Ane Labaka Mayoz.

Maite

2019ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Lagun batek irribarrez kontatu ohi du umetan uste zuela norbaitek beste norbait gustuko bazuen beste norbait horrek ere norbait hori gustuko izan behar zuela nahitaez, automatikoki. Gerora ikasi du, ordea, usteak erdia ustel duela. Eta maitasunak, beste erdia.

Pentsa, ni neu ere nire gurasoak betitik elkarren bikotekide izandakoak zirela sinetsita jolasten nintzen sokasaltoan «aita, ama, zenbat urterekin ezkonduko naiz...» arnasestuka kantatzen nuen bitartean. Ohartzerako, Disney-ko pelikuletako mezu subliminalez, algodoizko hodeiez, Kupidoren geziz eta bihotz odoltsuz hornitutako iruditeriaren parte bilakatu ginen.

Urtebetetze festetako karaoke inprobisatuetan Betizu taldearen Lokaleko leihotik abestu genuen ahotsa urratzeraino eta gelako mutil (nahitaez mutil) makarrenarekin maitemindu ginen lehen aldiz, aurreko ikasturtea errepikatu zuenez gu baino urtebete zaharragoa zenarekin; etxeko lanak egin ez eta irakasleei beti kontra egiten zienarekin.

Oraingo betaurrekoetatik begiratuta absurdoegiak liratekeen jokoekin igaro genituen patio orduak, zenbaki bat aukeratu, zotz egin eta elkarri norekin ezkonduko ginen, harekin zenbat ume izango genituen eta non biziko ginen igarri nahian. Adibidez, gorputz hezkuntzako irakasle gazte guapoarekin, sei ume, Txinan.

Azal eta mami arrosazko aldizkarietako testak ere bete genituen aspertu arte, erakartzen gintuen mutilarentzat erakargarri izan gintezen eta berak betirako maitatu gintzan egin beharrekoen jarraibideak buruz ikasiz.

Kleenexak eskuan negar egin genuen Los Serrano, Física o Quimica eta Hasiberriak telesailetako bikote haustura bakoitzarekin. Poesia izan nahi zuen zerbait zirriborratu genuen hartzailerik gabeko eskutitzetan. Kasurik ausartenetan, koloretako notatxoren bat utziko genuen estutxeren baten barruan.

Paraleloki, fotolog-ean guk idatziak bailiran kopiatu genituen abestirik melodramatikoenen hitzak: «Zu gabe, ez naiz ezer. Zu gabe, zertarako bizi? Bizitza honetan ditudan helburu guztiak ez dira ezer lortuz gero zurekin konpartitzen ez baditut». Edo «askok laugarren begiradatik betirako dirudite, bazkalosteko kafeak bezain usain goxoa daukate, nik zurekiko dudana ere halakoa litzateke».

Nerabeen arteko ezinezko amodio istorioak kontatzen zituzten liburuak irentsi genituen elkarren segidan. Printze urdin perfektuak, defekturik gabekoak, orri haiek zeharkatu eta gure bizitzara jauzi egiteko esperoan amestu genuen gure lehen musuarekin. Nonbait hala esan zigutelako sinetsi genuen lehen musu hartan ezkerreko hanka lurretik bost bat zentimetrora altxatu behar genuela eta denbora tarte laburrean gertatuko zela aurreikusi genezakeenean amari exijitu genion artean ikusezinak ziren gure biboteko bi iletxo haiek argizariz depilatzeko. Hala, lasaiago eman ahal izan genuen gure ametsetako lehen musua, demagun, Donostiako Haizearen orrazian.

Hala kantatu genion Eskolarteko Bertsolari Txapelketako agur batean «ezin dut zu gabe bizi» bizitzako aurreneko mutilari (nahitaez mutilari). Hala egin genuen larrutan lehen aldiz, demagun, zehatz aurreplanifikatutako Urtezahar gau batean.

Eta hala joan zaigu orain arteko bizitza ere. Maitemindu, desmaitemindu, bimaitemindu (Posible al da birekin batera?), bermaitemindu... Maite, mindu. Ez-dut-inork-ni-ukitzerik-nahi intolerantzia faseak pasatu ditugu eta gehiegizko antsietatez bizitako uda-honetan-mundua-jatera-noa faseak ere bai.

Tartean San Valentin gillotinaz erail dugu gure herriko plazan eta bihotzak okaztatzen dituen neskato baten pintadak egin ditugu hormetan. Gure ingurukoak mutil lagunarekin eta bankuarekin sinatutako hogeita hamar urterako hipoteken bidez ezkontzen ari diren bitartean, polimaitasunari buruzko artikuluak irakurtzen dihardugu. Adinkideen haurdunaldiak ugaritu ahala gure apalategian dagoen Mari Luz Estebanen Crítica del pensamiento amoroso liburua gero eta hauts geruza zabalagoa pilatzen ari da.

Konplizeekin konpartitu dugu maitasun erromantikoaren eraikuntzaren arkeologia hau eta bakarka ere amodiozko autobiografien analisi sakonak egin ditugu. Geure buruari aitortu diogu genero-sistemak bete-betean gurutzatzen duela gure desira (ere). Interesgarri zaizkigun neskak kafe bat hartzeko edo parrandarako adiskidetzat nahi genituzkeen artean interesgarri zaizkigun mutilak ohekide posibletzat kodifikatzen ditugula ondorioztatu dugu.

Teoriaren izenean praktikak blokeatu ditugu maiz, koherente izan nahi horretan. Joder, maitemintzen ari naiz. Sentitu nahi ez genituen bizipenek gain hartu diote beste askotan gure diskurtsoari. Joder, uste dut jeloskor nagoela.

Hala ere, kudeaketa brigadak antolatu ditugu beharra izan dugun aldiro eta barre egin diogu gure barruko dramaqueen-ari. Harreman bakoitzetik ikasten ari gara. Eta ez digu lotsarik ematen gominolazko igandeetan pelikula erromantiko melengekin negar egiten jarraitzen dugula aitortzeak, ez eta ezein egunetan arrosa sorta bat oparitzeak ilusioa egingo ligukeela aitortzeak ere.

Modu osasuntsu batean elkar maitatzen saiatzen ari gara. Pasioz.

Animo. Lortuko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.