Euskal lurraldea zeharo desorekatzen ari zaigula esatea ez dago agendan. Etekinak maximizatzeari emandakoak zoratzen dabiltza hiriburuen inguruan gero eta jarduera zein biztanle gehiago dagoelako. Biztanle gutxiko lurralde eremuetako eragileak, aldiz, lurraldea bere luze-zabalean ikusi nahi ez dutenen gutxiespena jasotzen aspertuta, eguneroko lanari emanak daude, isilik.
Lurralde zatiketak ez du laguntzen gure naziotasunaren muina ukitzen duen arazo baten aurrean gaudela jabetu gaitezen, euskal lurraldetasuna erabateko transformazioan dago. Mingarri zaigu lurralde kontzientzia, mingarriago lurralde konpromisoa. Baina gure lurraldetasuna auzitan dagoela esateak bete-betean eragiten dio euskal herritarren eguneroko ongizateari zein euskal eragileok, gure lurraldeari dagokionez, dinamika iraunkorretara jotzeko behar dugun konpromisoari. Eratuko al dugu bizimodu duinarekin eta dinamika iraunkorrekin bere luze-zabalean konprometitutako lurraldea?
Lurralde orekaren euskal agendak gure nazio proiektua munduko herri gehienen agendarekin lotzeko aukera ematen digu. Gure lurraldearen luze-zabalean ongizatea eta bizigarritasuna bermatzea da iraunkortasunaren lehen maila.
Euskal udalerrien erdiak metabolismo demografiko kritikoa du, eta bi herenek ez du enplegu eskaintza nahikotasunik eragiten, beste zenbaitek inguru guztietako enpleguak hartzen dituzten bitartean, milaka desplazamendu eraginez. Hari beretik tiraka, zerbitzuen eskuragarritasunak edo etxebizitzen disponibilitateak antzeko irudia uzten digute: Euskal lurraldea nabarmen desorekatzen ari da nodo indartsu eta gainerako lurralde eremuen arteko dualizazioan. Deskribatzen ari garen egoera ez litzateke deigarria baldin eta desoreka horretan metaketa zein hustuketa jasaten ari diren eremuak iraunkortasuna bermatu ezinik egongo ez balira. Hor dago gakoa: gure lurraldearen eremu zabal bat iraunkortasunik bermatzen ez duen prozesu bat eta bere ondorioak jasaten ari dela.
Iraunkortasuna XXI. mendeko erronka denez, ez genuke gure lurralde desoreka eta komunitateen iraunkortasun-eza jasatera mugatu behar. Iraunkortasunak konpromiso aktiboa eskatzen dio komunitate bakoitzari, izan lokala zein nazionala. Eta erantzunak sistemikoa izan behar duen aldetik, euskal populua da bere lurraldearen gainean paradigma iraunkor bat artikulatzera deituta dagoena.
Lurralde oreka iraunkorraren auzia ez dago hedabideen lehen lerroan, baina Euskal Herriko lurralde guztietan prozesu sakonak bizitzen ari gara. Nafarroako tokiko administrazioaren mapa berria edo Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoaren egitasmo estrategikoak, berdin Euskadiko AE-ko Lurralde Antolaketako Gidalerro berriak erronka horri erantzuteko ariketak dira. Ikusteko dago ariketa bakoitzaren azken emaitza eta ondorioa, baina «jasatetik» «eragitera» pasa garela esateko bidea ematen dute, eta Euskal Herri osoan une berean (!). Edonola ere, ariketa horiek iraunkorrak izango badira, tokian tokiko eragileen esku egon behar du zer egin eta nola egin iraunkortasun joerak eragiteko... «behetik gora» egitea da lurralde garapenaren oinarria. Tokian tokiko eragileen protagonismoari bide eman ezean, «zoritxarraren ezintasun gozoan» gainbehera bizitzera deituta gaude. Azken hau, ordea, ez da aukera baliagarria, nahiz eta horren alde interesatuak ere badiren.
Iraunkortasuna erabiliaren erabiliaz kontzeptu aski lausoa gertatzen ari da. Onenaren eta okerrenaren adibideek iraunkor ikurra daramate. Dena dela, ingurua zaintzeak eta geroko belaunaldiei ondare hori bere horretan transmititzearen erronkak balio handiko paradigma izaten jarraitzen duela esango genuke. Horretan, ordea, ez dago gure ekosistema naturala bakarrik, gure komunitateen osasuna ere transmisio horretan aintzat hartu beharko genuke. Eta komunitateei erreparatuz gero, ikuspegi ekosistemikotik, asko dira jorratu beharreko parametroak, hala nola oreka demografikoa, enplegua, zerbitzuak, mugikortasuna, etxebizitza, elikadura, energia... Posible al da euskal komunitate lokalentzat iraunkortasuna berma dezakeen dinamika martxan jartzea?Horretan asmatu beharko dugu.
Bi dira hemen galdera nagusiak, «zer egin?» eta «nola egin?». Batak besteari eragiten dion aldetik, azpimarratzekoa da helburuak eta bitartekoak bateragarri behar dutela izan. Egin beharrekoak tokian tokiko bizimodua bermatu beharko du, bai oreka demografikoa gordeko duten neurriak hartuz, bai bizimodu duina eskainiz (enplegua, etxebizitza, zerbitzuak) edo inguru naturalaren erabilera egokia eginez (elikadura, mugikortasuna...).
Esandakoak, ordea, metodologiara garamatza. Paradigma ekosistemikoan ez dago «eredurik»; tokian tokiko lehentasunak, aukerak eta adostasunak dira ibilbidea zehazteko gakoa. Horrek egiten du ekosistemikoa izatea. Ez dago agenda bakar bat, ez eta metodologia bakar bat ere. Tokian-tokian egindakoa arrakastatsua izan dadin, adostasun zabala eta denboran eustea behar da. Hartara, eragile desberdinen arteko uztardura sendoak lantzea eskatzen du, protagonismoak konpartitzea, beste maila instituzionalen babesa bilatzea. Horrela eta horrela bakarrik lortuko dugu, baliabideak urri diren garai honetan, lankidetza gradu handiagoak lortzea eta lankidetzaren eraginkortasunik handiena. Udal hauteskundeak ditugu 2019 eta 2020an Euskal Herrian. Aukera politiko bakoitzak bere onenak eskaini nahiko ditu. Gure uste apalean, ezinbestekoa da ataka honetan desberdinen arteko lankidetzarako jarrera zintzoa eskaintzea (izan eragile sozial, ekonomiko, akademiko zein instituzionala), eta ondoren etorriko dira proposamenak.
Gaindegia, lurralde-behategia den aldetik, arretaz jarraitzen ari da euskal lurraldearen luze-zabalean ditugun komunitateen bilakaera eta osasuna. Ardura horretatik, hurrengo urteetan bide hau urratzen lagunduko duen sentsibilitatea erein eta lanabesak eskaini nahi genituzke, baliabidez urrien dabiltzan komunitateei batez ere. Asmo berarekin antolatu dugu maiatzaren 4an, Oñatin, Udalbizi jardunaldia, jarduera sorta baten lehen hitzordua izan nahi duena.
Lurralde orekaren euskal agenda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu