Lurrak badu oroitza

Julio Navarro
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Mundu globalizatu batean bizi gara, latifundio eta monolaborantza munduan. Gure baratzean ditugun produktuak ekartzen ditugu urrunen dauden lekuetatik, a priori merkeagoak baitira, ustez errentagarriagoak. Epe laburreko irabaziak baino ez du axola, ez produktuak, ez ekoizteko moduak, ez nork ekoizten duen.

Testuinguru horretan hasi ginen Errigoraren baitan abentura hau lantzen, 2012an. Logika makabro horren alternatiba txiki bat planteatzera zetorren ekimena, gutako askori bitxia iruditu zitzaigun ikuspegi batetik: koktel bat proposatzen zen, Nafarroako hegoaldean eta erdialdean euskarari emandako bultzada eta tokiko produktuak zirkuitu laburren bidez merkaturatzea nahastuko zuena, eta, gainera, auzolanean. Sinesgogorren harridurarako, arrakastatsua izan da esperimentua. Lehen urte hartan bi ekoizlek parte hartu bazuten, kontsumitzaileen artean izandako harrera ona dela eta, jada 25 ekoizle gara: olio ekoizleak, kontserbagileak, ardogileak, pasta ekoizleak, zereal ekoizleak (arroza); eta orain, lekale ekoizleak.

Inork baino hobeto dakigu zer den 25 ekoizle proiektu batean elkartzea. Bakoitzak bere beharrak ditu, eta baita berezitasunak ere. Hala ere, harro esan dezakegu talde polita egin dugula, eta, ekimenaren onurez harago, eguneroko lanean sortzen zaizkigun arazoak eta konponbideak partekatzeko gunea da Errigora, elkar ezagutzeko eta elkarrengandik ikasteko lekua. Proiektu honetan partekatzea da gakoa, eta ez da lehiatzeko espazio bat. Aldi berean, jende asko ezagutzeko aukera eman digu, Ebrotik kostalderaino, eta errotarriari eragiten dioten kontsumitzaileen eta boluntarioen ikuspuntuak sakonago ulertzeko.

Sektorea eta tokian tokiko produktua modu zuzen eta ekitatiboan bultzatzeko premisa argiarekin, urrats esanguratsuak egin ditugu. Eta pentsa liteke nekazaria, produktua eta kontsumitzailea erdigunean jartzea edo nekazaritza lurrak berreskuratzearen alde egitea, gaur eta hemen, galeretan arraun egitea dela, baina gu belaontzi batean bezala sentitu gara, haizea alde dugula. Horren erakusgarri da salmenten bolumena, eta hori izan da aurrerapausorik nabarmenena: ekoizle gehiagok eta gehiagok ekimenarekin bat egitea; izan ere, lankide berriekin izan ezean, ez ginen iristen eskatzen zizkiguten kopuruak zerbitzatzera.

Hain zuzen ere, ibilbide labur baina oparo honen alderdi aipagarrienetako bat da gure baratzean egin ditugun urrats gehienak kontsumitzaileen plateretik abiatu izana. Duela lau urte gertatu zen bezala, produktu ekologikoen eskariari erantzutea erabaki genuenean, eskaintzen genituen produktuetan lerro ekologiko bat irekiz eta, horrela, elikadura burujabetzarantz urrats bat gehiago emanez. Ondorioz, soilik modu konbentzionalean ekoizten ari ginen kontserbagileak ekologikoan ere egiten ditugu orain, nekazaritza ekologikoaren arloan lanpostuak sortuz, laborantzako paisaia eraldatuz eta iraunkortasunerako beste urrats bat eginez.

Orain ere beste egitasmo bati ekin diogu lekaleen arloan. Tamalez, Nafarroako oso nekazari gutxik ereiten du txitxirioa eta dilista. Hala ere, gure amonek eta gure gurasoek horrelako lekaleak bildu dituzte. Uste dugu, beraz, ekoizpen hori berreskuratzeko eta produktu horiei balioa emateko unea dela. Beste inondik ekarri gabe, lanpostuak sortuz, laborantza-paisaia hori aldatuz, produktua dibertsifikatuz eta, gainera, ekoizpen hori ekologikoa izatearen aldeko apustua eginez.

Egunotan Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainan murgilduta gaude. Pandemiak bultzatutako baldintzak onenak ez badira ere, edo agian horregatik, eskaerak oso erritmo onean egiten ari dira. Potxa eta menestra ekologikoa eta piperra amaitu zaizkigu dagoeneko (aurreikustekoa da beste produktu batzuk ere agortzen hastea) eta lanean ari gara nekazari gehiago lanean jar daitezen eta datozen urteetan produktua helarazteko arazorik izan ez dezagun. Arazo bedeinkatua! Maila guztietan lan egingo dugu Nafarroan produktu horiek guztiak izan ditzagun, ahalik eta modu jasangarrienean landuz, globalizazio zentzugabe horren ordezko kanalak sortuz, paisaia-aniztasun zoragarri hau gure Nafarroa maiteari oparituz.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi genizkieke Errigoraren inguruko kontsumitzaile guztiei, gugan, ekoizleengan eta, noski, ekimenean jartzen duten konfiantzagatik. Zuen apusturik gabe, horrek ez luke zentzurik izango. Elikadura burujabetzan urratsak egiten jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, ahaztu gabe lurra gurea dela eta ez merkatuarena. Lurrak memoria duela ahaztu gabe. Nafarroak eskertuko digu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.