaren erantzukizuna azpikontraten gain jartzen zuen bitartean azpikontratako langileak gurekin kontaktuan jarri ziren. Horien salaketa argia zen: Last Tour-ek azpikontrataren esleipena egiteko orduan, kontratazioaren prezioaren jakitun izanik, sobran daki,edo 1- ezingo direla eskatzen diren langile guztiak kontratatu, edo 2- kontratatuz gero, horien lan baldintzek lan legedia goitik behera urratuko dutela. Alegia, promotoraren «izen ona» ez zikintzeko esplotazioa azpikontratatu egiten da.

Hori gutxi balitz bezala, Bilboko kasuan jaialdiak 1.400.000 euroren diru laguntzak jaso ditu. Helburua? «Gure hiria sustatzea», eta Bilbo eta Bizkaian aberastasuna sortzea. Last Tour promotorarentzako «txeke zuri» bat, inongo exijentziarik gabekoa, jaialdiaren izenean «Bilbao» hitza agertzea besterik ez. Ziurrenik, laguntza ekonomiko horren faltan, jaialdia bideraezina edo garestiegia litzateke.

Bestalde, jaialdiak hirian «aberastasuna» sortzea bera ere zalantzan jarri beharrean gaude. Bestelako ekitaldietan gertatu bezala, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan geratu da. Gainera, kasu honetan agian esku gutxiagotan, kaletik zihoazen gazte eskumuturrekodun horiek hoteletik/hostaletik Kobetamendirako bidea egiteko baino ez baitute gure hiria zeharkatu. Beraz, tabernak onuradun atera izana ere zalantzan jarri beharrean gaude, etekinik handienak (berriz ere) hoteletan eta Last Tour promotorean bertan geratu direlarik.

Laburbilduz, makrojaialdi pribatu horietan, milaka eta milaka pertsonak ondo pasatzen duten bitartean, enpresari gutxi batzuek diru publikoaren bidez etekin handiak lortzen dituzten bitartean, barraren bestaldean, segurtasunean, garbiketan… diru beharrez lan baldintza lotsagarrietan lan egitera behartuta dauden ehunka langile topa ditzakegu. Jaialdiak modan dauden garai hauetan ezin dugu ahaztu festibal horiek baino «trending»-ago dagoela lan esplotazioa eta langileen prekarizazioa. Ez diegu erantzukizuna kontsumitzaileei eskatuko, argi baitugu horren erantzuleak enpresariak eta instituzioak direla, baina gure partetik ere jarrera kritikoa eta elkartasuna ezinbestekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.