Aurreko asteetan, Azpeitia eta Berangoko lurretan zuhaitz landaketa industrialen kontrako bi ekintza burutu dira. Hain zuzen 11.000 zuhaitz inguru moztu dira, guztira bederatzi hektareako lur zorua hartzen zutenak.
Kapital handien diru goseak hondamendira garamatza. Egungo krisi ekosozialaren testuinguruan, lurraren emankortasun eta bioaniztasunaren galera dira argiki identifikaturiko bi esparru garrantzitsu. Aurreko horiei zuzenki lotuta, asko dira zuhaitz landaketa industrialak gelditu edo oztopatzeko ditugun argudioak. Industria forestalaren etengabeko propagandak kontrakoa badio ere, argiki esan beharra dago zuhaitz landaketa hauek ez direla basoak. Basoak bizidun aniztasuna duten ekosistema konplexuak dira, adin, tamaina, forma eta kolore ezberdinetako landare, onddo eta animaliek osatuak.
Zuhaitz landaketa hauek egur ekoizpenean, monolaborantzan eta hazkunde azkarreko espezieetan (pinua, eukaliptoa, kriptomeria eta sekuoia, esaterako) oinarritzen dira. Espezie bakarra erabiltzeak, hau urte gutxiren buruan arraseko mozketa bidez (matarrasa) moztu eta ateratzeak, erabilitako makineria astunak eta hau mugitzeko egiten diren pistek mendietako lurzoruak izugarri kaltetzen dituzte. Lurra milaka urtetako bizidun ezberdinen material organikoen deskonposaketaren ondorioz sortzen da. Hala, ehun urte inguru behar dira lur emankor zentimetro bakar bat egiteko, eta landaketa industrialek urte gutxitan desegiten dute mendeetako ibilbidea. Denok ikusi ditugu eurite gogorrek eragindako higadura bidez ibaiak marroi kolorez jaisten. Denona den lur aberatsa, belaunaldi gutxi batzuetan ari gara galtzen. Etorkizunerako ekoizpen eta baso berritzeak asko zailduko dira praktika hauen erruz.
Landaketa industrial hauek, duten azalera izugarria eta inguru naturalarekiko eragiten duten erasoagatik, gelditu beharreko beste hainbat proiektu txikitzaileren pareko ikusten ditugu, hala nola: autobideak, AHTa, lurraren artifizializazioa, autopista elektrikoak, energia berriztagarrien makro-zentralak...
Ingurumenean eragindako kalteez gain, esan behar da egur ekoizpen hauek ez direla gizakion beharrizan materialak asetzeko. Ekoizpen hauek gutxi batzuen diru goseari eta kapitala metatzeari begira sortutakoak dira. Neurrigabeko kontsumoan, pertsonen esplotazioan eta naturaren txikizioan oinarritutako gizarte honetan, ekonomia globalizatu xahutzailearen makinak martxan jarraitzeko ekoizten diren produktuak dira.
Gainera, landaketa hauen atzean zuriketa berde ariketa argia dago, enpresa ezberdinek beraien burua ingurugiroaren babeslez mozorrotzen dute, naturaguneen txikizioaren arduradun nagusiak diren bitartean. Karbono emisio neutraltasunaren ipuinaren atzean ezkutatzen dira: arbola asko landatzen dutela esan eta beren burua berdez pintatzen dute. Egurraren negozioan, kapitalismo berdearen adibide argia dira Smurfit Kappa, Iberpapel edota Kutxabank. Beste sektore batzuei lotutakoak ere baditugu, hala nola Repsol, Iberdrola, Statkraft edota Amenabar, beste askoren artean. Eragindako txikizio sozial eta naturala ezkutatzeko propaganda publizitarioa merke ateratzen zaie. Bitartean, langile prekarizatu eta migrantea baliatuz kudeatzen dituzte lurralde hauek, bereziki lan arriskutsua, istripu indize oso altua duen sektoreak baitira.
Enpresa pribatuen indar hau administrazio publikoaren konplizitatearekin bat dator, Basotik bezalako txiringito publiko-pribatuak adibide. Monolaborantza industriala bultzatzeko segida besterik ez dira.
Jasangarria izango den elikagai eta basogintza proposamen alternatiboak garatzeak berebiziko garrantzia duela iruditzen zaigu, hauetan indarra jarri eta ekimen guztiak babestu behar direla iruditzen zaigu. Hala ere, etorkizuneko gizarte justu eta bizigarriago batean sinisten badugu, halabeharrez diru goseak mugitutako jendilaje honen makineria eta praktika erasokorrak geldiaraztea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, bailaraz bailara taldeak sortu eta eraso hau gelditzeko ekimenak martxan jarriaz, landaketa industrialak desegitera gonbidatu nahi zaituztegu.