Lurra iraintzen duenak bere burua iraintzen du

2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gizakiaren hazkundeak Bengalako tigrearen habitat naturalen murriztea ekarri du, gaur egun galtzeko arriskuan dagoen tigre espezie hori soilik zenbait herrialdetako eremu babestuetan aurkitzen da. Dokumentaletan gisa horretako espezieak ikusten ditugun bakoitzean bihotza hunkitzen zaigu, eta zerbait gehiago egin genezakeela pentsatzen dugu. Baina ez daukagu Indiara edo Birmaniara joan beharrik tigre horren egoera berean dauden espezieen bila. Gipuzkoako babesguneetako animalien ekosistemak egunetik egunera mugatuago ditugu, eta, esaterako, ugatza Gipuzkoatik botatzear gaude. Gaztelaniako «Quebrantahuesos» izenarekin are ezagunago den eta Erkidegoan soilik Aralarren bizi den hegaztia galtzeko arriskuan dauden espezieen artean dago.

Ugatza gizakion eraginarekiko oso sentikorra den espezie bat da, eta hegazti horren zein beste edozein animalia babestuen eremu askea murrizten dugunean, animalia horien portaeran eta ohituretan aldaketak sortzen ditugu, estres fisiologikoa deritzona, zenbait kasutan gainera beraien bizilekutik alde egitera behartuz eta, ondorioz, espezieen galera eraginez. Gizakion eraginaren ondorioz Aralartik alde egitera behartzen ditugun espezie horiek ziurrenik ez dira betiko galduko, beste eremuren batean ere egon daitezkeelako, baina geurea izango da etorkizun batean behin betiko galtzearen errua.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazi bezala, Aralarko pista proiektuak bertako ekosistemetan «itzulerarik gabeko eragin latzak» sortuko ditu. Baina Batzar Nagusien gehiengoak (EAJ, PSE eta PP), zein aldeko botoa eman duten herrietako ordezkariek, nekazari sindikatuen laguntzarekin, zientzia elkarte prestigiodunari bizkarra eman eta hurrengo faseak aurrera eramateko planifikazioa eta finantzaketa onartu dute. Ulertezina da Natur Parkeko legedia betetzeko ardura duen instituzioak legedi horren aurka doan proiektu bat babestea, eta are ulertezinagoa, Aralarko habitat eta biodibertsitatearengan izango lituzken eraginak aztertu gabeko proiektua babestea.

Larreen kudeaketari dagokionez, Teledetekzio metodoei esker ikusi da Aralarko larreen azalera murriztu egin dela azken urteetan, hau da, harkaitz gehiago bistaratzen dela. Hori jakinda, Enirio-Aralar Mankomunitatea Aralarko goi-lurretan 14 futbol zelairen azalera hartuko lukeen larre eremua pista bihurtzear dago. Baina hori ez da dena, Aralarren larre gutxiago dugun bitartean, Mankomunitateak ganadu karga igotzea onartu du (2003ko kudeaketa planean egokitzat ezarritakoa igoz). Beraz, zein nekazaritza eredu nahi dugu Aralarren? Larreen ustiapen gorena eta abeltzainen erosotasuna soilik bilatuko duena? Edo artzaintza tradizionala babestu eta Ingurugiroarekin orekan garatuko dena? Gainera, garbi dago Aralarko larreak paisaia zoragarria direla, baina agronomiaren ikuspuntutik larreak eta basoak tartekatuago egon beharko lirateke. Horrela, gaur egungo arazo larrienetarikoa den higadura gutxituko genuke, lurrak eta larreak aberastuko genituzke eta ganaduari zein animalia basatiei babesa eskainiko genieke.

Gipuzkoako Foru Aldundia Natur Parkea gidatzeko gaitasun falta ikaragarria erakusten ari da, legedia ez errespetatzeaz gain, denon ondare den natur ingurunea arriskuan jarriz. Gainera, proiektu honek gatazka sozial bat sortu duela ikusita, konpontzen saiatu ordez gatazka elikatzen jarraitu du bide-sare guztia onartuz eta finantzatuz. Abeltzainek proposatu-politikariek onartu dinamikarekin jarraitzen badugu, Aralarko gainontzeko erabiltzaileek hitzik gabe jarraituko dute. Euskal Herrian esparru guztietako adituak ditugu (Biologoak, Nekazaritza Ingeniariak, Geologoak, Ornitologoak... ), eta beraiek dira abeltzainentzat zein habitaten kontserbazioarentzat irtenbiderik egokienak aurkitzeko gaitasuna dutenak, Aralarrerako hoberena zer den dakitenak, zergatik ez dugu beraiengana jotzen?

Bengalako tigreak zein Aralarko ugatzak ez dute beraien eskubideak aldarrikatzeko ahalmenik: gu gara hori egiteko gai garen bakarrak. Aralarko Natur ondarearen aurkako eraso historiko baten aurrean gaude eta ezin gara geldirik geratu, eman dezagun libreki geure iritzia udaletan, elkarteetan edo lagunartean, oraindik proiektua geratzeko garaiz gaude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.