Maite zaituztegu

Itziar Arrizabalaga, Tomas Karrera,, Maritxu Uzkudun, Juan Mari Gabirondo, Juan Carlos Arruti
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Distantzia guztiak ez dira kilometrotan neurtzen. Puerto de Santa Maria, Fleury edo Clairveux oso gertu edo oso urrun egon daitezke geure burutik; are gertuago edo urrunago gure bihotzetik. Denok dakigu, lege unibertsala delako, maitasunak distantziak murrizten dituen neurri berean, gorrotoak handitzen dituela.

Espetxeratuak ez ditu distantziamenduak ondo neurtzen, ez kilometrotan, ez denboran.

Urruntasun kilometrikoari dagokionez, presoak konturatzen dira inguruko ezaugarri kulturalaz, ez baita berdina Sevillan edo A Laman, Rennesen edo Fresnesen egon. Baina soilik imajina ditzakete senideen esfortzua eta nekea. Eta, sarritan imajinatzen badute ere, kilometroak ezin dituzte murriztu. Espetxeratuek hurbil dute Euskal Herria, buruan zein bihotzean, egotea dagokie beraiei, ezin dira mugitu dauden itxiturako metro karratu horietatik. Senideen nekea eta esfortzua beraiei soilik dagokie, senideek pairatzen dituzte urruntasun fisikoaren ondorio ia guztiak.

Denborazko urruntasunari dagokionez, espetxeratuak hori ere ezin du neurtu, ez baitute tresnarik baloratzeko denborak zer aldaketa ekarri dituen naturan, hirian, politikan... Oso harreman murriztuak dituzte, estatuak hala inposatzen dielako. Euren denbora erreferentziak kalean zeudeneko garaikoak dira. Eta egunez egun, denboraren distantzia handitzen doa.

Espetxeratuek beren hurbiltasun propioa bizi dute egunero. Harremanetan Isolamendua, zentsura eta murrizketak aplikatzen dizkiete; osasun jarraipena, patioan egoteko orduen muga, etab... sailkatuta dago, kontzentrazio eremuen eredu eraginkorretan oinarriturik. Hauek dira espetxe politikaren ardatz nagusiak, bai Frantzian eta bai Espainian.

Euskal preso politikoei aplikatutako espetxe politika Franco hil aurretik zegoena da, baina Franco hil ondoren zorroztuagoa. Ondorio nabarmenak utzi dituena: preso eta senide hilak, ondorio psikologiko eta fisiko larri eta gaindiezinak dituzten preso ohiak eta hauen senideak...

Eta espetxe politika honen aurrean zer errelato egiten du EAJ-PNVk? Zein izan da Eusko Jaurlaritzaren portaera espetxe politika honen aplikapenean? Eskuduntzak ez dituela? Edo, banderizoen garaietan egongo bagina bezala, bere ardura ez dela, ezker abertzaleko presoak direlako?

Zuri beltzeko errealitateak ezin dira margotu. Horregatik, behin eta berriz saiatuta, borrokatuta, euskal presoak grisen artistak dira. Arlo honetan, EAJ-PNVren zuloak nabariak dira,berunezko urteetan bezala gurinaren urte hauetan, Eusko Jaurlaritzak Espainiako zein Frantziako espetxe politikan eragiteko inolako asmorik ez du erakutsi. Sakabanaketa orain dela 21 urte martxan jarri zuten eta EAJ-PNVk amen esan die Madrilgo espetxe zigor politika guztiei. Ez espetxe politika propioa izateko desira, katalanek bere garaian egin zuten moduan, EAJrentzat subiranistegia izan daitekeelako. Ez, dagoenean eragiteko, aldaketa minimoak lortzeko asmorik ez du erakutsi orain arte. Eta, tamalez, ez du erakutsiko aurrerantzean ere.

Ziurtzat eman dezakegu, PPren gobernuek ahaztu dutela politika penitentziarioaren helburua presoak gizarteratzea dela. Erakunde armatuak orain dela bost urte su-eten iraunkorra eman zuenetik, dagoeneko erakunde desarmatua denean, zer helburu du sakabanaketak? Eta kartzelan mantentzeak? Baita PPk ere badaki euskal preso politikoak ez direla espetxera itzuliko, ez dutela legea urratzeko asmorik, zergatik mantentzen ditu urruntzea eta legedi penitentziario berezitua? Sakabanaketa mantentzeak ere politiko bihurtzen ditu euskal presoak.

Eta zer negoziatu du EAJ-PNVk, aldebikotasunaren bidea zein aproposa den erakutsi nahi digun alderdiak, aukera izan duenean? Zeintzuk dira aurrekariak? Aznarrek gehiengo absolutua ez zuenean, zer negoziatu zuen EAJ-PNVk? Kupoaren munta. Zer negoziatu du egun hauetan? Kupoaren munta. Madrilen, EAJ-PNVk zulorik ez poltsikoetan, omen.

Denok dakigu gorrotoak handitzen dituela distantziak, baina distantzia handienak ahanzturak eta axolagabekeriak markatzen ditu beti. EAJ-PNVk badu ispilua bere irudiari begiratzeko.

Ahanzturan eta gorrotoan ez dago irtenbiderik. Hau ondo dakite sufritu duten guztiek. Eta gure herriak irtenbideak behar ditu, presoek eta senideek barne, gatazkaren ondorioak gaindi ditzagun. Baina irtenbide politikoak gauzatzeko garaian ahanzturari ahanztura eta gorrotoari gorrotoa kontrajartzea beharrezkoa da. Eta merkatarien sasi proposamenak zakuan itxi.

Amaitu dira txanpon eta beheraldien garaiak. Bada gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea emateko tenorea. Euskal Herriko agente politiko, sindikal eta sozialen arteko ituna lortzeko garaia da. Presoen, biktimen eta torturatuen eskaerak beteak izan daitezen prozesu politikoa diseinatzeko ordua da. Euskal preso politikoei dagokionez, sakabanaketaren amaieratik espetxeak husteraino.

Ez dago aitzakiarik. Lehen urratsa egingarria da gaur bertan, euskal preso guztiek baitute Euskal Herriko espetxeetan egoteko tokia.Borondatea eta maitasuna dira beharrezkoak. Maite zaituztegulako Euskal Herrian nahi zaituztegu. Maitasunik gabe ez baitago bizitzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.