M-1: greba orokorra behar dugu

2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herrian etenik gabe eztanda egiten ari dira langile borroka gogorrak, mobilizazio handiak eta grebak azkenaldian. Industrian, patronalaren ofentsibak lanpostu suntsiketa ikaragarria hartu du helburutzat. ABEEak ohiko erregulazio espedientebihurtzen dira, eta kaleratze kolektiboak izurrite gisa zabaltzen dira, bai enpresa nagusietan bai hornitzaileetan ere. Patronalek terrorezko giroa sortu nahi dute banan banako erasoaldi bateratuan, baita oraindik kaleratze asmoen berri ez duten enpresetan ere, langileek mehatxua sentitu eta burua makur dezaten, funtsezko eskubideak zapalduz, azpikontratazioa, prekaritatea edota langabezia zabalduz, batez ere gazteetara.

Langile klaseak argi utzi du gerra honetan ez duela borrokatu gabe amore emango. Oinarritik hasita, langile asko esperientzia eta ikasgai handiak eta garrantzitsuak ateratzen ari dira, hots, ezinbestekoa dela langile klasearen indarrak batzea eta elkarturik borrokatzea. Horren erakusle argienak izan dira aurtengo urtarrilaren 30ean Gasteizen 50 enpresa batzorderen babesarekin egin zen manifestazio jendetsua edota Tubacexeko greba mugagabea eskaintzen ari den eskola.

Urkullu buru duen patronalaren Jaurlaritzak argi dauka: diru publikotik beste 430 milioi euro oparituko dizkie lanpostuak suntsitzen buru-belarri dabiltzan enpresari handiei, gero murrizketa eta pribatizazio gehiagorekin ordaindu ditzagun. Aldi berean ertzainak bidaltzen ditu Tubacexekoa bezalako langile borrokak modu bortitzenean jazartzera, zuzenean borrekin eta gomazko pilotekin kargatuz. Hori da sistema kapitalistan egon daitekeen polizia eredu posible bakarra: patronalaren interesak defendatzeko indar armatuak dira.

Krisi ekonomikoa benetakoa eta sakona da. Luzerako doan gainekoizpen krisiaren kolpe gogor baten aurrean gaude. Burgesiak irabazi ekonomiko lodiak lortzen jarraitzeko dituen planak industria birmoldaketa basatia egitetik eta eraso eta murrizketa gehiagorekin ordaintzetik pasatzen dira. Kapitalaren erakundeen aurreikuspen baikorrenek diote 2026ra arte langabeziak igotzen jarraituko duela eta Estatu espainiarreko zor publikoa 2030erako BPGaren %141ekoaizango dela (orain %120 ingurukoa da).

Zalantzarik gabe, langile klaseak eta gazteriak badugu indarra sistema kapitalistaren logika hiltzaile hau amaitzeko.Badago alternatiba: banku eta enpresa handiak burgesiaren eskuetatik desjabetzea eta horiek langileen kontrolpe demokratikoan ezarriz, ekonomia giza beharren arabera planifikatzea. Eta hori guztiz posible da, baldin eta helburu argi horrekin uztartzen badugu mobilizazio soziala, lanpostu, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinen alde, eskubide demokratikoen alde, errepresioaren eta faxismoaren aurka.

Horregatik, funtsezkoa da langile borrokak bateratzea, ahalik eta maila zabalenean eta irmotasun handienarekin. Ez gara nekatuko hori azpimarratzen, jokoan dagoena oso garrantzitsua baita. Hori da patronalen mehatxuari aurre egiteko eta langile klaseak duen indar geldiezina mahai gainean jartzeko bide bakarra. Ikusitakoak ikusita, nork jar dezake zalantzan greba orokorren dinamika jarraitu bat berehala martxan jartzeko beharra?Greba orokorra behar dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.