Xabier Isasi Balanzategi.

Lukurreriaren kontra

2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Idoia Mendia, seguru asko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sozialisten hurrengo Idazkari Nagusia izango da. Bejondeiola! Igual horregatik, batek daki zergatik, iragarri du lehertu nahi duela orain dela 30 urte lortutako hizkuntza politikaren adostasuna. Beti paratuko naiz pertsonaren alde Gabriel Aresti olerkariari kendutako idazpurua erabili du bere blogean euskararen normalizazioaren aurka idazteko. Orain, Mendia andereari gehiegi iruditzen zaio Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren aurrekontua. Orain, gehiegi iruditzen zaio bera zegoen Jaurlaritzan artean zerabilen hizkuntza politikarako aurrekontua. Hizkuntza-nazionalista espainiarrak erasokor datozkigu. Berriro ere.

Sozialisten Idazkari Nagusia izan baino lehenago argi utzi nahi izan du euskararen normalizazioa bigarren mailako auzia dela. Euskararen normalizazioa munta txikiko auzia dela. Mendiak esaten du hizkuntza politikaren aurrekontua handiegia dela, gizartearen beharrizan garrantzitsuagoak direlako, sei urteko krisialdiak pertsonen arteko desberdintasun maila handitu duelako. Mendiak, legebiltzarkide sozialistak, esan zezakeen erregetzan, indar armatuetan edo alferrikako azpiegitura erraldoietan gehiegi gastatzen dela krisi garaiotan eta lehentasuna dela pobreziari aurre egitea eta pertsonen ongizatearen administrazioari eustea (osasuna, hezkuntza, hizkuntza eta abar). Mendiak, ostera, kontrajarri nahi izan du hizkuntza politikaren gastua eta politika sozialen gastua, beste era batera esanda, nahiago izan du garai batean sozialistek lortu omen zuten adostasuna popatik hartzera bidaltzea. Gero, ohartarazi digu demagogia esango diotela berak esaten duenari. Zer da, bada? Nola esan behar zaio horri?

Hizkuntza politikari dagokionez, Mendiak adostasuna baino konfrontazioa nahiago du. Alabaina txarto aukeratu du erreferentzia. Gabriel Aresti ez baita, hain zuzen ere, hizkuntza-nazionalista espainiarraren eredu. Bilboko poeta euskararen batasunaren eta hizkuntzaren normalizazioaren erreferentzia nagusia izan delako. Okerbideak ez baitaki mintzaerarik, Arestik idatzi zuen eran. Hizkuntza-nazionalista espainiarren aitzindari agertu nahi du Mendia andereak. Ardura hori ez dagokie sozialistei, Gasteizko Legebiltzarrean bada meritu propioz leku hori bete dezakeenik. Hitz egin dezagun, adostu dezagun, ahal dela.

Hala ere, berriz ere, hizkuntza-nazionalista espainiarrak erasokor baletoz beti pertsonaren alde paratuta aurkituko gaituzte. Ez gara isilik geratuko hiztunen aurkako erasoen aurrean, otsoen kontra, /sikatearen kontra, /lukurreriaren kontra. Ez gara isilik geratuko euskararen normalizazioa apetazko bitxikeria dela iradokitzen duenaren aurrean, euskararen biziraupena eta hizkuntzaren bizi-indarra, oro har, pertsonen ongizatearekin kontrajartzen duenaren aurrean. Euskara zokoratu nahi duen hizkuntza-nazionalista espainiarrak beste argudio bat, eta beste poeta bat, bilatu behar izango du normalizazioaren aurka jarduteko. Euskararen normalizazioak herri askeagoa, justuagoa, orekatuagoa eta aberatsagoa ekarriko duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.