Urte zailetako euskal kantagintzaren hasiera hartako kantaria, 1969an Ugao jaioterritik alde egin behar izan zuena. Halabeharrekoa bere patua, Paulo Iztuetak oraintsu idatzitako idazki gogoangarrian, zera dio: «Arrazoia? Erakundeko ekintzaile bat larriki zauritua izan zela eta harentzat sendagaiak lortzen ahalegindu zela». Mutil zauritua, Pauloren loba.
Parisen urte batzuk. Jokin Apalategi ezagutu eta betiko eta betirako bizikide izan zuen, eta lasterrera, Ur semea jaioz batera, Euskal Herrira etortzeko gogoa piztu zitzaien. Bizi behar eta Zabal liburu denda Auzolan izpirituarekin sortu zuten.
Eta geroztik Ipar Eskal Herrian hainbat disko, kantu eta kontzertu eman ditu. Eta euskara eta euskal kultura bizibide. «Kantuarekin hobeto espresatzen naiz», zioen Maitek. Kantatzea bere pasioa zen, eta kantagintzaren ale gazi-gozoak, batekoak eta bestekoak, frogatu eta bizi izan ditu, beti bakarlari gisa, eta Ortziken talde eta ikuskizunaren partaide ere izan zen.
Eta hasiera hartako norabideak frogatu eta egindakoa ahaztu gabe, Baionako kontserbatorioan hasi, hezi eta genero klasikoan soprano gisa jardun zuen urte askotan. Euskal errepertorio klasikoa berreskuratuz eta hedatuz batik bat. Bere herriarekin eta denborarekin konprometitutako kantaria izan dugu eta bere merezimenduzko lana eta etekina aipatzea, goratzea eta gogoratzea dagokigu.
Emakume irribarretsua, kantuan eta herrigintzan hainbat lan egindakoa, euskal kantagintzaren urte luzeetako kantuen ordezkaria badugu ere, berak aitortutako elkarrizketa batean barru-barruko sentipena agertarazi zigun, errekonozitua ez zegoela sentitu zuen. Gertatzen ohi den legez, nahiz eta ekimen eta ibilbide luze eta begirunetsukoa izan, modak badirudi aurreko guztia baztertu edota isilarazten digula. Eta erakundeek eta hedabideek ere sarriegitan ez dutela izan garenaren, egin dugunaren eta gure nondik norakoaren premiarik eta gogorik sentitzen.
Eta esan behar, honetan ere, euskal kulturaren programatzaile asko eta asko gure kulturatik at bizi direla, ez dutela berau bizi; eta, jakina, bizi ez duenak ez du sentitzen. Badirudi horien buruetan honako hau dabilela: unean unekoa agerrarazi eta gure sustraien bila dabiltzan horiek, ez dituztela gogotan hartu nahi. Hauxe da bizi duguna eta berari horien afana... beraz, ze ekarpen eta ekarpen ondo!
Emakumeen mugimenduan ere garaiari aurreratuz, bere ekarpenak egin zituen Maitek, berak esana da: «Euskal iraultzan emakumeak eskubide berdinak ez badituzte eta libroak gertatzen ez badira, ez da benetako iraultza izango».
Eta sentipenetara etorriz, Maite Idirinen beste ekarpen handienetarikoa gure kantagintzaren geroa izan zen. Euskal kantagintzaren elkartea sortu baitzuten Maite Idirinek (Lapurdi), Errotaberek (Nafarroa Beherea) eta Niko Etxartek (Zuberoa), Eñaut Larramendi elkartearen lehendakaria zelarik... Bizkaian Juanjo Zelaia genuen buru.
Asmo eder hau, etorkizuneko kantari berriak ezagutaraziz, lagun eta akuilu izanik, berauen bide berriak bultzatzea zen. Hainbat urtetan egin izan da eta Maite fundatzailea eta kantari berrien suspertzailea izan den aldetik, bere ekarpen handia gogoan hartzekoa eta baloratu beharrekoa dugu. Neuk ere, Juanjo Zelaia bizkaitarrak eskatuta, noizbait Maiterekin batera epaimahaikide izateko zortea izan nuen.
Ez nuen Angelun egindako azken agurrera joaterik izan, baina esan didatenez oso omenaldi ederra egin dizute, Maite, eta jakina, zure ibilbidea goraipatuz, aintzat hartu zaituzte. Euskal kulturaren beroan, beti gogoan Maite.