LOMCEri ez! Beharrezkoa da borrokak elkartzea!

2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ikasturte honen hasieran, PPren gobernuak, bere LOMCE onartzeko asmoarekin jarraitzeaz gain, udarako hilabeteetan beken dekretu berri bat onartu du. Dekretu horrek Estatu guztian unibertsitateko 100.000 ikasle kanporatuko ditu, ikasketak ordaintzeko dirurik ez edukitzearen arrazoi hutsagatik. PPren gobernuak daraman hezkuntza politiken izaera klasista, espainolista eta segregatzailea nabarmena eta agerikoa da. Bere helburua hezkuntza kalitatea ordain dezakeenaren eskura eta zerbitzura bakarrik dagoen eredua ezartzera itzultzea da, eta, era berean, hezkuntza publikoa azken hamarkadetan ezagutu dugun moduan deuseztea.

Gezurra da murrizketak «dirurik ez dagoelako» egiten direla. PPk banketxeei funts galduan entregatu dizkien 61.000 milioi euroren laurdenarekin bakarrik mundu guztiarentzat bitarteko hoberenekin eta bikaintasun handiena duen hezkuntza publiko bat edukiko genuke. Gazteok ez dugu nahi eta ez dugu behar inongo mezenas aberatsek apadrinatzea. Egin behar dena diru publikoa, gure familien lan eta esfortzuarekin eratzen dena, gizartearen gehiengoaren interes eta beharrak asetzera bideratzea da, eta ez bankuak eta administrazio kontseiluak erreskatatzera, osasungintza eta hezkuntza publikoaren aurrekontu guztiak jaten dituztela, beste partida askoren artean.

EAJren eta UPNren kolaborazioarekin, PPren proiektua bat dator prestatu nahi diguten etorkizunarekin: esku lan merkea izan behar badugu lan prekarioekin eta miseriazko soldatekin... zertarako mantendu hezkuntza publiko on bat? Alderdi Popularrarentzat LOMCE eta gainerako hezkuntza kontraerreformak onartzea aspektu estrategiko bat bihurtu da, egon den ikasle eta gazte kualifikatuen kopuru handiena paretik kentzeko. Hortik dator bere erasoak mantentzeko duen persistentzia.

Borroka eraginkor eta bateratua

Aurreko ikasturteko urrian eta otsailean Ikasle Sindikatuak-Sindicato de Estudiantesek 72 orduko bi greba antolatu zituen. Ikasleen parte hartzea masiboa izan zen Katalunian, Galizian eta Estatuko beste herrietan, baita irakasleen eta gurasoen babesa ere. Maiatzaren 9an hezkuntza komunitate guztian egin zen greba orokorrean (haur hezkuntzatik unibertsitatera), parte hartzea berriz ere masiboa izan zen (Hego Euskal Herrian izan ezik, gehiengo sindikalak ez baitzuen babestu), argi utziz PPren gobernua erabat isolaturik zegoela LOMCE defendatzen eta borroka grinak gora jarraitzen zuela hurrengo ikasturterako.

Gure ustez modu zuzen batean, orain Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantesek honakoa defendatu du: «Beharrezkoa da aurreko ikasturteko borrokarekin jarraitzea maila altuago batera eramanez, oraindik eta sendoagoa, masiboagoa eta antolatuagoa eginez, ikasle guztiak inplikatuz gure gurasoekin eta irakasleekin batera. Alde horretatik, joan den maiatzaren 9ko hezkuntzako greba orokor arrakastatsutik abiatuz, irakasleen sindikatuei eta gurasoen erakundeei 72 orduko greba bateratu bat aurrera eramatea proposatu diegu, presioa ahalik eta gehien biderkatzeko eta Wert ministroaren dimisioa eta bere erasoak erretiratzea behartzeko».

Hala, Ikasle Sindikatuak Mobilizazio Aste baterako deia zabaldu du ikastetxe guztietara urriaren 21etik 25era, hiru eguneko grebarekin (urriaren 22an, 23an eta 24an). Aste honen gailurrean, urriaren 24an, greba orokorra hezkuntza komunitate guztira zabalduko da, gurasoetara, irakasleetara eta ikasleetara, grebara deitzen baitute CCOO, UGT, STES eta CGT sindikatuek eta CEAPA guraso elkarteak ere. Uste dugu funtsezkoa dela euskal gehiengo sindikalak eta Ikasle Abertzaleak-ek mobilizazio hauekin bat egitea borroka Hego Euskal Herrian zabaltzeko.

Aldi berean, gure babesa adierazi nahi diegu EAEko hezkuntza kontzertatuan sindikatu guztiek (ELA, LAB, CCOO, STEE-EILAS eta UGT) murrizketen aurka eta hitzarmen berriaren alde antolatutako mobilizazioei. Irailaren 26ko greba arrakastatsuaren ondoren, urriaren 21etik 25erako astean emango du borroka honek hurrengo pausoa, manifestazioekin, lanuzteekin eta elkarretaratzeekin, Ikasle Sindikatua-Sindicato de Estudiantesek deituriko mobilizazio astearen data berberetan. Gure ustez, beharrezkoa da borroka hau hezkuntza komunitate guztira zabaltzea, hezkuntza publikora nahiz unibertsitatera, ikasle eta gurasoetara, murrizketen eta LOMCEren aurkako mugimendu zabal batean. LOMCE errotik geratzeko, murrizketa guztiak atzera botatzeko nahiz hezkuntzako lanpostuak eta lan baldintzak defendatzeko modu eraginkorrena, eta bakarra, elkarturik eta irmotasunez borrokatzea da, ahalik eta golpe indartsuena jotzeko erasoen eta murrizketen erantzule diren gobernuei: PPrena nahiz UPNrena eta EAJrena.

PPk hezkuntzaren arloan hartu nahi dituen neurrien aurkako borrokaren momentu erabakigarrian gaude. PPren gobernuak ez badu atzera egiten, badago indarra eta badaude baldintzak mobilizazioekin jarraitzeko eta hauek gogortzeko. Hezkuntzako borrokak gizartearen gehiengoaren babesa du eta mobilizazio orokor are eta indartsuago batean eralda daiteke, PPren gobernuaren planak atzera botatzea lortuko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.