Lurralde kolektibitatea

Ruben Gomez
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aurtengo martxoan berrantolatu denetik, Udalbiltza lanetan ari izan Euskal Herri osoan. Interes handiarekin eta hurbiletik segitu ditugu Iparraldeak egin dituen urratsak aitorpen instituzionalaren bidean. Baina entzun dugu ere Frantziako Estatuaren erantzun ezezkorra, baita jasan diren mehatxuak hainbat arlotan ere.

Lurralde kolektibitatearen aferaz gain, hor da kantonamenduen mapa desitxuratu nahia, ikastolei jartzen dizkien trabak, euskararen aitortzarik eza eta bake prozesuan duen jarrera itxia. Horra hor Frantziaren borondatea Euskal Herriarekiko.

Azken hilabeteetan Iparraldean egin diren gogoetak azpimarratzekoak dira, eta eredugarria da lurralde kolektibitatearen alde lortu den adostasun zabala. Hautetsien eta Garapen kontseiluek, Merkataritza Ganbera, Herrien Biltzarra eta Batera plataformak deitutako manifestaldian parte hartu genuen joan den ekainaren 1ean Baionan.

Geroztik ikusi eta nola aipatua izan den gaia Frantziako Asanbladan, badira mila etsenplu kezkatzeko. Erantzunik gabe egon da Euskal Herriaren eskakizuna. Berantago, Lebranchu ministroa hurbildu zelarik Iparralderat, mespretxu osoz, etorri da bertze lurraldeetako hautetsiekin biltzeko. Parisko haizea ezezkorra da, eta Euskal Herriak pausatu dituen galdera guziak aterabide konkreturik gabe uzten ditu Parisek. Ber mementoan, desentralizazio prozesu batean sartua delakotz Frantzia, egutegi proposamen batekin joan dira Korsikara frantses ministroak, baina ezer ez proposatuz Ipar Euskal Herriari.

Bere lan ardatzen artean, Udalbiltzak leku inportanta ematen du euskarari. Gure hizkuntzak bizitzen duen egoera larria kezkak sortzen ditu, bereziki koofiziala ez den tokietan eta, bertzeaz bertze, Iparraldean. Frantziak ez dio ezagutzen estatus berezirik euskarari. Azken asteetan, eta aurretik aipatu dugun bezala, Frantziako gobernamenduak argiki erran du ez duela izenpetuko Hizkuntza Gutxituen Europako Karta. Nahiz eta aurrerapausoak eman diren bizi publikoan hedatzeko bere erabilpena, borondate politikoaren eskasagatik gure hizkuntzak beti mehatxupean segitzen du. Jakinez, irakaskuntzatik pasatzen dela euskararen geroa, Frantziako gobernamenduak jartzen dituen oztopoak Seaskaren bidean onartezinak dira. Prefetaren jarrera ikastolen diruztatzeari buruz ez da erantzunik gabe geratzen ahal.

Ohartzen gara herriak eraiki dituen tresna ezberdinak zalantzan jartzen direla gaur egun. Adibide baten hartzeko, hoberenetariko bat da Euskal Herriko Laborantza Ganberarena. Herritarren ekimenez 2005ean sortu zenetik, etengabe Frantziako Estatuak nahi izan du trabatu bere lana. Hala nola 2008an auzian jarri zuen elkartea, eta azken urteetan ere diru laguntza batzuk debekatuak izan dira prefetaren ahotik. Gogoratu behar da, ordea, estatuak Laborantza Ganberaren aurkako auzia galdu egin zuela epaiketan; herriaren garaipena izan zen.

Azkenean, Euskal Herriaren egituraketan egiten ditugun gogoetetan, gure lurraldeko mapa historikoa kontuan hartzen dugu. Arlo hortan, kantonamenduen berrantolatzeak ekartzen duen Iparraldeko maparen urratzea onartezina zaigu. Gaur egun egiten den proposamenak ez du kontuan hartzen Euskal Herriko mapa, aurreikusten baita Biarnoko eta Baxenabarreko herri zenbait batuko dituen kantonamendu bat sortzea. Horrelako boz eremu artifiziala sortzea bertze mespretxu marka bat da. Euskal Herriko lurralde kolektibitatearen bidean ezarri nahi diren traba guziak salagarriak dira Udalbiltzaren iduriko.

Udalbiltzak, nazio instituzioa izanik —arlo politikoan aro modernoko aurreneko instituzioa—, Euskal Herri osoko proiektuak eramaten ditu, eta horregatik, Iparraldeko egoera hurbiletik segitzen du. Argi da guretako lurralde kolektibitate baten sortzearekin lan gehiago egiten ahalko dela «mugaz gaindiko» harremanen arloan. Gure ikuspegia da eskumen gehiago eman behar zaizkiola Iparralde mailako egitura bati.

Bista da egoera zaila dugula aitzinean: Frantziaren aldetik ukazioa, mespretxua, diskriminazioa jasotzen dugu. Euskal Herria kolpatuz ari da, Euskal Herriaren aurka doan hautu politiko bat garatzen ari da. Haren erabakiak Pauetik, Bordeletik edo zuzenean Paristik heltzen zaizkigu.

Baina Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan aitorpen instituzionalaren, ikastolen, euskararen eta bake prozesuaren aldeko indarrak metatuz goaz. Parisek ez badigu deus ematen, hemen beharko ditugu sortu tresnak. Ber garaian herriak sortu zuen ikastola, eta duela zenbait urte, Laborantza Ganbera ere bai. Biak herrian eta herritarren artean sustraituak dira.

Gisa berean, denok Euskal Herrira begiratzea garrantzitsua da, gure Herri hau aintzat hartzen duten norbanako eta eragileen arteko elkarlana bilatuz. Udalbiltzak hori nahi du uztartu: gure Herri honetako joerak, sentimenduak, lurraldeak…; azken batean, Euskal Herria eraikitzeko eta egituratzeko.

Mezu horiek eman genituen aurreko astean Baionan, Udalbiltzak bere aro berrian Iparraldean egin lehen agerraldi publikoan. Baina, halaber, jakinarazi genuen Iparraldean pausoak ematen hasiko garela, ez garela geldirik egonen.

Argumentuak ez ditugu eskas, eta astez aste biderkatzen dira mobilizatzeko arrazoiak. Ez da posible horrelako egoera baten aurrean isilik egotea. Horregatik, mespretxuaren kontra eta lurralde kolektibitatearen alde, Maulen izanen gara bihar, Batera plataformak antolatutako manifestaldian. Eta, bistan dena: deitzen ditugu Euskal Herriko biztanle guziak Maulera joatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.