Bilera guztiak amaituta, elkarrizketa politikoak eginda, adierazpen eta diskurtsoak botata, mezuak bidalita eta etorkizunari buruzko hausnarketa arinak ikasita, han zegoen elefante hura, oraindik. Tente, serio demonio. Izugarrizko grisa, zimur ulertezinez josita bere belarri itzelekin. Isila, baina adierazgarria.
Urtebete baino gutxiagoan EAEn ospatutako hiru hauteskundeek igarotze erritua suposatu dute, ezbairik ez, EAEko ezker konfederalarentzat, bai lortutako emaitzengatik, baita koalizio-gobernuaren mirakuluaz haratago, mantraz, erritualez eta batasunerako deiez nekatuta dauden boto-emaileen ilusioa pizteko gai den proiektu politiko egonkor bat antolatzeko zailtasunengatik ere. 2023ko uztaileko hauteskunde orokorrak Espainiako ezker konfederalaren artikulazio berri baten estreinakoak izan ziren, Sumarrek ordezkatzen zuen fronte zabalaren proiektuaren inguruan.
Ultraeskuinari estatuko gobernuan sartzea galarazteko helburu partekatuarekin, beharrezko botoak lortu ziren koalizioko bigarren gobernu aurrerakoiari bide emanez. EAEn, lortutako emaitzei esker, espero izatekoa zen izaera baskista eta eraldatzailea zuen subjektu politiko berri baten aukera. Hau da, euskal obedientziako subjektu politiko baten aldeko apustua egitea, koalizio zabal baten formulapean eta estatuko markarekin federazio harremana izanik.
Baina elefanteak han jarraitzen zuen. Koalizio-gobernua eratu ondorengo gertaerek agerian utzi zituzten fronte zabalaren ahultasunak, eta akordio batzuk, politikan, biziraupen hutsagatik egiten direla. Gobernu ultra bat saihesteko helburua lortu ondoren, asmo onak desagertu egin ziren eta ikuskizun mediatikoak politikaren lekua hartu zuen, beste behin. Berriz ere, hotsandiko titularrak, eguneko adierazpenak eta madrildar solaskideen sasi-buruketak. Berriz ere, ezkerreko esentziari buruzko eztabaida antzuak, txiolari fidelen gerratxoak eta tristura. Berriz ere, pasio tristeak, herritarrengan ondorio iraunkorreko desanimoa eragiten dutenak. Eta, gutxi batzuen portaeragatik multzoa seinalatzea bidezkoa ez bada ere, azken horiek eragiten dituzten ondorio suntsitzaileak agerikoak dira.
2015-2016ko hauteskunde ziklotik 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, euskal ezker konfederala, hainbat marka eta koalizio formularen pean, EAEko indar politiko garrantzitsua izatetik gutxieneko ordezkaritza izatera igaro da. Bai, arras ezaguna da urte hauetan gertatutako guztia, nola aldatu den euskal politika eta, oro har, euskal gizartea. Argi dago, bestaldetik, M15 mugimenduak eragindako aldaketa politikoari erreflexu kontserbadoreak eman diola erreleboa, arrazoi asko direla medio. Kontua ez da, ezta ere, malenkonia ariketa bat egitea, baizik eta babesen galera progresibo horren zergatien inguruan hausnartzea, etorkizunerako proiektu politikoaren oinarriak ezarri ahal izateko, EAEn badagoelako espazio sozial eta politiko nahikorik.
Eusko Legebiltzarrerako eta Europako hauteskundeetan zerrenda bereizietan parte hartzea izan da, batzuen ustez, ezker konfederalaren atzerakada azaltzen duen faktore erabakigarria. Egiaztapen hori begi bistakoa bezain itsua da; izan ere, gertakaria baino ez du adierazten, arrazoiei jaramonik egin gabe, eta horietako batzuk erabakigarriak izan ziren batasunaren aukera hutsa eragozteko orduan. Adibidez, hori ahalbidetzeko nahimenik eza. Edo, beste modu batean esanda, ezinezko bilakatzeko borondate sutsua. Egia da, halaber, hautesleen desmobilizazioaren arrazoietako bat izan zitekeela. Baina ez dezagun ahaztu, esan dugun bezala, asko direla aintzat hartzeko gertaera eta faktoreak, eta eragile politikoen jarduera eta erabakiak hilabete (eta urte) hauetan guztietan, azterketa politiko sakon baten bila bagabiltza. Eta gaur, besteak beste, madrildar elefanteaz hitz egitea egokitzen zaigu.
Madrilgo elefantea, bai, ez dago ezusterik, Madril sindromea da. Labur-labur: estatuko ekintza politiko guztiak Madrilgo politikak ezartzen duen norabidean jardutearen baldintzapean daude: dena Madril den edo dena Madrildik igarotzen den politika. Estatu baten eraketaren emaitza diren kultura eta praktika politikoak; Espainia, besterik gabe, existitzen ez dela ukatzen dutenak. Ez dago, halaber, halako Espainiarik, baina badago hertsadura, inertzia, estatu politikan parte hartu nahi duten guztiek benetan existituko balitz bezala egiteko betebeharra.
Ezkerreko proiektu plurinazional batek estatuaren pluraltasun politiko eta nazionala azken ondorioetaraino eramateko bokazioa badu, Madrilgo sistema politiko-komunikatiboak ezartzen dituen inposizioak berehala utzi behar ditu alde batera. Lehenengo urratsa da kontzepzio plurinazional eta kultura anitzekoa praktikara eramatea. Ekintza instituzionalari dagokionez, estatua federatuko duten erreformak eta ekimenak sustatuz. Ezker plurinazionala eratzeari dagokionez, fronte zabal gisa edo alderdien koalizio gisa, ezinbestekoa da egiturak deszentralizatzeko bidea egitea, subjektu politiko autonomoak eratzea erraztuz horiek sortzeko borondatea eta gaitasuna baldin balego. Horrela, euskal obedientziako indar bat irudika genezake, gizartea eraldatzeko eta estatuarekin elkarbizitzarako esparru federal bat defendatzeko lan egingo duena, bai eta euskal herritarren eskubideak blindatu eta zabalduko dituen estatutu konstituziogile bat ere. Beraz, baskismo aurrerakoiaren tradizioa jasoko lukeen alderdi edo koalizio bat, autonomismo moldakor baten gabeziak gainditzea bilatzen duena, klase buruzagiei bakarrik balio diena.