'Made in' Euskal Herria

2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Euskal Herriko Migratzaileak plataformek, 2018ko apirilaren 28tik 30era, EH Mugak Zabalduz karabana antolatu dugu. Hendaiatik abiatuta, gure herrialdeko «gune beroetan» zehar ibiliko da karabana; pertsonekin edo armekin trafikatzen den tokietan, alegia. Gure helburua da ekimenaren bitartez aurreko bi urteetan Greziara eta Espainiar Estatuko hegoaldeko mugara egindako karabanen jarraipena da gure mugetan migratzaile eta errefuxiatuekin gertatzen ari dena ezagutaraztea.

Kanpoan salatu dugun guztia daukagu Euskal Herrian. Atzerritarrak Barneratzeko Zentro bat (CIE) Hendaian; hau da, inolako deliturik egin ez duten pertsonak sartzen dituzten espetxe bat, kasu gehienetan baldintza jasanezinetan; heldu bezain lasterreko kaleratzeak Hendaia eta Irun arteko mugan; arma fabrikak toki askotan, besteak beste, SAPA Andoainen; migratzaile eta errefuxiatuei egindakonortasun agiri eskaera eta sarekada xenofoboak nonahi (Ndiaye senegaldar gazteak hilik bukatu zuen 2016ko urrian, Iruñeko komisaria batean, nola argitu gabe); tiro eremua Bardean, non hiltzeko entrenatzen diren AEBetako, Espainiako eta abarreko «ordenaren indarrak»; hezkuntza segregazionista; arma salmenta Saudi Arabia eta Persiar golkoko herrialdeen moduko herrialde genozidei; lotsaren harresi bat ere badugu Santurtziko portuan, 70 gazte inguru Erresuma Batura iritsi ez daitezen.

Hori guztia salatu nahi dugu, Euskal Herriko jendarteak jakin dezan zer gertatzen ari den, eta baita jendea oso gurea dugun errealitate horren inguruan sentsibilizatzeko ere. Hemen, bertokoen eta gure artean urteak daramatzaten edo orain heltzen ari diren migratzaileen zein errefuxiatueen eskubideak ez dira lehentasunezkoak gure erakundeentzat. Bi urte daramatzagu mota orotako sentsibilizazio eta mobilizazio ekintzak egiten tragedia humanitario handiena eta behartuta lekualdaturiko 70 milioi lagun baino gehiagoren eskubide zapalketa handiena salatzeko. Hori dela eta, gobernuei sarraski hau gelditzeko neurri zehatz eta eraginkorrak har ditzaten exijitzen diegu.

Ez dezagun geure burua engainatu! Gaizki izendaturiko lehen mundua dago egoera tragiko honen muinean. Kapitalismo heteropatriarkal ankerrenean bizi gara, bertako gobernu ustelekin eta diru-gose mugagabea duten transnazionalekin planeta eta pertsonak suntsitzeko inongo arazorik ez dutenekin. Horrexegatik, mota guztietako indarkeria nagusi da munduan. Gure plataformetan beste elkarte, gobernuz kanpoko erakunde, sindikatu eta alderdi batzuekin batera, egunero egiten dugu lan migratzaile, errefuxiatu eta baztertuek gainontzekoon eskubide berak izan ditzaten. Oraindik ez dugu lortu, baina horretan ari gara, eta ariko gara, harik eta eskubide horiek, printzipioei buruzko adierazpenetan eta nazioarteko arau «politetan» ez ezik, erakundeen eta alderdien agendetan egon arte.

Eta herritarrok? Bada, premiazkoa dugu esku hartzea. Honek guztiak gure bizitzei eragiten die. Ezin dugu jarraitu errealitate hau gurea ez balitz bezala bizitzen. Europak eta bertako estatuek, kolonialismotik gaur arte, genozidioak egin izan dituzte beste kontinente batzuetan, eta hango baliabide ugari indarrez ebatsi: petrolioa, lurrak, mineralak, ura, elikagaiak... Horri esker dugu hemengo biztanle gehienok bizi-maila onargarria.

Mendeak daramatzagu onurak beste herri eta nazio batzuen bizkarretik izaten. Bada ordua aberastasunaren banaketa bidezkoa egin eta pertsona guztiok duintasunez bizitzeko beharrezkoa dena eduki dezagun. Ez da erraza, horretarako gure kontsumo maila murriztu behar dugulako, eta gure balioak zein lehentasunak aldatu. Ez da nahikoa erakunde eta alderdiei exijitzea. Gure jendarteak bizimodua aldatu behar du. Herrialde hau hemen bizi garen guztion artean eraikitzen ari garelako, edozein izanda ere berton daramagun denbora, edo gure azalaren kolorea; izan ateo, agnostiko edo fededun. Ez bagara aldatzen eta borrokatzen pertsona guztiok eskubide berak izan ditzagun, geure hilobia egiten ariko gara. Egungo «zibilizazioa» atzeraezina izango da laster. Planetaren eta bertan bizi garenon gehiegizko esplotazioak, norabidea muturretik aldatu ezean, kolapsoa eragingo du. Orain arte bezala jarraituz gero, kaosa etorriko zaigu gainera.

Faxismoa, arrazismoa eta xenofobia geroz eta handiagoak dira Europan. Herrialde guztietan, baita gurean ere,migratzaile eta errefuxiatuekiko beldurra boto gehiago lortzeko baliatzen ari dira. Bitartean, beharrezkoak ez balira bezala tratatzen dituzte, eskubiderik ez balute bezala, haiek desagertzea hobe balitz bezala. Behar beste diru gastatzen da hona iritsi ez daitezen, atxilotu ditzaten, esklabo bihur ditzaten izan sexurako, nola lan behartuak egiteko, itsasoetan edo basamortuetan hil daitezen... Hori ez baldin bada faxismoa, zer falta du izateko? Arriskutsuak ez dira txiroak, mundua mendean dutenak eta haiena balitz bezala jokatzen dutenak baizik, planeta eta bertako biztanleak haien apeten arabera baliatuta. Egin dezagun bat esplotaturiko eta bazterturiko pertsonekin. Ezagutu dezagun elkar, egin dezagun bizimodua elkarren ondoan, borrokatu gaitezen elkarrekin, hezi gaitezen elkarrekin. Horrela baino ez dugu lortuko jendarte justuagoa izatea, non herritar mota guztiak izango garen protagonistak. Horixe dakarabana egiteko arrazoietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.