Nafarroako AHT Gelditu-ko kideak

Lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa

Enea Andueza Otsoa, Beatriz Arana Ortiz, Jesus Maria Etxarri Sotes eta Patxi Zubiria Aldaz
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

Garapen, ongizate eta modernitatearen ezinbesteko erreferente modura edota, oraintsuago, klima erronkei aurre egiteko elementu gisa inposatzen ari zaizkigun abiadura handiko trena bezalako azpiegitura handi eta desarrollistek diru kopuru handia behar dute, lehenik planifikazio eta eraikuntzarako (Hego Euskal Herrian 10.000 euro inguru), gerora mantentzean (kilometro bakoitzeko 100.000 euro inguru, batez beste, urtean), eta, bestalde, galerak eragiten dituen zerbitzu bati eusteak dakarren gastu publikoa, hori behin baino gehiagotan erantsitako gainkostuak kontuan hartu gabe. Eta nola bideratu aurrekontu publikoetatik halako dirutza?

Beste zenbait alor, gizarte zerbitzuak, lehen sektorea, hezkuntza, kultura... gutxietsi eta estutuz, bertako natur ondarea salduz eta suntsituz, desoreka bidegabean antolaturiko mundu honetan egoera zaurgarriagoetan dauden herrialdeen ondasun eta pertsonak ustiatuz, mugiaraziz, menperatuz, AHTaren eraikuntzan zuzenean ari diren langileak zukutuz edota zeren truke jaso diren ez dakigun diru publikoz hornituriko Europako koronabirus osteko funtsetatik eskuratuz. Zuzenean edo zeharka, zaintzarekin harremana duten esparruetatik, alegia.

Gauza gutxi dira zaintza bezain funtsezkoak bizitza izan dadin eta iraun dezan. Denok beharko dugu zaintza gure bizitzako hainbat unetan, eta behar dugu ere zaintzan parte hartzea hala aukeratzen dugunean eta behar ditugun baldintzetan, egun hori denon eskura ez dagoen pribilegioa izan arren. Zaintzaileak zaintzearen garrantzia ere gero eta sarriago aipatzen den gaia da. Haatik, oinarrizko errealitate honekin talka egiten duen bestelako egunerokoan murgilduta bizi gara. Datuek zabal eta argi erakusten duten moduan bizitzari eutsi ahal izateko bizkarrezurra den gaian, aitortzarik eza, ikusezintasuna, ezin aukeratzea, prekaritate nabarmena eta abusua nagusitzen dira, besteak beste.

Mendeetan oro har emakumeen gain ezarri den zama hori, egun ere, nagusiki, kolektibo zaurgarrienen lepotik asetzen da, emakume etorkin eta arrazializatuen kontura hain zuzen ere. Horrek jendarteari egiten dion ekarpen ekonomikoa, Hego Euskal Herrian, BPGaren %24 inguruan kalkulatu da (bestelako ekarpenak erantsi beharko lirateke). Maiz eremu pribatu-pertsonaleko aukeren bidez erantzuten zaion oinarrizko premia hau, gainera, negoziogai bihurtu ohi da ardura eremu publiko-kolektibora aldatzen denean.

Aurrerapena omen, azkar eta asko bidaiatzea, denbora aurreztea, pertsonak eta bestelakoak etengabeko mugimenduan izatea, gertukora hurbildu ordez urrunekora gerturatzea, tokian tokiko bizidun, ingurune, ikuspegi, modu, ezaugarri, aukerei... balioa eman ordez globalizazio desorekatu eta homogeneizatzailea sustatzea. Zaintzak, ordea, gehiago du zaindua izango denaren albora eta erritmora moldatzetik, entzutetik, denbora eman eta partekatzetik, ziztu bizian ibili eta denborari ihesi balioa legez aurrea hartu nahi izatetik baino. Azkarrago bizitzeak ez baitakar hobeto, sakonago, zabalago edota luzeago bizitzea. Jendarte modura ere, ezin aurrera egin, ezin erronkak gainditu eta berriei ekin oinarria kaxkarra denean, oparotasun eta berritasun itxura eman nahi baina euskarriak, kasu honetan jendartearen zutabe nagusietako bat den zaintzak, nekez eusten dionean.

Egoera kezkagarri hau ez da soilik pertsonen arteko zaintzan gertatzen; egungo jendarte ereduan, bertan zein mundu zabalean, inguratzen gaituzten gainontzeko bizidun eta ingurunearekiko zaintza eta zaintzaileak ere jazarriak dira behinik behin, erailak ere bai leku batzuetan, mozkinak etengabe eta nolanahi eskuratzeko asmoak kolokan ipintzen dituztenean. Bazter horretan kokatzen dira, aldeak alde, hego globaleko biztanleak, landa eremuetako herritarrak, nekazari, abeltzain eta arrantzale txikiak, bioaniztasunaren, lur, ur, argi eta airearen, denon ondasun komunen, zaindariak eta ekosistema suntsitzeko egitasmoen aurkako norbanako zein kolektiboak.

Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaigu, alde batetik, jendarte kapitalistaren ereduaren ikur den abiadura handiko trena eta loturik dakartzan beste hainbat azpiegitura, bizimodu eta erabakiak, eta bestetik denok bizi baldintza duinak izan eta denon premiak inor zapaldu gabe asetzeko berariazko borondate faltaren arteko lotura azaleratzea. Batetik lapurtzen denak elikatzen baitu bestea. Gutxi batzuen onurarako den proiektu txikitzaile eta xahutzaile hau interes orokorraren izenean indarrez inposatzen eta gauzatzen ari dira, nahiz eta interes orokorrak, hau da, jendarte orokorrak hainbat bideren bitartez beste interesgune eta beharrak dituela adierazi. Aise antolatzen dira botereguneetatik diru publikoz propaganda kanpainak; askoz ere nekezagoa da, ordea, herritarren artean, uzten zaigun informazio apurra jaso, partekatu eta interes kolektiboak defendatzeko antolatzea, areago ekimen hauek nahita oztopatzen badira.

Zorionez, Euskal Herriko herri mugimendua bizia eta aberatsa da, oraindik bederen. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Herriko mugimendu feministari denon bizitzak erdigunean ipintzeagatik ardatz modura, eta horrekin lotuta, azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren alde deitu duen greba orokor feministarekin bat egin nahi dugu, horren baitan lurraren zaintzarako eskubide kolektiboa nabarmenduz.

Lurraren zaintza kolektiboaren alde eta AHTa eta hura bezalako azpiegitura txikitzaileen kontra, jarrai dezagun borrokan!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.