Hego Euskal Herrian 541.600 langile prekario baino gehiago daude: behin-behineko kontratuak kateatzen dituen osasungintzako langilea, autonomo faltsu gisa jarduten duen garraiolaria, urtean 18.000 euro baino gutxiago irabazten duen erresidentziako zaintzailea, praktika kontratuarekin lanean dabilen ikerlaria… Izen-abizenak dituzte. Zifra horrek, ordea, ez ditu diren guztiak biltzen, estadistikoki soilik zenbatu daitezkeenak baizik. Eta, hala ere, prekaritatearen neurria zenbaterainokoa den irudikatzen du: gure lan munduaren gaitza nagusienetako bat bihurtu duela erakusten du.
ELAk langile horiei bereziki begiratu nahi die Maiatzaren Lehen honetan. Prekaritateak dena lohitzen duelako, nola lana, hala bizitza. Prekaritateak izugarri zailtzen baitu bizitza proiektu bat garatu ahal izatea. Eta bereziki kaltetzen ditu sektore feminizatuenak: zenbatu ahal izan ditugun hamar enplegu prekarioetatik sei emakume langileenak dira. Hau da, gutxienez 311.000 emakume daude prekario Hego Euskal Herrian; ezegonkor, lan jardun erdiekin maiz, doi-doi hilabeteari eusten.
Azken hilabeteotako bizitzaren garestitzeak, gainera, muturrera eraman ditu horietako asko. Inflazioak langileei gerrikoaren beste zulo bat, gutxienez, estutzea ekarri badu, prekarioenei bi zulo estutu dizkie. Eta hori guztia 2021ean enpresek inoizko irabazirik handienak lortu dituztenean, bereziki energia arlokoek (Iberdrolak 3.880 milioi irabazi ditu).
ELAk bat egiten du iruzur handi baten aurrean gaudenaren jendearen sentipenarekin. Aski da horretaz jabetzeko argindarraren fakturari begiratzea, eguneroko erosketa saskiari edo gasolindegiko zifra dantzari. Gure poltsikoaren erosahalmena gero eta txikiagoa denean, gainera: Hego Euskal Herriko soldatek %10eko galera izan dute azken hamarkadan ( %17koa sektore publikoan).
Eta, hala ere, neurri egokirik hartu gabe jarraitzen dute Urkulluren, Txibiteren eta Sanchezen gobernuek. Energiaren garestitzea jotzen dute inflazioaren kausatzat, baina ura, haizea eta eguzkia gasaren prezioan kobratzen digute. Bruselarekin Espainiako Gobernuak lortutako akordioa ere urtebeteko adabaki hutsa da. Energia enpresen neurriz kanpoko mozkinei mugak jarri ezean, iruzurgileak iruzur egiten jarraituko baitu.
Eta, hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek diote arazoa soldatak direla. KPIaren araberako igoerak eskatzea kaltegarria dela dio Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak, eta langileei egotzi nahi die ardura, arazoaren muinera jo beharrean. EAEko urte arteko Barne Produktu Gordina, ordea, %5,7 handitu da, eta horrek esan nahi du aberastasuna sortzen ari dela. Beraz, soldatak gutxienez KPIaren arabera ez badira igotzen, aberastasun hori enpresetan metatuko da, langileen soldatetan beharrean. Zergen bidez ez baitu Azpiazuren sailak aberastasuna banatuko, enpresen gaineko zergak txikitu besterik ez baititu egin, honako ondorioarekin: 2007an baino 1.000 milioi euro gutxiago jasotzen ditu egun Ogasunak enpresen gaineko zergen bidez.
ELAk ez dio uko egingo ez KPIari, ez soldaten orekatze justuago bati: erosahalmenari eta soldatei ez eusteak jendearen arteko desberdintasuna areagotzea dakarrelako. Soldatak defendatzea ondasuna hobeto banatzea baita. Ez dugu inolako Errenta Hitzarmenik nahi, lan hitzarmen onak baizik.
Horregatik, prekaritatea amaitzea eta soldatak defendatzea dira Maiatzaren Lehenerako ELAren aldarrikapen nagusiak. ELAk borrokan jarraituko du enpresekin eta erakundeekin akordio duinak lortzeko. Hori da sindikatu baten eginkizunik behinena. Eta posible da: berriki ikusi dugu Bizkaiko autoeskoletan, %36ko soldata hobekuntza duen akordioarekin, edota Gipuzkoako Metalean, KPIaren araberako soldata doiketekin. Baina jakitun gara sektore eta lantoki bakoitzean dugun antolatzeko eta aurre egiteko gaitasunaren araberakoa izango direla akordioak.
Horregatik, beste behin ere aldarrikatu nahi du grebaren balioa. Greba delako gaur-gaurkoz dugun tresnarik eraginkorrena bai soldatak defendatzeko, bai prekaritateari aurre egiteko, eta horregatik ere erresistentzia kutxa da dugun tresnari garrantzitsuenetakoa. Antolatzea, konprometitzea eta borrokatzea da gure eginkizuna.
M-1: izen-abizenak dituztelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu