Makiavelo (1469-1527) modan?

Resu Abasolo eta Juana Lopez de Munain
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Zergatik datorkigu burura Makiavelo? Zerk piztu du gure memoria? Agian, egungo egoerak antzekotasuna izango du XV. mendeko egoerarekin? Adibide ugari ekarri genezake Makiaveloren pentsaeraren gaurkotasuna baieztatzeko. Zergatik hainbeste erreforma lanean, ekonomian, heziketan, ohituretan...? XV. menderantz hurbiltzen joateko?

Nikolas Makiavelok El Principe liburua printzeen heziketari eskaini zion. Bertan, printzeek izan behar duten boterea zer-nolakoa izan behar den idatzi zuen; autoritarioa, absolutua, bere menpekoen bizitzen eta ondasunen jaun eta jabe. Bere ideologiaren xedea da boterea izatea: nola lortu, nola eutsi, nola gehitu, nola mantendu inori konturik eman gabe, salbu, Jainko eta historiari, eta horretarako, denak edo edozerk balio zuen.

Makiavelok printzearen lana printzipio hauetan oinarritu zuen: maltzurra izatean, ondasun-gose agertzean, errespetua sortzean eta ezeri beldurrik ez izatean. Aldi berean, justifikatu egiten zituen bertute eta jokaera horiek, gutxi batzuei kalte egiten zielako. Kontrako ezaugarriekin aginduko zuketenen ondorioek, ordea, jendetza handiari kalte egingo zioketen.

Ez da Makiavelo bakarra izan printzeen heziketaz arduratu dena Pedagogiaren historian. Zientzia horrek, pedagogiak, kapitulu zabalak eskaini dizkio printzeen heziketari. Heziketaren xedea goi mailako jendea zen: printzeak, errege-erreginak, aristokrazia... Baina, hasieran esan dugun bezala, gure memoria piztu egin da, gaurko printzeek jokaera eta jarrera berberak barneratuak dituztelako eta horren arabera jokatzen dutelako. Jaun eta jabe sentitzen dira.

Zeintzuk dira, ba, gaur egungo «printzeak»? Ez, ez dira klasikoak bakarrik. Nola, ba! Gaurko printzeak, horiez gain, multinazionalen jabeak, finantza-buruak eta goi mailako politikoak dira. Eta zer-nolako heziketa jasotzen dute? Ustez hoberena. Gehienetan ikastetxe eta Unibertsitate elitistetan, pribatu eta erlijiosoak gehienak; ustez eskolatze hoberena eskaintzen duten toki garestienetan, eta, kasu guztietan, etika katolikoaz jantzita. Hau da, jarrerak eta portaerak etika horretan oinarrituta. Eta, halako heziketa jasota, nola, bada, Makiaveloren jokaerak? Zein da euren portaeraren benetako oinarria? Etika katolikoa edo Makiavelok XV. mendean azaldutako printzipioak? Aberastasuna, boterea, itxura, gehiegikeria...

Makiaveloren etikan aipatutako jarrerek ez zeukaten ondoriorik, baina etika katolikoan hezitakoek oker baten ondoren barkamena jasotzeko konfesatu eta damua agertu behar izaten zuten. Eta zer esan lapurreta eta iruzurra gizarte oso bati egiten zaionean? Etika katolikoak indarra jartzen du beste ekintza batean. Hau da, hasteko, lapurtutakoa itzultzean. Egindakoaz jabetu eta jokaera aldatu.

Gaur egun, Oinarrizko Hezkuntzan, PISAren (Nazioarteko ikasleen balorazioa) emaitzak egokiak ez direnean, ikasleak dira nagusiki errudunak. Eta, sistema ekonomikoa hankaz gora jartzen denean, zein da erruduna? Agintari ekonomikoek ez dute bermatzen guztion ongizatea eta guztion ongizateaz arduratu behar direnak, agintari politikoak, belaunikatuta daude agintari ekonomikoen esanetara.

Zerk bultzatzen ditu agintedunak horrela jokatzera? Bost mende geroago eta Makiaveloren printzipioek jasotako heziketari gain hartzeko? Botereari eutsi eustearren eta izatearren, eta ez gainerakoen ongizatearen alde egiteko. Zeren aurrean gaude? Agintea heziketarik ez duen jendearen esku dago edo heziketa ezin hobe horren porrotaren aurrean gaude?

Makiavelok ez bezala, ohiko tribunalek esango dute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.