Itziar Aizpurua Egaña.

Lotsa politikoa

2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ez dakit izenburua egokiena den jarraian irakurlearekin partekatu nahi nukeena adierazteko; izan ere, gaztelaniazko decencia hitza iruditzen zait hobeto atxikitzen zaiola. Hala eta guztiz, elkar ulertuko dugunaren ziurtasun osoa daukat.

Begira irakurle maite, hasieratik esan nahi dizut engainatua senti ez zaitezen abertzale jaio nintzela, eta ezkertiarra egin nire bizitza ederraren ibilbide osoan. Horretarako, familia, eta kide-senar ezin zintzo eta jatorragoak izan ditut, eta gaur egun harietakoen belaunaldi gazteagoaz gozatzeko aukera daukat; luxu handia, nirea!

Beraz, begirada luzean, Euskal Herria nire baitan sentituz, zintzoago eta libre egin nahian datozen belaunaldientzat, zerbait baino gehiago egin beharra daukadala diot neure buruari une apropos honetan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ate-joka ditugula. Ez dira bi hilabete igaro ere Udal eta Batzar Nagusietako hauteskundeen emaitzak jaso genuenetik. Eta, horko emaitzak alderdi galtzaileek nola kudeatu dituzten ikusita datorkizu lotsa politikoa, artikulu honen izenburua.

Iruzur eta eskandalu ikaragarria da Euskal Herrian EAJ egiten ari dena: marra gorria jarri beharrean PPri eta berarekin loturik doan Voxi, lankide legez hartzen ditu, lagun politiko gisa. Lehenengo Alderdia eta gero Aberria, eta ez alderantziz; bere betiko joko politikoa. Jaun eta jabe gantzutua bezala funtzionatzen du EAEn herritarren borondatearen aurka, entzungor, eta mespretxuz. Bere txiringitoa balitz bezala kudeatzen ditu EAEko instituzio politikoak.

Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan, PPk garbi dio orain arte lortu ditugun hainbat eskubide sozial eta politiko bertan behera utziko dituela bere agintaritzapean, eta Voxek, berriz, Francoren nostalgiapean burdinazko eskuarekin ekingo diola. Euskal Herria eta Katalunia jopuntuan...

Francoren Estatu kolpetik laurogeita sei urte egun hauetan beteko ditugu, eta, herritar zaharrenen memorian giltzaturik bizi da ahaztuko ez dugun gurutze-bidea. Horrelakorik egun ezinezko jotzen bada ere, Franco-kumerik ez dugu behar, orain arte herritarren borrokaz eta lanez, kemen handiz lortutakoa ken diezaguten.

EAJk aurreko hauteskundeetan egindakoa eta gero, damu eta lotsarik gabe, bere burua zurituz agertu nahi du faxismoaren kontra aitzindari gisa, etxeko instituzioetan, herritarrentzat hurbilen dauden tokietan, PPri legezkotasuna eman dionean. Nahi badute ala ez, bistan geratu da, ikusi nahi ez duenarentzat ere, alderdiaren interesen alde jokatuko duela betiko legez eta bidetik, deus aldatu gabe.

Ezker Abertzaleak marra gorria faxismoari jaio zen unetik jarria dio, hirurogeita bost urteotan, eta jarraituko du izaten faxismoa bera gailendu arte, izen bat edo beste bat izan: PP, Vox, UPN eta aurreko garaian AP, UCD eta abar, etengabeko borroka baita Independentzia sozial eta politikoa lortu arte.

Pozik adierazi behar dut, irabazleen zelaian ilusioa, gogoa, eta indarra agerikoak direla. Ezker Abertzaleak eta bere inguruak garbi daukate momentu honen garrantzi politikoa, eta aurrera ekingo diote ezbairik gabe, nahiz urduritasun punttua badagoen militante bakoitzaren baitan faxismoari planto egiteko.

EH Bilduk altxatuko du Madrilen, Euskal Herrian, Europan, eta behar den toki guztietan faxismoaren aurkako ahotsa, eta ukabila, gure asaben omenez, geu askeago izan gaitezen, eta ondorengo belaunaldiak harro bizi daitezen euskaldun izaten.

Egingo dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.