Maiatzean salatari, irailean gezurti

Estitxu Garai, Sonia Gonzalez eta Idoia Santisteban
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Kaikuk oraindik ez du eskatu bertan behera gera dadin gure aurkako salaketa, proposatutako zigorra eta gure etiketan gaztelania sartzera derrigortu gaitzakeen prozedura; nahiz eta ezagutzen dituen bere idazki salatzaileak Euskal Herria Esnea kooperatibari euskara hutsez etiketatzeagatik ekar diezazkiokeen kalteak eta isunaren itzelezko diru-kopurua. Geuri behintzat ez zaigu ezer helarazi.

Euskal Herria Esneak euskararen alde eginiko apustu irmo eta ausarta bere kontra erabiltzen saiatu da denuntzia sinatu duen Kaikuren buruzagia —gure ustez, berau baita da arduradun bakarra, eta ez Kaikuri esnea ematen dioten baserritarrak—. Isunen bidez proiektu hau zapuzten saiatu dira, ezberdina delako, eredu berria aldarrikatzen duelako: baserria, euskara, berdintasuna, elkartasuna, ekologia eta autogestioa ditu zutabe nagusi, baserritarrak besterik ez dira partaide, guztiek —txiki zein handi— prezio bera jasotzen dute esne litroaren truke, eta sekula ez da jausiko baserritarrak baztertuko dituen Suitzako edo Italiako multinazionalen, banketxeen edo bestelako erakunde publiko edo pribatu boteretsuen esku. Ekimen hau ez da garapen bidean dauden herri behartsuak kolonizatzera joango. Kaikuren helburua euskal konpetentzia zilegi berria desagerraraztea zen, kolokan jartzen baitu herri honetan hartu duten posizio oligarkikoa. Isuna ordaindu ezinik hondoratu nahi gaituzte, eta, nolanahi ere, beste hizkuntzetan etiketatzera derrigortu, horrek dakarren gehiegizko gastuarekin, ontzi zaharrak bota eta berriak sortzea benetan garestia baita.

Maiatzean, Kaikuk akusatu eta denuntziatu egin gintuen, eta irailean, gezurretan dabil —eta badaki gezurretan dabilela— dioenean bere salaketa ez zela etiketengatik izan. Iritzi-publikoari bere eskariaren zati garrantzitsu bat ezkutatu dio: etiketatzea aztertzeko eskatu zuen. Azterketa horren ondorioz eratorritako emaitza ofiziala: euskara hutsez egoteagatik isun larriajartzeko proposamena (30.000 euroraino). Bestalde, trazabilitatearen (esnearen jatorriaren) bermea eskatu zuten, eta ikuskapena egin ziguten bai hemen, bai Soriako ontziratze zentroan. Emaitza ofiziala: esne guztia Euskal Herrikoa. Gure izenarengatik ere kexu ziren, baina horrek ez du ondorio zigortzailerik izan.

Esan eta idatzitako xehetasun guztiak bere horretan mantentzen ditugu. Egia biribila da dioguna, eta froga gisa aurkezten dugu EITBk eginiko bideoa (interneten duzue eskuragai), non hitzez hitz dioten denuntziari buruz: «Bertan ez da inon agertzen, ez zaio erreferentziarik egiten euskarazko etiketatzeari», eta bien bitartean bideoan bertan ikus daitekeen salaketa-idazkian (12-5-8) honakoa eskatzen dute: «Aurretik esandako guztiarengatik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ikuskatzeko aipatu produktuaren komertzializazioa eta etiketatzeari buruzko legediaren betetzea». Eskari horrek jarri du martxan isuna. Lakuako gobernuak bazekien euskara hutsez etiketatzen genuela, bi baserritarrek maiatzaren 5ean gure euskarazko ontzi elebakarra erakutsi eta eman baitzioten Gasteizeko Gobernuko Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Zuzendariari. Guztiaren berri izan zuen: euskal esnea zela, Sorian ontziratutakoa, eta euskara hutsez saldu eta etiketatuko genuela. Jaurlaritzak ez zigun inolako prozedurarik ezarri maiatzean Kaikuren salakeriak eskatu zion arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.