Koldo Izagirre
Idazlea

Magrebiar dohakabeen bandera

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Geuk Jasua zuen izena. Lur puskatxo bat inguruan, zenbait zuhaitz, pikondo, hurritza, intxaurrondo. Harrotasun tanta bat zerion izenari, baina etxe xumea izan zen beti, behean sukaldea eta sotoa, goien logelak eta ganbera txiki bat traste batzuk gordetzeko lain. Xumea eta xahartua. Beraz abandonatua, adinduak donatzen diren era horretan. Gazteak aterpetu zituen arte. Inork ez zituen ikusi atea bulkan edo leiho lehian. Hizkera berriak, joan-etorri berriak, musika berriak eta udalaren zainak karnetak eske astean hirutan. Gazteria berria gurean, amontzen eta aitontzen ari den auzoan.

Moro horiek autoaren erretrobisorea apurtu zidatek.

Moro horiek trafikoa egiten diten hor.

Moro horiek miatzen aritzen dituk gure zaborrontzietan.

Moro horiek patinete elektrikoetan ibiltzen dituk.

Eta garagardoa edaten eta tximinia ke dariola nekatzen eta beldurra hedatzen, beti binaka edo hirunaka, ezer ulertzen ez zaiela gutaz ari doike.

Auzotarrok espero ez bezala, beraien artekoa izan zen liskarra, Mahomaren aginduak urratuz aurrena eta elkarren aurpegiak hurrena.

Il etait mon ami! Il etait mon ami!

Negarrez, mon ami hil izan balu bezala, baina ez, mon ami lagun negartiarengandi hogeiren bat metrora zeukaten bizirik. Zeukaten bizirik barbarinek. Eta barbarinak berak ere bizirik zeukaten elkar. Mon ami isilik zegoen ilun, haserre, txankleta maiztuei so bizkarra Iru Aizpak etxeko belardia mugatzen duen paretan emanik. Eta ipurdia lurrean biak, ihes egin ez zezaten barbarin alpertuen artetik. Alpertuen buru iduri zuena mobilez jardun zuen vascoeraz zaurien ugariak eta masailen tratutxartuak jakinarazten Gurutze Gorrikoei. Labanarik ez, botila apurtuak bai, odolduak, zehaztu zuen bere vascoera garbian.

Gaztetxoak ziren, edanak zeuden.

Geroztik, haien txankletak baino maiztuagoko bisitak barbarinek borra eskudu kasko. Bisita disuasorioak, ordu laurden eta martxa. Barbarinek uste zuten kontrolpean zituztela, baina auzokoen Made in China guztiak beteak daude barbarin beltzez desfilatzen, hizketan, kaskoak janzten, barrezka edo txiza egiten Geuk Jasuaren hesira. Bideoak elkarri erakusten ibiltzen gara auzoko guztiak genero oreka erogarrian, ezkerreko zein eskuineko, vasconice zein euskaldiko. Wassap talde erraldoi bat egina dugu, biralak gara. Kontua da irudiz hartu genituela, baina audioz ere bai.

Berbarinen ekintzarik garratzena izan zen —grabatua dago— bost auto eta bi furgotan heldu zirela, errepidea moztu zutela, auzotarroi debekatu egin zigutela kalera ateratzea eta gaitzeko laprastada egin zutela leihoak ixteko erran zutelarik, ezen hori entzunda Wassapa irakiten hasi zen eta handik laster agertu ziren kazetariak oinez mendialdeko xendretarik planurik interesgarrienak hurrupatzen zizkigutela. Dron bat ere haizatu zuen baten batek. Berbarinak, elkarri berba kentzen ziotela, bilera basati bat eraiki zuten. Erradikalenek anbulantziak eskatu zituzten.

Dena daukagu denek grabatua.

Horretan ari zirela, gazte bat irten zen Okupen Etxetik zapi zuri bat inarrosiz. Berbarinek berba eten. Buruzahagia moro zuriarengana aurreratu.

— Etxe gure zuk eraso, guk su. Hodeita bi martiri. Gasoil handi.

Grabatua daukagu dena denek.

Sarjentuaren deiak, erretiratzeko agindua, martirigaien poza, txaloak, txistuak… Biharamunean bandera makil luze baten buruan. Ez hiriko futbol taldearena, ez Palestinarena espero zitekeen bezala. Moroak eta ikurrina, ederra mestizaia, denok martiri.

Gure indar autonomiko saiatuek lortu ez zutena lortu du beso teleskopikoz eta olagarro birrintzailez hornitutako Alitrak izeneko monstruak. Hurrengo goizean bere bikoteak triskatu zuen lurrean zegoen oro, pikondoak, hurritzak eta intxaurrondoak barne.

Wassap taldean ezbai eta epai latzak dauzkagu. Etxe berri bat eraikiko dute Geuk Jasuarena zen esparruan. Auzoari ez dagokion eraikin sasisofistikatu bat bere pizinarekin. Ur edangarriko iturritik dakigu atikoa salgai dagoela 500.200 €tan. Gainerakoa saldua. Eta hala ere...

— Auzo garbiago bat edukiko dugu!

Moro lagunok, hodeita bi gazte bandera behar ditugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.