Maitasuna kolektibizatu

Naia Kortaberria
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Gogoan dut A tres metros sobre el cielo pelikula lagunekin zineman ikusi nuenekoa. Gogoan dut nola iritsi nintzen etxera: «izugarri gustatu zait, nagusiagoa naizenean ea norbaitek modu horretan maitatzen nauen» pentsatzen nuen nire kolkorako. Pelikulako bi protagonistek (bikote heterosexuala dira) «maitasun proba» konstanteak egiten dizkiete elkarri. Norgehiagoka konstante bat da pelikularen ardatza. Nork maite duen nor gehiago, nor dagoen bere lagunartea uzteko prest maitasunagatik, bietako nor dagoen izaera aldatzeko prest bikotearengatik, nor dagoen liskarrak izateko prest....Berdin gertatu zitzaidan beste hainbat pelikularekin, gure belaunaldian eragin handia zuten filmak ziren. Garai hartan hamahiru-hamalau urte izango nituen, eraikuntza prozesu betean zegoen zalantzez jositako gorputz bat nintzen, baina ordurako barruraino irentsiak nituen maitasun erromantikoaren ertz guztiak, eta banuen argi gauza bat: halako bikote bat nahi nuen niretzat.

Hau horrela ikusita, muturreko egoera bat balitz bezala uler dezakegu. Baina pentsatzen hasiz gero, erraz topa ditzakegu pelikula hauetan ikusitakoak bezalako adibideak gure eguneroko bizitzan: nor ez da zoratzeraino maitemindu apenas harremanetan hasia den pertsona batekin? Nork ez du bizi izan maitasuna droga baten parekorik? Nork ez ditu bere balio edo printzipioak alde batera utzi, beste pertsona baten desirak asetzeko?

Maitasun erromantikoaren arabera, sentimenduak berezkoak edo «naturalak» direla esaten digute, kontrolaezinak balira bezala. Erraietan zerbait sentitzen badut, zergatik egin kontra barruko sen horri? Feminismoak erakutsi digu, ordea, desira ere eraikia dela eta gure sentimendurik sakonenak ere zapaltzen gaituen sistema heteropatriarkalak gorpuzten dituela.

Mugimendu feministari esker, azken urteotan asko arrakalatu da maitasun erromantikoa. Iraganean neskok irentsi ditugun kantu, ipuin eta mezuei mozorroa kentzen lagundu digu. Eta ahora eraman ditugun koilarakada guztietan agerian geratu da harreman eredu honetan genero rol handiak existitzen direla: emakumeok zaintzaile papera dugu, menpekoarena, bestearengatik sakrifikatu behar denarena. Gizonak, aldiz, zainduak izateko papera dute, boteredunaren papera, eta harremanaren erdigunea hartzen dute.

Dirudien baino askoz konplexuagoa da irentsi dugun hori. Gaztaroan jasotzen dugun mezu bakoitzak aurpegi ilun bat dauka: «Zure laranja erdia existitzen da» bezalako esaldi batek «Izan zaitez kodependente» bezalako ideia ezkutatzen du. Gaztaroan eraikitzen dugu gure identitatea, eta orduantxe bonbardatzen gaituzte «guztiz osoa» izateko eta gure nerabezaroak zentzua izan dezan, maitasun istorio intenso bat izan behar dugun sinesmenarekin. Emozioz eztanda egiteraino beteko gaituen bat, alegia. Baina ez digute kontatu, bikote-harremanetan aintzat hartzen ditugun lege horien barruan jeloskortasuna, kontrola edota konsentimendurik eza, ager daitezkeen bidelagunak direla. Ez digute kontatu, baina bizitzea tokatu zaigu eta feminismoari esker identifikatu eta politizatzea lortu dugu.

Azken finean, maitasun erromantikoak guztiz baldintzatzen du neska gazteon bizitza, guk pairatzen baitugu harreman eredu honen alde iluna. Eskema hauetan oinarrituriko harremanak eraikitzeak bikote harremanei erabateko zentralitatea eman eta gure inguru sozialetik aldentzera garamatza, harreman horrekiko dependente bihurtuz. Modu horretan, gure autoestimua are zaurgarriago bihurtzen da, eta segurtasun falta gure gorputzetan errotzen doa. Ez da kasualitatea nerabezaroan bikotekidea duten horrenbeste neska* gazte isolatu eta lagunik gabe gelditzea, bikote harreman toxiko batean harrapaturik.

Sistema erreproduzitzeko jokoa ezin hobeto eraiki dutela pentsatzen dut batzuetan. Kanpora begiratzea ere ahaztu zaigu. Leihoak eta arnasguneak itxi nahi dizkigute, baina zirrikituetatik adi begiratuz gero, edozein lekutan ikusten ditut maitasun eredu honen zantzuak: 3 gelako etxebizitzak, 5 edota 7 plazako (umeen lagunak gonbidatzeko) autoak edota 4 pertsonarentzako mahaiak. Den-dena familia nuklearraren neurrira. Batzuetan ez gara ohartzen zein tresna baliagarria den indibidualismo basatira bultzatzeko eta jabetza pribatuaren ideia egonkortzeko. Esan dezagun argi, gure harremanek bizitzak horrenbeste baldintzatzen badituzte, zergatik ez ditugu hauek behingoz politizatzen? Mugimendu feminista aspaldian dabil esaten «pertsonala politikoa dela», ondo baitakigu sistemaren besoak gure bizitzako esparru guztietara iristen direla, eta gure eginkizuna hauek identifikatu eta desegitea da. Baina nola?

Maitasunaren definizioa birformulatu behar dugu, gure desirak berreraiki, gugan sortzen diren emozio eta sentimenduak naturalak eta berezkoak direla zalantzan jarriz. Zentzu honetan, erromantizismoaren ideiari buelta eman behar diogu, joko arauak hankaz gora jarriz eta honen gaineko kontzepzio berri bat sortuz: erromantizismoa menderatzaile-menderatu logikatik deslotu eta elkarren zaintza eta errespetua bezalako balioen gainean berreraiki behar dugu, harreman horiekiko grina eta irrika piztuz. Txikitasunetik eragiteko gaitasunean sinestu behar dugu, harremanen gaia problematizatuz eta pertsonala politiko bilakatuz, eraldaketa gugandik hasten baita. Maitasunak jokatzen duen papera gure harreman guztietara ireki behar dugu, harreman afektibo sexualetatik haratago, eta, honetarako, ezinbestekoa da gure inguruan gai honi buruz hitz egin eta eredu berriak eraikitzea, konfiantzan, hartu-emanean, kolektibotasunean eta laguntasunean oinarrituko direnak. Pixkanaka harreman sare trinkoak sortu behar ditugu, gure behar afektibo eta sozialak sostengatuko dituzten sareak, eta komunitate indartsu eta osasuntsuak eraikitzeko oinarria jarriko dutenak. Feminismoak eman dizkigu tresnak, orain guri, denoi, dagokigu bidea egiten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.