Joan den egunean, etxeko balkoian txalotzen ari nintzela bikotekidearekin, hiru urteko semea gerturatu zitzaigun, eta kalera begira «madarikuatuak!» behin eta berriz oihukatu zuen, amorru handiz. Bere jarrerak barrea eragin zigun momentuan, baina gerora, interpelatua sentitu naiz. Gure belaunaldiak eta aurrekoak asko dugu hausnartzeko, gure seme-alabei eta hilobei utzi diegun legatuari buruz. Madarikatuak, bai, eta arrazoiz.
Duela hogeita bost urte, unibertsitate ikaslea nintzen garaian, ulertu nuen ekonomia eta ekologia elkarrekin doazela, eta nire ikasketak bide horretatik bideratu nituen. Ordurako zientziak ohartaraziak zituen munduko agintariak aldaketa klimatikoaren arriskuaz, eta bazegoen jada corpus akademiko sendo bat. Munduko aztarna ekologikoa etengabe gora zihoala bagenekien ere, eta, haren ondorioz, bioaniztasunaren desagerpena azkartzen ari zela.
Globalizazio ekonomikoa hedakuntza fase batean sartuta zegoen, ordea, eta gizarte zibiletik hura bezatzeko egindako saiakerak alferrikakoak izan ziren (Seattleko Munduko Merkataritza Elkartearen aurkako protestak, Dohako munduko merkataratitza itun berrirako negoziaketak, Porto Alegreko Munduko Gizarte Foroa, eta abar). Lehen pertsonan bizi izan nituen nazioarteko gobernantza demokratikoago bat sortzeko saiakera horiek. Haien antzutasunaz ohartuta, eremu nazionalera bueltatu ziren gizarte zibileko indar asko. Nazioarteko gobernantza erreformatzeko saiakerek jarraitu zuten, baina helburu apalagoekin: munduko ekonomia erregulatu ezinak nazioarteko ondasun publikoak babesteko borroka berpiztu zuen, hala nola aldaketa klimatikoaren aurkako itunen bidez, eta munduko bioaniztasuna, hezeguneak, basoak eta abar babesteko nazioarteko akordioen bidez.
Ordutik, nazioarteko ondasun publiko horiek babesteko arauak nekez sortzen joan dira, bitartean finantza eta merkataritza fluxuak esponentzialki biderkatu direlarik. Ekonomia, merkataritza eta finantzak interes publikoko ikuspegi batetik erregulatu ezean, natura (eta azken batean, gizadia) babesteko itun, politika eta legeen eraginkortasuna oso mugatua izan da, esparru globaletik hasi eta lokaleraino. Herrialde garatuen ongizatea, neurri handi batean, urrutiko natura eta giza eskubideen hondamendiaren gainean eraiki ditugu. Errealitate hori ez dugu ikusi nahi izan, bere eraginak batez ere urrutian pairatzen zirelako (amaigabeko lan jardunak India, Pakistan eta Bangladesheko arropa fabriketan, hemen arropa merkea erosi ahal izan dezagun; munduko ibai askotako delten degradazioa, esportaziora bideratutako piszifaktorien ondorioz; baso tropikalen suntsipena; Europan hazten ditugun abereen pentsuak, han ekoiztutako uztekin; eta abar amaigabe bat).
Ekonomia justu eta ekologikoago bat sortzeko ezagutza badugu, egunotan euskal zientzialari talde handi batek aldarrikatu duen moduan. Euskal Herria post-Covid-19 manifestuan planteatzen diote «gizarte eta lurralde eragile eta taldeei, Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkari instituzionalei eta, oro har, Euskal jendarte osoari [...] aukera hau pasatzen ez uztea». Baina, azken 25 urteak zerbait erakutsi badigute, hurrengoa izan da, ezagutza zientifikoa ez dela nahikoa errealitatea eraldatzeko. Egungo egoeran, zientzia eztabaida publikoaren erdigunean kokatu bada ere, larrialdi egoera igarotzen denean, real politik-eko interesak jarraituko dute jokoan, gizadiaren historia osoan izan den bezala.
Franklin Delano Roosveltek Depresio Handiaren urteetan sindikatuei esan zien zerbait datorkit gogora. Horiek ekonomia berreraikitzeko programa bat aurkeztu zioten, eta Roosvelten erantzuna izan zen: «ongi da, konbentzitu nauzue, orain behartu nazazue neurri horiek guztiak hartzera, duzuen indarra kalean erakutsiz».
Euskal Herrira bueltatuz, non dago Euskal Herria post Covid-19 manifestuan eskatutako eraldaketa bultzatzeko indarra? Ezagutza erakundeen parte hartzea funtsezkoa bada ere, nortzuk izan daitezke hor planteatutako printzipio ekonomiko orokor horiek programa konkretuetan bihurtuko dituztenak? Ados, norbaitek esango du erakunde publikoek eta eragile pribatuek dutela esku hartze maila hori ekonomian. Baina, nork behartuko ditu azken horiek funtsezko eta sakoneko eraldaketak egiten? Sindikatuek (prekarizatutako langileriaren ondorioz, ahulduak)? Gizarte zibileko erakundeek (horietako zenbat ez dira diru laguntzetatik bizi)? Ekologistek (Euskal Herrian errealitate lokal bat izanik)? Alderdi politikoek (epe motzeko kalkuluetan bizi ohi direnak)?
Ez daukat azken galdera horien erantzunik. Baina garbi daukat gobernantza eredu inklusiboago eta ekologikoago bat soilik etorriko dela ondasun publikoak defendatzen dituztenen indar metaketa baten ondorioz. Ezagutza zientifikoa eta herritarren kontzientzia hartzea funtsezko abiapuntuak dira, baina nola metatu daiteke indar hori? Nork plantea dezake fiskalitatearen erreforma sakon bat, laneko errentak zergapetu beharrean, aberastasuna, kutsadura eta finantza fluxuak zergapetzen dituena? Nork jarriko ditu ekoizpen jasangarriago baten oinarriak, zeinean ekonomia zirkularra eslogan huts bat izatetik (hor dugu Zaldibarko hondamendia) politika industrialaren ardatza izatera pasatuko den? Nork emango dio balioa modu serio batean euskal baserritarrek elikadura subiranotasunari egindako ekarpenari? Nork behartuko du sektore publikoa kontsumo eta mugikortasun jasangarriaren eredu izatera?
Askoren arteko indar metaketa bat beharko dugu Euskal Herrian, eta gai izan ideologien gainetik, ezberdintasunak alde batera utzita, agenda positibo bat definitu eta programa bat bihurtzeko. Ekonomia berpizteko beharra dagoen honetan, norabide jasangarri batean izateko aukera dugu, denon mesederako, oraingo eta geroko, gertuko eta hurruneko. Madarikatuak izan ez gaitezen.
Madarikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu