Lortu dugu

Ixabel Urkijo Fabian Laespada
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
ETA iraganeko kontua bihurtzen ari da. Iragan guztiak gogoan izatekoak dira; areago, geure-geurea izan den hau, hain zuzen beragandik ikasteko, balizko okerreko bideak garaiz zuzendu ahal izateko eta, azkenik, onartezina dena errefusatzen ikasteko. Iraganeko ikasgaia gainditu dugunez, orain emaitzak jaso ditugu: lortu dugu, etorkizuna geurea da. Lelo hori izango duen manifestaldira egiten diegu dei euskal hiritar guztiei.

Etorkizuna geurea da, lehenaldian gero eta jasanezinagoa zen lasta hilgarria libratu dugulako. Izugarria izan da ituaren erdian egon direnentzat. Izugarria izan da erailketa etengabe salatzen aritu garenontzat, baita euskal gizartearen zatirik handienarentzat ere. Alabaina, indarkeriaren erabilera urte luzeetan desenkusatu duten horiek ere, egun,ez dute begi onez ikusi ETAren ekina azkenaldion. Beraz, oraingoan asko gara, guztiak, indarkeriaren erabilerari muzin egiten dutenak. Aspaldiko partez, gure bizitzaren arlo guztiotan edozer garatzeko askatasun oparoa dugu, ETAk hamarka urtez oztopatu izan digun askatasunezko bidea azkenik jadetsita. Asko geratzen da egiteke, bake bidean ez baita makala ibili beharreko tartea, baina egoera guztiz bestelakoa izango da denontzat.

Izuikararen tiranokeria, guztizko bidegabekeria, minaren minez egindako bide antzua... horiek guztiak atzean geratu dira, hastapen demokratikoak, begirunea, aniztasuna, tolerantzia eta zentzumena gailendu direlako. Horrratx, lortu dugu. Horixe izango da gure azken manifestazioaren leloa, sinadurarik gabe, denon arteko emaitza izan baita, finean, goian aipaturiko hastapen horien garaipena delako; eta garaitza honek asebete egiten gaitu.

Oroimena landu beharreko arloa da. Hemen gertaturikoak izan behar du oihartzunik. Horrenbesteko oinazeak bozgorailua izan behar du. Bidegabekeriak lekukoak ditu, eta kontatu behar digute zer izan den, zer gertatu zaien, zenbateraino sufritu duten, noraino sentitu diren bakardade latzean bazterturik, zenbateko mina daramaten egun eta gainontzekook zenbat eta zelan arindu diezaiekegun. Biktima guztiek izan behar dute gizarte-onespena, pekamena eta elkartasuna. Merezi egiten dute. Bidegabekeria jasan eta jaso duenak izan behar du aringarririk. Zuzentasuna beharko du bidegabekeria pairatu duenak. Orok, noski.

Hori guztia dela eta, herri-hiritar guztiei egiten diegu dei. Gure ekitaldi guztietan ohi legez, gizarte-bidegabekerien, emakumeen eskubideen, Espainiarekiko harremanen, krisiaren errudunen, futbolzaletasunaren eta abarren gainean ditugun iritziak ditugularik, erailketa eta ezarkeria errefusatzen ditugunon topaleku izango da. Esan nahi da, guk beti uste berberari eutsi eta eutsiko diogu: ustezko bidegabekeria politiko bat konpontze aldera pertsona bakar baten erailketa onartzea askoz bidegabekeria handiagoa da, eta, gainera, erabat onartezina, pertsonon bizitzeko eskubideari ezinbortxatuzkoa deritzogulako.

Bakearen Aldeko Koordinakunde honen azken manifestazioa izango da. Kalean urte askoan barreiaturiko mezuek hor diraute. Kalean bertan izan dugun presentziari, berriz, amaiera jarriko diogu. Hortaz, oraino identitate ikurrak izan diren kale-ekitaldiek azkena dute zapatu honetan. Ateak erabat itxi arte, halere, 25 urte oparoetan babestu eta sustaturiko printzipioei eutsiko diegu. Izan ere, oroimena, justizia eta askatasuna aldarrikatu ez ezik, ziklo honen amaiera arrakastatsua ospatu ere egingo dugu Bilboko kaleetan barna, talde bakezale honen helburu nagusia lortuta baitago. Zeuretzat ere bada deialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.