Ander Iturriotz Lauzirika.

LOMCEren balorazioa

2013ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Galeusca Federazioak hiritarrekin duen konpromiso publikoak eta sortu zen une beretik bere gain hartua duenak, Galizian, Euskal Herrian eta Kataluniar Herrialdeetan bertakoak eta ofizialak diren galiziera, euskara eta katalan hizkuntzei, hots, gure nazioen nortasun ikur direnei eta hainbat eratako agergarrietan, nola fikziozkoetan hala saiakeretan edo ikerkuntzan, literatura-corpusa sortzen dugun pertsonontzat lan-tresna direnei, hezkuntzan tokia murrizteko agertu den intentziozko borondate politiko sendoak sortzen digun kezkaren berri gizarteari ematera behartzen gaitu.

Egiaztatu baino ez dugu egiten LOMCE legearen aurreproiektuan agertzen den zioen azalpenean jasotako teorizazioak duen koherentzia-gabezia, eta, beraz, ikasleak etorkizunean prestatzeko azaltzen duen hezkuntza-zehaztapenen bideragarritasun-gabezia, izan ere, araudi berri hori, Estatuko ikasleriak dituen balio, gaitasun eta ezagutzak sendotzearen aldeko ikuspegiak pizgarritzat hartuta defendatu nahi baita, beti ere Espainiako Estatuak sostengatzen duen eta gure Autonomia Estatutu mugatu eta aski-ezek berresten dituzten hizkuntza eta kultura aniztasunak baztertuz eta beren ikasketa eraginkorrari tokia kenduz.

Gure ustez, ezinezkoa da ikasleen osotasunezko ikasketen kalitate hobekuntzan aurrera egitea, baldin eta hizkuntza eta kultura desberdintasunak eta aniztasunak markatutako norbere ingurua ezagutzeko eta norbere burua inguru horretan kokatzeko ahalmena albora uzten edo mugatzen bada; demokrazia, errespetua, elkartasuna eta oreka bezalako hitzek, beren balio eta ardatz-izaera sakon guztia galtzen dute LOMCEren aurreproiektuak babesten duen filosofia berezitzaile horrekin.

Ezinezkoa da gizarte ireki, anitz, global eta parte-hartzailea eta pertsona bakoitzaren gaitasunak harik eta gehien garatuko dituena eratu beharra dagoela defendatzea, baldin eta curriculumean ezarritako gaien hiru arloen mailetatik abiatuta, hezkuntzan enborreko gai gisa gure hizkuntzak gaztelaniarekin parekotasunean jartzen ez badira, gaztelania hizkuntzak eta lehen hizkuntza arrotzak mantentzen duten enbor-izaeran, alegia, eta gure hizkuntzak bigarren hizkuntza arrotz baten mailara jaisten badira, Erlijioari berari ematen zaion hierarkia maila baino beherago, hain zuzen ere.

Zentzu horretan, bigarren aurreproiektua, bere garaian aurkeztu zen legearen lehen zirriborroa bera baino askoz ere okerragoa dela uste dugu, eta horrek, Espainiako Estatuko hizkuntza eta kultura nazionalei zaien errespetu-gabeziaz gainera, bistan jartzen du aurreproiektu horren idazleek hizkuntza eta kultura horiekiko duten mesprezua eta, aitortu duten moduan, gure nazioen lurraldeetako haurrak eta gazteak espainiartzeko duten itsumena.

Dokumentuak berak jasotzen duen «ikasle bakoitzaren gaitasunak harik eta gehien garatzeko aukera ematen duen hezkuntzaren berrikuntza zentzuzko eta praktikoa egiteko» borondatea, kontraesanean dago Espainiako Estatuak ezaugarri duen eleaniztasunaren gaiaz egiten duen interpretazioarekin eta Konstituzioak berak agindu eta hizkuntza ofizialkide desberdinei ematen dizkien etorkizunerako berme-balio eta babesarekin.

Horregatik, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organiko horren aurreproiektua irakurri ondoren, hiritarrei gure kezkaren berri eman nahi diegu, bai gizarteko izen ona apurka-apurka hondatzen ari delako eta baita belaunaldirik gazteenentzat gure hizkuntzak ahoz nahiz idatziz menderatzeko bideak ixten ari direlako. Horregatik, aurreproiektuaren arduradunei lege-zirriborro hori erretiratzea eskatzen diegu, eta erasandako aldeekin elkarrizketaren eta negoziazioaren gaitasunak landuta, Espainiako Estatuko elaniztasun errealitatearekin bat etorriko den idazketa berri bat egitea eskatzen diegu, non Espainiako Estatuko hizkuntza ofizial guztiei gaitasuna aitortuko zaien jakintza-gaiak lantzeko trebetasunak sortzeko, zeharlerroetako gaitasunak aberasteko, pentsamendu kritikoa zabaltzeko, kultur bioaniztasuna kudeatzeko eta sorkuntzako trebetasunak sustatzeko nahiz besteak errespetatuz bakoitzaren ikuspegia komunikatzeko eta besteak ulertzeko. Horren ondorioz:

a) Galeusca Federazioak bere aurkako jarrera zorrotza adierazten du Hezkuntzako Ministerioak aurkeztutako LOMCE lege-aurreproiektuaren aurka. Aurkako jarrera hau, aurreproiektuak gure hizkuntzei eta literaturei ematen dien tratamenduan oinarritzen da eta, tratamendu horrek, hizkuntza horiekiko mesprezua agertzen du beren presentzia eta gizarte-balioa murrizteko asmoarekin batera, egungoa baino are kaltegarriagoa eta minorizatzaileagoa den egoera baterantz daraman bidearekin.

b) Salatu egiten dugu, halaber, aurreproiektuak agertzen duen itsukeria espainiartzailea eta errealitate desberdinen ukatzailea. Hori nabarmen agertzen da herri-diruekin norbere hizkuntza ez ezagutzeko nabarmen azaltzen duen ausardian eta agindu ere hala agintzen du, gurasoek hala erabakitzen dutenean, autonomiaren administrazioak finantzatu beharko duela gure hizkuntzarekiko arrotza den eta gure legeria beteko ez duen prestakuntza.

c) Galeusca Federaziotik dei egiten diegu Galiziako, EAEko, Nafarroako, Kataluniako, Valentziako eta Balear Uharteetako Gobernuei legearen benetako esanahia aztertzera, eta Galiziako Xuntaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Kataluniar Herrialdeetako Generalitateen eskumenetan eskurik ez sartzea eskatzen dugu.

d ) Galeusca Federazioak, aurreproiektu hau erretiratzea eskatzeko sustatzen diren hiritarren eskaerak bultzatu egingo ditu, izan ere, hori horrela mantentzeak, gure hizkuntzen hondamendian demokraziaren aurreko garaietako aurrerabidea egitea esan nahiko bailuke.

e) Galeusca Federazioko idazleok ezin dugu onartu gu gobernatzeko erantzukizuna duenak gure hizkuntzen aurka eta lurralde bakoitzaren soziolinguistikako errealitateari kasurik egin gabe modu horretan jokatzea eta belaunaldirik gazteenen artean hiztunak ez galtzeko lehen helburu gisa jarri beharreko hizkuntza-politika normalizatzaileari oztopoak jartzea.

f) Galeusca Federazioak dei egiten die hiritarrei gure hizkuntzen defentsan antolatu eta deituko diren mugimenduetan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.