Irakaslea

Maiatzaren 17ari jarriko al diogu 10?

Ander Machain Blasco
2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Esan ohi da iritzi guztiak errespetatu behar direla; egia ote? Benetan al da errespetagarri iritzi oro? Ez ote da mantra hori erosotasunean eskuak zikindu nahi ez dituenaren ihesbide labur eta elegante bat? Biharko egunez, 1990. urtean Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea munduko gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela ospatzen dugunean, erantzun behar izaten ditugu horrelako galderak, askotan errespetu gutxi-askorekin eginak, gainera.

Espainiako esfera mediatikoan gorroto diskurtsoen gorakada nabarmena da irizpide txikiena duenarentzat; hala ere, diskurtso horien sinesgarritasuna zalantzan jartzera gonbidatzen dut nik irakurle oro: matrimonio gaztelaniazko hitza nondik datorren azaltzen duen sasi-hizkuntzalari edo sasi-etimologo jakintsuak, LGTBIQ+ komunitatekook nola sentitzen garen azaltzen duen hetero asko, erlijioaren (edo erlijioen) izenean hitz egiten duen baina zazpi bekatu kapitaletatik lau esateko gai ez diren xaman ugari eta horrelako eztabaidak jada modaz pasatu direla esaten duten mutil-zuri-hetero-dirudunak.

Hala ere, horrelako haserre tonuarekin idatzi beharreko kontuak al dira gaur egun? Bada, Nazio Batuen Erakundeko 70 herrialdek zigortzen dute homosexualitatea, horietatik hamar inguruk heriotza zigorra ezartzeraino. Gertuagoko datuak ere ez dira pozik egotekoak: Espainiako Barne Ministerioaren arabera, gorroto delituen herenak LGTBIQ+ kolektiboaren aurkakoak dira. Bestalde, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak eta Espainiako eta Portugalgo gobernuek elkarlanean egindako ADIM proiektuaren azken ikerketen arabera, hamar pertsonatik zazpik ezkutatzen dute bere sexu orientazioa edo/eta genero identitatea lan esparruan (bai sare publikoan bai pribatuan).

Gaztetxoei begira jarrita ere, egoera benetan da lazgarria, eskola-jazarpena pairatzen dutenen kasua zuzenki lotuta baitago LGTBIQ+ komunitatearekin; zenbaitetan beren buruaz beste egiten saiatzera edo beren gorputza mutilatzen saiatzera (adingabeko transen kasuetan, adibidez) heltzen dira, gainera.

Horrelako astakeriatan pentsatu, eta nire burua bonbardatzen dute hurrengo galderek: Nondik datoz aurreiritzi horiek? Zergatik ematen diegu estereotipoei hainbesteko espazioa? Zenbat aldiz entzun dugu «gizonak/emakumeak halako edo horrelako behar du izan»... gizona edo emakumea izatea kanpokoak gure izenean erabaki lezakeen zerbait balitz bezala? Zenbat aldiz entzun dugu «gizonak/emakumeak hau edo hura egin behar du»... arteak, kirolak, lanak, zaletasunak publiko mugatuetara zuzendurik baleude bezala? Zenbat aldiz entzun dugu «gizonak/emakumeak honela edo horrela jantzi behar du»... moda zerbait absolutua, aldaezina eta nahitaez jarraitu beharrekoa balitz bezala?

Horrelako mila eta bat alferrikako galdera egin nitzake ildo beretik, baina hona hemen, ene aburuz, politagoa den bat: ez al da egia iritzi ororen atzean historia pertsonal luze bat ezkutatzen dela eta, beraz, edozein epaiketa aitorpen bat ere badela? Galdera hau erantzute aldera Maialen Lujanbiok 2017an bertsotan esandakoa etortzen zait gogora: «nere inon ez egon nahia ote da zure ezinegona?».

Orain zuri mintzatzen natzaizu, bai, zuri, erasotzaile: ez ote diozu zuk munduari nik zuri dizudana baino beldur handiagoa? Aurreko paragrafoko azken galdera berrartuz, ez al zara zu defendatzen dituzun aurreiritzi edo estereotipo horien beste biktima handi bat? Hala bada, jakizu nik zu ongi hartuko zaitudala, hori baita zure eta nire artean dagoen ezberdintasuna: zuk baduzu nire munduan lekua, baina nik zurean... zure esku! Gogoratu azal kolore desberdina dutenak, beste orientazio bat dutenak, beste genero identitate bat dutenak... zure munduan onartzen badituzu, zure mundua ere handituko dela; beraz, ez al dugu denok irabazten gorroto horiei guztiei bizkarra ematen diegunean?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.