Lurrari lotuz

2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Une onean dator Sorturen Kongresu berria, hamar urte bete baitira ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik eta, ondorioz, Ezker Abertzaleak estrategia berritu zuenetik. Nazio askapenerako euskal mugimenduak 1959-2011 urte bitartean eginiko borrokaldi eta lan politikoaren emaitza argia da: asimilaziorako bi estatuek garaturiko estrategiak porrotera eramatea. Arrakasta itzela, zalantzarik gabe.

Baina 50 urteko borrokaldi luze eta gogorraren ondoren, Euskal Errepublika sozialista sortzeko bidean estrategia aldatzeko beharra ere iritsi zitzaigun, eta horixe egin genuen 2011n. Hor kokatu behar ditugu Abian eta Zohardia hausnarketak. Eta, gaur, hamar urte pasatu direnean, nolakoa da hamarkada honetako borrokaldi eta lanaren emaitza?

Horretarako, hainbat galderari zintzoki erantzun behar diegu.Zertan dago azken hamarkada honen ondoren euskal prozesu independentista? Indartu al da independentziaren aldeko herri nahia? Ez dirudi, kontrakoa diote ikerketa gehienek, behintzat. Eta euskal prozesu sozialista? Zertan dago sozialismoaren aldeko borroka eta aliantza antikapitalista? Euskal gehiengo sindikalaz haratago eraiki al dugu ezer? Ez da inon ageri. Eta Euskal Herriaren lurralde batasuna? Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian aurrera egin da, zalantzarik gabe, baina lurralde batasunaren ikuspegitik euskal herritarrok elkarrengandik gerturatu ala urrundu egin gara azken urteotan? Non dago eta zein ikuspegi du mugaz gaindiko hiru eremuen arteko lankidetzak? Ez da hiru eremuen arteko elkarlan estrategikorik ere inondik ageri. Eta euskalduntze prozesua nola dago? Honetan behintzat guztiok bat gatoz azken urteotan moteltze edota atzeratze fase batean murgildu garela onartzeko, toki eta esparru batzuetan aurrera egin den arren.

Agian, euskal prozesu feminista da azken urteotan benetan indartu den prozesu bakarra, euskal feministek egin duten lan eta borroka txalogarriari esker, inolako zalantzarik gabe.

Joan den 60 urteotan herri honek aurrera egin duela ez dago dudarik, baina nolakoa da azken hamar urte hauetako emaitza? Nahiko genukeena eta, batez ere, beharko genukeena baino apalagoa zoritxarrez, nire ustez. Askok botila erdi betea edota erdi hutsa dagoela esanez erantzuten dute, baina agian erantzuna beste bat da: botila zulatua dagoela; eta zulatua badago, denbora ere gure aurka dago...

Abian-en eta Zohardia-n finkatu genituen bi ardatzen egoeraren azterketak gaia zerbait argituko digulakoan nago: zertan daude borroka instituzionala eta herrigintza? Estrategia berria behar den bezala garatzeko, bi ardatz horien arteko garapen orekatua bideratu beharko genuke, eta halakoa al da azken hamar urteotako balantzea ikuspegi honetatik?

Badakigu gure helburuak instituzioetatik soilik arituz ezingo ditugula eskuratu, baina ezta herrigintzatik soilik arituz ere. Biak dira beharrezkoak. Baina biak neurri berean garatu al ditugu? ala desoreka nabarmena eman da azken urteotan? Agian horretan datza gure botilaren zuloa...

Hamarkada honetan alor instituzionalean eginiko lanaren emaitza oparoa izan da. EH Bildu eta EH Bai horren ispilu argiak dira. Baina zertan dago herrigintzaren emaitza? Non dago herri bulkada? Euskal Herrian dauden ehunka borroka sektorialen ikuspegi bateratzaile eta norabide abertzalea zertan dira?

Herrigintzaren egoera Sorturen berbera da, ahuldua eta EH Bildu eta EH Bai taldeekiko subordinatua. Desorekatu dugu gure estrategia. Alor instituzionalak, hauteskundeek eta dinamika instituzionalek ia dena irentsi dute. EH Bildu eta EH Bai koalizioen mesedetan egiten da dena, herrigintza eta Sorturen errealitatea ahulduz eta menpeko bihurtuz, gure ikuspegi ideologikoa eta praktika politikoa mugatzeraino.

Egoera honetan, eta Sorturen Kongresuan, gure lehentasuna Sortu indartzea izango da, herrigintzaren ildoa indartzea dakarren proposamenari lehentasuna emanez. Desoreka estrategikoa orekatzeko asmoz, ahulenari indar berria eman behar diogu eta.

Ezker Abertzalearen ispilu ideologikoa den Sortu berpiztu behar dugu, eta, berarekin batera, ahulduta dugun herrigintzaren ardatz osoa. Egoera politiko honetan aldebakartasunez aritu beharko dugu ezinbestean eta, beraz, desobedientzia bidean sakondu beharko dugu. Lehena egin gabe, bigarrena ezinezkoa izango baita.

Eta ikuspuntu hau Sorturen Kongresura eramateko bildu da Ezker Abertzaleko militante multzo bat Lurrari lotuz ekarpena egiteko. Helburua ikuspuntu hau jasoko duen proposamena Ezker Abertzaleko kide guztiei aurkeztea da, eztabaidatzea eta baita bozkatzea ere. Horretarako, irailaren 15aren aurretik izena eman eta inskribatu behar du norberak bere burua Sorturen orrian Kongresuan parte hartzeko.

Nik bat egin dut ideia horrekin, Ezker Abertzalea eta askapen nazional zein sozialerako herri prozesua indartu behar baditugu, bi karrilak beharrezkoak ditugulako, botilako zuloa tapatu behar dugulako. Anima zaitez zu ere, izena eman eta Sorturen Kongresuko eztabaidan parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.