Ikaslea naiz eta kezka da nagusi nire egunerokoan; ziurgabetasuna, inguratzen gaituen errealitatea gordintzen ari baita izugarrizko abiaduran. Geroz eta gehiago dira jarrera erreakzionarioak eta irakasle erasotzaileak, geroz eta garestiagoa ikasketa prozesua... Hezkuntza sistema kapitalistaren ondorioak dira horiek guztiak eta guk jasaten ditugu: ikasleok.
Alabaina, bi arazo nagusik zeharkatzen dute hezkuntza gaur-gaurkoz, gorakada erreakzionarioak eta ikas-baldintzen kaskartzeak, eta urgentea da orain aurre egitea, berandu izan baino lehen. Horregatik, Ikasle Abertzaleak-etik grebara deitu ditugu bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleak datorren ostegunerako, martxoaren 13rako, ikasleon artean kontzientzia eta borrokarako grina pizteko.
Urgentziaz hitz egiten dugu, bai, azken boladan argitara ateratako albisteek ondo islatzen dutelako egoeraren larritasuna: «Urretxindorrako ikasle ohiek salatu dute ikastetxeak erasoak estali dituela», «Txantreako Eunate ikastetxeko irakasle erasotzaileak ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatzen zituen», «EHUko irakasle bat ikertzen ari dira, mezu matxistak, faxistak eta LGTBIfobikoak zabaltzeagatik», «EHUko Letren Fakultateko irakasle baten sexu jazarpena salatu dute», eta beste hainbeste. Argi dago jarrera erreakzionarioek geroz eta zabalpen handiagoa dutela gizartean, belaunaldi gazteen artean batez ere. Kalean, sare sozialetan nahiz instituzioetan, indarra hartu dute matxismoa, arrazakeria eta klasismoa babesten dituzten ideiek, eta agerikoa denez, hezkuntza ez dago joera horretatik salbu. Gainera, zenbait zuzendaritzak eta dekanotzak, ikasleok erasoetatik babestetik urrun, horrelako jarrerak eta iruzkinak estali eta konplize gisa jardun dute.
Bestalde, okerrera doa ikasle langileok hezkuntzan bizi dugun egoera. Krisi garaian, bizitzaren garestitzearekin eta zerbitzuen kaskartzearekin batera, ikasleon baldintzek ere okerrera egin dute: ratio altuak, azpiegitura arazoak, segregazioa, matrikula garestiak... Ikasleon behar eta interesak ez dira egungo hezkuntza sisteman islatzen, eta presio eta lan karga izugarria bizi dugu. Bien bitartean, unibertsitateko eta lanbide heziketako agenteek enpresak eta haien interesak lehenesten dituzte, zeinak ikasleon kontura lortzen dituzten beren irabaziak, hezkuntzaren merkantilizazioan sakonduz.
Gainera, hamaika dira egoera salatzeko antolatzen den ikasleria isilarazteko erabiltzen diren mekanismoak: zigorrak, debekuak, kontrola, presentzia polizial itogarria, eskubide politikoen urraketa...
Egoera ikusita, batek pentsa dezake kontua sobera gaizki dagoela mobilizazio baten bitartez aterabidea emateko. Orduan, zergatik mobilizatu M-13an? Bada, batetik, egoera honi aurre egiteko badagoelako aterabiderik, hain zuzen. Izan ere, aipatutako arazoen aurrean ikasleria antolatua egon delako aldiro: irakasle erasotzaile eta faxistak kanporatzea lortu dugu, ikastetxe eta campusetan ikasleon interesak defendatzeko borrokak martxan jarri ditugu, eta ikasleria aktibatu eta agente bilakatzeko lanketa etengabea egiten dugu. Antolatzeak eta mobilizatzeak fruituak ematen dituelako. Guk argi dugu, norabide horretan jarraituko dugu lanean; aski delako, ezin dugulako egoera hau normalizatzen utzi.
Bestetik, hezkuntza sistema sozialistaren beharra aldarrikatzeko mobilizatu behar dugu. Hezkuntzan aldaketa behar da, baina hezkuntza antolatzeko moduan behar da aldaketa, hezkuntza sistemak ezin ditu enpresak eta merkatua lehenetsi, ikasleak lehenetsi behar ditu. Langileon kontrolpeko hezkuntza sistema sozialistarik gabe, ordea, hezkuntza sistema ez da inoiz ikasleon formazio eta garapen askerako espazio izango, enpresari eta politikarien interesen menpeko espazio gero eta baztertzaile eta autoritarioagoa baizik.
Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko ikasle guztiei martxoaren 13ko ikasle grebara batzeko eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dizuegu.