Jokin Muñoz
Idazlea

Lorca, Osborne, Erribera, aberria

2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Bizialdiaren luzeari adina deritzo. Bizkaieraz adimena ere bada adina —«Adina ilundu egin jako», diote—, baina, nonbait, Bizkaitik Erriberara kilometro sobera daude adiera haren itzala iristeko, Kazakhstandik adina kilometro esango nuke nik, Euskal Herriaren ustezko eraikuntzan diharduten gazte batzuen eginari erreparatuz gero.

Adinaren adinako adimena.

Adinean aurrera —adimenean atzera?— goazen ezkertiarrok, izan abertzale ala ez, adi ibili behar gara bi pertsonaiari ihes egingo badiegu: Peter Pan betiguai eta Denagaizki aitona. Eta horrek soka gainean oreka makurrean ibiltzera behartzen gaitu, gertaerak distantziatik aztertu zale garen funanbuluok batez ere, gazte jendeari egindako edozein kritikak Denagaizki aitona bilakatzen baikaitu, gazteen edozein aldarrikapeni itsu atxikitzeak Peter Pan betiguai bilakatzen gaituen neurri berean. Bigarren hau patetikoa izan daiteke, baina lehenengo hura arriskutsua, sare sozialek eratu duten Lynch-en legea medio.

Guztiarekin ere, sokara igo naiz perspektiba hartze aldera. Hasteko, aurrekari bat:

Duela hiru-lau urte, gazte talde feminista batek, maitasun erromantikoaren kontrako kanpaina baten harira, ahoa bete hortz utzi ninduen irudi bat atera zuen. Kartela akorduan daukat: bi neska gazte ageri dira erretzen ari den liburu bati begira. Su eman berri diote. Garrek jaten duten liburua zein eta Lorcaren La casa de Bernarda Alba. Argazki edo dena delakoaren azpian, aldarria: «Maitasun erromantikoari ez!». Lorca sutara, alegia. Nor eta homoerotismoaren sinboloetako bat; zer eta pultsio erotiko-sexualaren gorazarrea egiten duen obra. Gogoan iltzatuta dauzkat zaldiaren ostikoak Bernarda Albaren etxeko gortan —pam! pam! pam!... —, haren alaben sexu-grina hauspotuz, Lorca hilko zuten tiroak —pam! pam! pam!... — bezain iltzatuta, sinetsidazue. Eta ez dakit zeri edo nori egotzi barbaridadea, literaturako irakaslearen dorpeziari, ikasleen atentzio faltari edo, besterik gabe, adinik ezagutzen ez duen dogmatismoari. Kontu bat argi daukat, ordea: batzuetan ez gara geuretzat ari.

Maitasun erromantikoaren errefusa beharrezko bezain trakets horri hispanitatearen izaera inperialistarenak hartu dio txanda oraingo honetan, eta, noski, lehengo lepotik burua. Hedoi Etxarte zutabegile finak ezin hobeto jaso zuen egunkari honetako bere zutabean (Osborneren zezena, urriak 12), Joseba Eceolaza politikari finaren esanak bere eginez: Osborneren zezenaren diseinatzailea —Manolo Prieto—, PCEko militantea izaki, Milicia Popular taldean borrokatu zen 1936ko gerran frankisten kontra. Errepublika babestu zuen, alegia. Lorcak bezala. 

Gorago esanda daukat: adinaren adinako adimena.

«Ia-ia-ia, puta Euskal Herria!», oihukatu dute aurten Tuterako gazte batzuek herriko jaietan. Jo Youtubera, bertan duzue ikusgai. Baina ez da dena. Kontua horretan geratu izan balitz, gaitz erdi, Cara al sol ere kantatu baitute zezenketatik ateratzean, jai giroan. Ezagun dugu: martxa eta borroka. Dena da esportagarri. Horrek ezin hobeto erakusten digu tauromakia ariketa kutre honekin —harrigarria da motozerrak intoleranteei sortzen dien lilura— atxikimendua baino gorrotoa ereiten dugula Ebro bazterreko baratzeetan. Piztia harrotzen dugula, alegia, herritarrak arrozten ditugun hein berean.

Osborneren zezen eroriak zauri ederra egin digu Erriberako ezkertiar eta euskaldunoi, hil eta gero egin ere, Cid Campeadorren antzera —paradoxa gaiztoa—. Eta mina areagotuko da abertzale askorentzat Erriberak Salouko apartamentura edo Rototom festibalera bidean kotxeko leihotik antzematen den terra incognita izateari uzten ez dion bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.