Macron eskuinerantz biratuz, iraganetik erantzi ezinik

2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Paradoxikoa bada ere, Emmanuel Macronen programa ekonomikoaPS eta LR alderdien arteko nahasketa bat da, funtsean neoliberala. Hau da, askatasuna eman behar zaie kapitalaren indarrei ekonomia garatzeko eta Estatuaren papera azken hauen eginkizunean laguntzea da. Era berean, orain arte administrazio publikoak ematen dituzten zerbitzuak pribatizatu beharko lirateke, hein handi batean. Alde batetik, Estatuak garatzen dituelarik, kostu bat direlako eta sortuko luketen aberastasuna ez delako kontabilizatzen. Beraz, pribatizatuz, aberastasuna aise kontabilizatuko litzateke Balore Erantsi Nazionalean eta aberastasuna zuzenean sozializatua egongo litzateke esku pribatuen artean. Horregatik, pribatizazio programak badira Osasun Zerbitzuan, Hezkuntzan, Energian...

Beste alde batetik, politika ekonomiko neoliberal guztiak bezala, «lan merkatua» malgutu behar da, hain santifikatua den eskaera eta eskaintzaren arteko ekilibrio puntua lortzeko, hau da, enplegu osoa. Horretarako, Macronek eskaintzen duen programa eskuinak eta ezkerrak egin dutenaren segida besterik ez da. Lan kontratuak malgutu, bai lan denborarekiko, bai eta lan prezioarekiko, hau da soldata. Malgutasun horrek printzipio bat dauka: subsidiaritatea. Europako New Management Public-kotik dator, eta zentzuzko arima baldin badauka ere, langileen indar korrelazioa txikituko luke, sindikatuen indarra murriztuz. Langileen eta ugazaben arteko adostasunak, orain arte, konbenio maila ezberdinak, legeak, konstituzioak eta nazioarteko konbentzioak errespetatu behar zituen, «mesede printzipioa» onetsiz. «Mesede printzipioa», gaur egun arte, langileen erredola sendoa zen. Berez, ugazabek ezin baitzioten muzin egin konbenio, lege, konstituzio edo nazioarteko konbentzio bati. Printzipio piramidal honi muzin egin nahi dio Macronek, argudiatuz bertan erabakitzen dela hobeto eta ugazabek eta beraien langileek inork baino hobeto ezagutzen dutela errealitatea. Beste herri batzuetan bezala, Italian Job Act-ekin, Britainia Handian Zero Ordu lan kontratuekin edo Alemanian Hartz legeekin eramandako politika berdinak aurrera eraman nahi ditu, hauen balantze ekonomiko zein soziala egin gabe. Langile eta sindikatuen indar korrelazioen txikitzea eta txirotasunaren emendatze handi bat.

Badaki sindikatuek ez diotela onartuko horrelako politika bat, elkarrizketa sozialaren beharra ere aldarrikatu du, baina soilik aplikapenarekin, legerik ez baita egongo (beraz, eztabaida politikorik), ordenantzaz hartuko baititu erabakiak. Ildo berdinetik doa lantokietarako eskatzen duen demokrazia sozial berria. Konbenio Kolektiboak ez bailirateke gehiago lantoki batean arau bakarrak. Ugazabek, edozein erabakiren aurrean izozte bat edo blokeo bat ikusiko balute, sindikatuetan edo langile ordezkarietan erreferenduma egiteko eskubidea lukete, nahi duten gaiari buruz eta galdera beraien esku egonda. Esku hartze berri honekin, ugazabek konbenio, lege eta sindikatuen indarra saihestuko lukete behin eta berriz.

Kontratazioa malgutu nahi dute alde batetik, lan merkatua dinamizatzeko; eta beste alde batetik, kaleratzeen kostua aurretik kontabilizatu nahi dute. Kaleratzean kostua mugatu nahi dute, ugazabek jakin dezaten arrazoirik gabeko kaleratzeak egingo dituztelarik zein izango den topeko kostea. Era berean, arrazoi ekonomikoentzako kaleratzeen kostea ere jaitsi nahi du gobernuak, entrepresek ziklo ekonomikoetara hobeto egokitzeko.

Logika neoliberalean murgilduta, langile ordezkaritzak entrepresentzako kostu handi bat bezala ikusten ditu. Horregatik, gaur egun dauden Lan Baldintzen, Segurtasun eta Osasun Batzordeak Entrepesen Komiteekin fusionatuko lituzke, arrazionaltasunaren logika segituz. Delegatu gutxiago, kostu gutxiago. Sindikatuek diote gero eta lan teknikoagoa dela langile ordezkaritza, eta horretarako formakuntza, denbora eta medioak behar direla, eta fusio honek ekarriko duena dela lan osasunaren externalizazio bat. Beraz, asumituko balitz lan baldintzen arriskuen sozializazio bat, irabaziak ugazabenesku geldituko lirateke aregehiago.

Noski, flexibilizazio honek justifikazio serioak ditu: entrepresa txiki eta ertainek bizi duten egoerari erantzutea. Eta, egia bada azken hauek zailtasunak dituztela merkatuen fluktuazioak segitzeko malgutasunez, egia da ere azken erreforma fiskalak zein lan kontratuen flexibilizazioak Entrepresa Handiei mesede egiten dietela gehienbat. Bestalde, OCDEk, EBk eta Alemaniako kantzilerrak Frantziari behin eta berriz eskatu badiote ere bere lan merkatua malgutzea, 2012an FMIko txosten batek zioen bezala, ez dago frogatzerik lan merkatua malgutzeak garapen ekonomikoa dakarren eta entrepresen arazo makroei erantzuten dien, nahiz eta arazo mikro batzuei erantzun ahal dion.

Politika neoliberal guztiak bezala, Washingtoneko Kontsentsuaren ondotik, lehen erreforma Lan Merkatuarena bada, ondotik iragarria dena fiskalitate erreforma da. Hor ere, kapital produktiboa lagundu eta sustatu nahi du, azken hau murriztuz; ondasun kapitala, ordea, gehiago fiskalizatuz; eta, CSGreb (Ekarpen Sozial Orokortua) zerga emendatu nahi du. Kontuan hartu behar da ESA pertsona fisiko guztiek ordaintzen duten zerga sozial bat dela eta proportzionala izanda, xumeenek gehienbat asumitzen dutela azken hau. Baina, Macronen estiloa programa ezean eta gestio onean oinarritzen denez, oraindik ez ditu iragarri argi eta garbi zeintzuk izango diren bere erreformak.

«Oso argia izango naiz» zioen kanpainan, baina badirudi, argi izateko, gutxi esan behar dela eta asko egin. Horretarako, hasi egin beharko litzateke. Orain arte, «hain berria» izan behar zuen gobernu horretako kideek justifikatu behar dute aitzinetik egindako aferez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.