Madrilgo hauteskundeen aurrean

Xabier Lasa.
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ukaezina da Euskal Herriko gaur egungo egoera politikoa gero eta gutxiago parekatu daitekeela aurreko urte luzeetakoarekin. Horrela da jadanik ez dagoelako alderdi politikorik bere helburuak erdiesteko estrategia armatuaren irautea onartzen duenik. Desadostasun hori izan zen orain dela hamar urte ezker abertzalearen barreneko zatiketa eragin zuen arrazoi nagusia, Aralarrek alderdi gisa antolatu eta bide propio bat jorratzea erabaki zuelarik. Orain, aldiz, Gernikako akordioaren sinatzaileek argi utzi dute zein den etorkizuneko bidea. Jokaleku politiko berri bat ireki da Euskal Herrian, eta aktore guztiek birkokatu behar dute bere burua sasoi berriaren aurrean, bereziki ezker abertzalea deitutako eremuaren barreneko bi joerek. «Ezker abertzale zibil eta zabala» ez da, dagoeneko, Aralarren lelo esklusiboa, ezker abertzale osoaren zeinu bilakatu baita.

Errealitate berriak, aitzitik, ez du erran nahi Aralarren eta Ezker Abertzale Historikoaren arteko desberdintasun guztiak gainditu direnik. Desberdintasunak badaude, egon, eta sobera inportanteak ez direla uste duenari erran behar zaio lurraldetasunaren printzipioaren konkrezioa, euskal gatazka konpontzeko arrazoi etikoaren berreskurapena edo, maila organikoan, alderdi-militantzia ulertzeko era bezalako kontuak, errate baterako, ez direla ahuntzaren gau erdiko eztula. Hortaz, logikoa da pentsatzea zaila dela bi joerak bat-batean proiektu estrategiko berean elkartzea. Litekeena da egunen batean ezker abertzale berrosatua eta bakarra ikustea Euskal Herrian, baina udarea ez dago artean ondurik eta bidea urratsez urrats egin behar da..

Bizkitartean, hauteskunde orokorrerako dei aurreratua heldu zaigu, oraindik foru eta udal hauteskundeen biharamunetik atzarri berri garelarik, emaitzen ondorioak aztertzeko, barneratzeko eta erabakiak hartzeko astirik apenas izan dugularik. Politikagintzan gu gara denboretara egokitu behar garenok, eta orain Madrilgo kongresu eta senaturako lehiari modurik hoberenean aurre egitea dagokigu. Horretarako, derrigorrezkoa da orain arteko hautuek taktikoki egokienak izaten jarraitzen duten ala ez aztertzea. Horren harira, Nafarroan badago gauzak birpentsatzera eramaten gaituen gertaera berri bat: PSNren sarrera UPNren gobernuan. Izan ere, Aralarrek ordezkatzen duen ezker abertzaleko sektoreak NaBairen sorrera bultzatu zuelarik, taktikoki eskuina nafar gobernutik kanporatzeko aukera zegoelako egin zuen; pentsatuaz lehen ala beranduago PSN bat etorriko litzatekeela asmo berean eta helburu euskaltzaleagoak eta ezkertiarragoak lor genitzakeela aspalditik gobernuan ezarria dagoen UPNren espainiartasun zapaltzaile eta eskuindarra kanporatuz gero. Baina gobernu aldaketarako baldintzak lortu direnean, PSNk, bigarren aldiz gainera, eskuinaren alde egin du Estatu mailako helburuak Nafarroakoen gainetik jarriz. Nafarroan jaso duen porrot elektoralaren ondoren eskuinarekin gobernuan lotsarik gabe sartu bada, logikoena da pentsatzea sekula ez duela NaBairekin paktatuko, bere espainiartasunak eragotziko baitio. Egun batean eskuina nafar gobernutik kanporatu ahal izateko bukatu da PSNren nolabaiteko laguntza taktikoarekin konta zitekeela uste genuen garaia; beste alde batera begiratu behar dugu, hain zuzen ere borroka armatuaren estrategia dela-eta hamarkada batez elkarrengandik urrun egon garen ezker abertzale eraberritu horrengana.

Patxi Zabaletak hilaren 11n publikatutako artikulu argigarri batean zioenez, esparru elektoralak eta esparru politikoak bereizi behar dira, nahastu gabe, eta ez dezakegu ahantzi eztabaida honetan balizko esparru elektoral bati buruz ari garela. Elkartze taktiko bat egiteko aukeraren aurrean gaude, hauteskunde orokorrei begira eta Madril ez beste instituzioen jardunari eragingo liokeena. Gauzak horrela planteatzen badira, hagitz aukera ona izan daiteke geroko harreman politiko estuagoak bideratzeko ezkertiar eta abertzale garenon artean. Esparru ideologikora jauzi egiteko, gainera, Sortu legal, antolatu eta definitu bat behar da, bere izaera politiko eta estruktural zehaztuarekin, libreki hautatutako arduradun politikoekin, alderdien legearen itomenetik libre…

Une honetan, balizko hautagaitza bateratuari begira, negoziazio-prozesua zintzotasun eta begirune osoz burutzea izan beharko genuke helburu, Madrilen euskal abertzaletasun ezkertiarraren ordezkaritza zabala lortzeko. Baina Madrilgo lana ez da bukatzen Euskal Herriaren nazio aldarrikapenean; badira gai garrantzitsuak euskal ordezkaritzaren helburu ere izan behar dutenak: krisi ekonomikoaren sorburuan dagoen neoliberalismoari aurre egiteko ekimenak, langileen eskubideen murrizketan oinarritzen den politikaren desagerpena, egiazko demokrazia parte-hartzailea indartzeko legeak… bultzatu behar dira.

Aralarrek irailaren 17an eginen duen kongresuan ezkerreko abertzaleak elkartzearen alde egiten badu, ahal duen guztia eginen du agente guztiekin egingo diren negoziaketek aurrera jo dezaten eta denon artean hautagaitzarik hoberena osa dezagun. Era berean, zintzotasuna erakutsiko du Nafarroako Legebiltzarrean eta udaletan «NaBai 2011»-rekin indarrean segitzeko, egoera politikoak beharrezkoa dela erakusten digun artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.