Eguzki Urteaga.

Macron eta mobilizazio sozialak

2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
2017ko maiatzaren 7an, Marine Le Pen-en aurka presidentetza hauteskundeak irabazi ostean, programa erreformista, liberal eta europazale baten inguruan, eta, urte bereko ekainaren 18an, gehiengo absolutua eskuratu ondoren hauteskunde legegileetan, batik bat hautesleek koherentziaz jardun dutelako, Emmanuel Macron bere egitaraua gauzatzen hasi da. Erreformak bata bestearen atzetik aplikatu ditu, legebiltzarreko eztabaidari tarterik apenas uzten, eta, behin eta berriro, eraginkortasunaren eta emaitzen premiaren argudioak erabiliz. Lan Kodearen erreforma horren adibiderik esanguratsuena izan da. Hain zuzen ere, hauteskunde kanpainan iragarritakoa bete du, ordenantza bidez, Lan Kodearen eraldaketa sakona burutuz; hala nola enpresa mailako negoziazio kolektiboa indartzea, sektore eta enpresa mailako akordioak hobeki artikulatzea, hitzarmen organoak bateratzea, kanporaketen kalte-ordainak mugatzea edo lan kontratuaren haustura arauak berrikustea. Erreforma hori burutu du oposizio sindikal zein politiko handiegirik gabe, besteak beste, hauteskunde kanpaina luze batean ostean zetorrelako, oposizio politikoa zatitua baitzegoen eta sindikatuak ahulduta baitzeuden bi porrot jarraian jasan ostean.

Kontua da azken asteetan giro soziala aldatu dela, Macronek bultzatzen dituen erreforma liberalek geroz eta haserre handiagoa sortzen dutelako, eta, hazkunde ekonomikoa eta enplegu sorrera suspertu diren mailan, langileen itxaropenak berpiztu baitira. Hainbat mobilizazio sozial horren adibide dira.

Garrantzitsuena, zalantzarik gabe, tren sektorean gertatzen ari da. Izan ere, otsailaren erditsuan, Jean-Cyril Spinetta enpresaburuak Edouard Philippe lehen ministroari txosten bat helarazi zion non hainbat proposamen egiten zituen SNCF trenbide konpainia publikoa erreformatzeko asmoz, hala nola enpresa publikoa sozietate anonimo batean bilakatzea, errentagarriak ez diren lineak bertan behera uztea edo kontratatu berriek enplegatu publiko estatusa ez edukitzea. Philipperen gobernuak proposamen horiek bere egin ditu, sindikatuen haserrea piztuz. Indar-harreman bat sortu nahian, bereziki CGT eta Sud sindikatuek, hiru hilabetean, 36 greba egun egingo dituzte. Apirilaren 3an eta 4an izan diren lehen lanuzte egunek oso jarraipen handia izan dute, kontuan izanik SNCFeko gidarien %77k eta kontrolatzaileen %69k bat egin dutela grebarekin. Horren ondorioz, Abiadura Handiko Trenen %88 eta eskualdeko trenen %80 ez dira ibili. Beraz, mobilizazioa, gogorra, iraunkorra eta jarraitua izatea espero da.

Garraiogintzan, SNCF ez da greban dagoen enpresa bakarra. Izan ere, Air France aire konpainiako langileek mobilizazioak egin dituzte apirilaren 3an, eta greba egunak iragarri dira apirilaren 7, 10 eta 11rako. Otsailaz geroztik, intersindikalak bultzatutako borrokak, soldatak %6 igotzea nahi du (%11ko igoera pilotuen kasuan), jakinik soldatak izoztuak daudela 2011z geroztik, langileen emankortasuna hobetu dela eta Air Francek 590 milio eurotako irabaziak izan dituela 2017an. Greba horiek langileen gehiengo zabal baten babesa jaso dute eta Lufthansa konpainia alemaniarrak berrikitan gauzatu dituen soldata igoerak erreferentzia gisa hartu ditu.

Lanuzteek beste sektore batzuk ere ukitzen dituzte; sektore elektrikoa da horren adibide. Hain zuzen ere, CGT sindikatuak bultzaturik, hiru hilabeteko mobilizazioak hasi dira EDF-GDF enpresaren baitan, energiaren zerbitzu publikoa babesteko eta bere liberalizazioari aurre egiteko. Grebez gain, hainbat ekintza burutzea aurreikusten dute, besteak beste, zentral nuklearretako kargak gutxitzea, enpresa batzuek jasotzen duten elektrizitatea moztea ala gune geografiko batzuei prezio merkeagoak aplikatzea.

Garbitzaileek ere bat egin dute mobilizazio horiekin. Sindikatuek, hondakinen zerbitzu publiko nazional baten sorrera eta sektore horretako langileentzako estatus publiko bakarra aldarrikatzen dituzte. Era berean, sektore horretako lanaren zailtasunaren aitortza eta erretiroa bost urte lehenago hartzeko aukera izatea eskatzen dituzte, betiere pentsio osoa eskuratuz, eta baita lan ordutegiaren murrizketa ere. Mugagabea den greba horrek, bereziki Paris, Marseilla, Montpellier eta Frantziako iparraldea zein ekialdea ukituko ditu.

Ikasleak ere ez daude geldirik. Izan ere, duela zenbait astetatik grebak eta unibertsitate okupazioak gertatzen ari dira Frantzia osoan,«ikasleen orientazio eta arrakasta» legearen aurka protesta egiteko. Gaur egun, 70 unibertsitatetarik hamar greban daude; besteak beste, Paris I, Paris VIII, Nantes, Montpellier, Tours ala Limoges-eko Unibertsitateak. UNEF eta UEC sindikatuek bultzaturik, mobilizazioak hedatu zein indartu nahi dituzte, Philipperen gobernuak atzera egin dezan, kontsideratzen baitute erreforma horrek hautaketa jarriko duela goi mailako irakaskuntzarako sarbidean.

Goizegi bada jakiteko ea borroken konbergentziarik egon den ala ez, CGT sindikatuak nahiko lukeen bezala, argi dago giro soziala eraldatu dela eta sindikatuek Macronek bultzatutako erreformei aurre egin nahi dietela, zerbitzu publikoaren eta langileen lan baldintzen izenean. Ikusi beharko da ea Philippek gidatzen duen gobernuak protesta horiei aurre egiteko nahia zein ahalmena duen eta konfrontaziotik eztabaidara igarotzeko gaitasuna duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.