LOMCEk jarritako 3. mailako diagnosi probak egiten hasi omen dira. Zenbait ikastetxetan, proban parte hartzeari uko egin diote, eta, plantoa eginez, prozesua eten dute. Hezkuntza sailburuak dio LHko 3. mailako probek ez dutela loturarik LOMCErekin.LOMCE aplikatzen hasi izana leporatzen dio EH Bilduk Jaurlaritzari. Erabilera politikoa egitea Lakuak Bilduri. Pil-pilean dago gaia.
Komunikabideetan ez ezik, ikastetxeen paisaian ere (pareta, leiho, ate eta abarretan) LOMCEren aurkako paskinak eta leloak ohikoak bihurtu dira azken aldi honetan. Eskola komunitatea indarrez altxatu da Espainiako Gobernuak inposatu nahi duen lege honen aurka. Ahots batez, denek egin dute bere LOMCEri ez leloa. Testuinguru honetan, gogora ekarri nahi dut Imanol Murua kazetariak Jakin aldizkarian orain 19 urte (93-94 zenbakiak) gure ikastetxeetan erabiltzen zen ikasmaterialen inguruan egin zuen azterketa sakona. Luze joko nuke han esandakoak aipatzen eta, horregatik, orain dela gutxi Joan Mari Torrealdaik berak orain bi urte Jakin aldizkarian (198 zenbakia), euskal liburuen urteko ekoizpenaren azterketa eta balorazioa egitean, gai honen inguruan egindako gogoetaren (Kanpotarrak etxean nagusi?) pintzelkada gutxi batzuk ekarri nahi ditut.
Ikasmaterialen ekoizpenaren %66a espainiar argitaletxeen esku dago, eta hemengo argitaletxe profesionalen lana %29,5 besterik ez da. Ezohiko argazkia, baina ez guztiz berria. Hemengo argitaletxe eta irakaskuntzako elkarteak 80ko hamarkadan hasi ziren hezkuntza proiektuak bertan lantzen, eta lan horretan dihardute gaur egun. Beraz, 35 urte daramatzate proiektu propioak garatzen eta zabaltzen euskal hezkuntzaren unibertsoan. Proiektu propioak garatzen dituztela esaten denean, Euskal Herritik Euskal Herrirako egitasmoak lantzen dituztela esan nahi da.
Espainian hezkuntza proiektuak lantzen ari ziren editorial nagusiak Euskal Herrira hurbildu eta kokatzen hasi ziren izen euskalduna duten filialak sortuz (Anaya-Haritza, Edebé-Giltza, Santillana-Zubia, Everest-Aizkorri, Edelvives-Ibaizabal, SM-Ikasmina). Argitaletxe hauek bi berezitasun dituzte. Batetik, EAEko esparrura zuzentzen dira, eta soilik hezkuntzaren merkatuan egiten dute lana. Une honetan dozena erdi bat hezkuntza proiektu daude espainiar ikuspegiarekin, eta soilik bi beren ikasmaterialak euskal ikuspegiaz lantzen dutenak: Ikaselkar eta Erein. Edukien trataeran, marra handi batek bereizten ditu proiektuak. Oro har, esan daiteke kanpoko hezkuntza proiektuek, Estatuan egindakoek alegia, batzuetan eskas edo gehienetan gaizki tratatzen dutela Euskal Herria bere historian, bere geografian, bere hizkuntzan. Oinarrian hezkuntza proiektu espainiarra duen ikasliburuak ikuspegi espainiarretik azaltzen ditu edukiak. Argitaletxe horiek jokamolde berdina dute: hezkuntza proiektu bera dute autonomia guztietarako, eta gero atal bat eransten diote erkidego autonomiko bakoitzari. Beraz, ikuspegi orokorra espainiarra da guztiz.
Hemengo argitaletxeek zailtasun handiak dituzte: espainiar jatorria duten argitaletxeen ondoan, ez dute baldintza berdinetan lehiatzen merkatuan, eta ekonomikoki oso zaila suertatzen zaie kanpoko argitaletxe horien aurka lehiatzea. Hemengo argitaletxeek, kanpokoek ez bezala, proiektua zerotik abiatu eta landu behar dute, eta horretarako lantaldeak eratu eta finantzatu.
Honaino Jakinek egindako ikerketaren ondorioz jasotako zenbait datu eta egoera kezkagarri bezain etsigarriak. Eta zein da egoera gaur egun? Zer diote hezkuntza eragilek? Eusko Jaurlaritzak LOMCEren aurka dagoela dio; zenbait alderdi eta sindikatuk ere kontrako jarrera agertu dute, eta eskola komunitatea osatzen duten guraso, ikasle eta irakasle askok ekintzen bidez oso jarrera aktiboa agertu dute azken aste hauetan. Ikusi eta irakurri besterik ez dago komunikabideetan duten presentzia. Espainiako Gobernuak bultzatu duen hezkuntza lege atzerakoi honen aurrean, LOMCEri ez leloa nonahi entzun eta irakur daiteke, baina, datorren ikasturteari begira, espainiar estatuko argitaletxe horiek LOMCEren espiritua jasoko dute beren ikasliburuetan, eta Euskal Herrian zabaldu. Bitartean, LOMCEren edukiak jasoko dituzten ikasmaterialen aurrean ez da ahotsik altxatzen, ezta gogoetarik egiten. LOMCEri ez, baina...
'LOMCEri EZ', baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu