Maila egiaztatzeko deialdiak direla-eta

2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
HABEk dagoeneko jakitera eman ditu euskara mailak egiaztatzeko deialdiaren ebazpena eta horren gaineko jardunbideak. HABEren arduradunen lehenengo asmoa (diru arazoak tarteko) deialdi bakarra egitea izan zen, eta, hori ikusita, Euskaltegien ordezkariok deialdi biak mantentzeko eskatu genuen. Horren ondoren, eztabaida prozesu luzea izan dugu eta, azkenik, aurtengo deialdiak arautzen dituen ebazpena atera dute. Aurreko urteekin konparatuta, aldaketa nabarmenak daude. Horietako zenbait onerako ere badira:

Batetik, trebetasun hartzaileak (entzumena eta irakurmena) Euskaltegietan ebaluatuko dira, beraz, ez dira azterketa egunean egin beharko. Euskaltegietan egindako proba horiek egiaztapenaren parte izango dira.

Zalantzarik gabe, ikasleengan sortzen den presioa murriztu egingo da, eta arreta euskara ikastean jarriko da, ez horrenbeste kanpo-azterketan.

Bestetik, idazmen probaren emaitza bigarren deialdirako gordeko da, hortaz, ekainean mintzamena gainditzen ez duenak mintzamen proba baino ez du egin behar izango 2. deialdian.

Argi dago bi kontu hauek, ikasleei begira, aurrerapauso handiak direla, zenbait gaitasun euskaltegian bertan ebaluatuko direlako eta, idazmena gaindituz gero, bigarren deialdian proba bakarra egitea lasaigarria delako. Era berean, ebaluazioaren parte bat Euskaltegietan egin ahal izateak gure jarduera eta gaitasunaren aitorpena dakar.

Gure ustez, hutsuneak hutsune —ikasturtea urrian hasi bazen ere, ez dugu ebazpenaren nondik norakoa martxoaren hasiera arte jakin—, ebazpen berria aurrerapausoa da; euskara ikasteko hautua egin duen ikaslearen onerako da, azterketaren prozesua errazten duen heinean.

Bestalde, azterketen antolaketarekin lotuta egon ez arren, Eusko Jaurlaritzaren 2012. urteko aurrekontuetan maila gainditzen duten ikasleen artean bekak banatzeko diru-laguntzetarako partida kendu dutela salatu nahi dugu, beste behin. Erabaki honek zuzen-zuzenean eragingo du ikasleen poltsikoetan. Izan ere, ezin da ahaztu gaur egun euskara ikasteagatik diru asko ordaindu behar dela. Arrazoia: krisi ekonomikoa. Hori da etengabeko aitzakia. Krisia dagoela ukaezina da, baina euskara ikasteko orduan laguntza guztiak behar-beharrezkoak dira. Orain arte, ikasleek maila gainditzeagatik jasotako laguntza hori baliatu dute, hurrengo ikasturteko matrikula ordaintzeko eta beraien ikas-prozesuan aurrerapausoak ematen segitzeko. Laguntza txikia izan da, baina hemendik aurrera hori ere ez dute izango eta, ondorioz, berreuskalduntzeko ahaleginak zaildu egingo zaizkie.

Saiakerak egin ditugun arren, aurrekontuei zuzenketa partida hori berreskuratzeko, esaterako, ez dugu lortu emendatzea. Gure aldetik, partida hori berreskuratzeko eta handitzeko lanean jarraituko dugu, uste sendoa baitugu euskara ikasten hasten den herritarrak dohainik egiteko eskubide osoa duela.

Amaitzeko, ikusirik behin eta berriro esaten dela euskaltegiok estrategikoak garela euskararen normalizazioan, zuzeneko deia egiten diegu Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikaren arduradunei irailean, matrikulazio-kanpainan, euskaltegietan izena ematen dutenei begirako laguntza ildo bat zabaltzeko. Sektorea sustatzeko, ekimen asko jartzen dira abian; horrelako baten bidez, esanetik ekintzetara igaroko lirateke EAEko agintariak.

Testu hau honako hauek sinatu dute: Mertxe Mugika (AEK), Marivi Zubiaga (Aurten Bai) Entzi Zubiri (Bai&Bay) eta Mertxe Luzuriaga (Deustuko Euskal Irakaslegoa), Juan Carlos Murillo (Elkarlan), Gotzon Garitaonaindia. Pili Zerain, Jon Zabala (IKA), Josemi Vidales (Labayru), Mikel Barrios (Leizaur), Marian Bidegain (Maizpide).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.