LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezkuntza eraiki!

Bakartxo Ruiz, Belen Arrondo, Nekane Perez eta Maite Aristegi
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak, Gasteizko Legebiltzarrak, hezkuntza komunitate ia osoak, ikasle, irakasle, langile eta gurasoek bertan behera uzteko exijitu dutenean, nor da Madrilgo Gobernua Euskal Herriko ikasleei LOMCE (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa) inposatzeko?

Espainolizatzailea, zentralizatzailea, uniformizatzailea, ekitatearen eta aniztasunaren kontrakoa, segregatzailea, adoktrinatzailea, euskararen normalizazioaren aurkakoa… Leherkaria herriaren muinean!

Hezkuntza sistemaren kalitatea areagotzeko eta emaitzak hobetzeko aitzakia darabilte erreforma abian jartzeko. Baina, egia esan, lege honek ez du inolako justifikaziorik, are gutxiago Euskal Herrian (Hego Euskal Herrian). Gure errealitate eta beharretatik erabat urrun dagoela begi bistakoa da. Hasteko, eskola porrota eta DBH bukatu dutenen batez bestekoak Europako datuekin parekatzen dira eta ez Espainiar Estatuko portzentajeekin. Gauza bera PISA ebaluazioari dagokionez. Beraz, erabiltzen dituzten arrazoiak gezur hutsak dira, lehenengotik azkeneraino!

Hezkuntza da herriaren bizkarrezurra, eta hizkuntza bihotza. Hori PPk ere argi dauka. Argi dauka Espainia eta gaztelania behar direla izan denon herri eta hizkuntza bakar. Lelo bat ipar: Espainia bat eta bakarra, handia eta librea. Hemen etxean, baina, argi daukagu Euskal Herria dela herria eta euskara geure hizkuntza.

Krisi ekonomikoaren aitzakiapean, PPren Gobernua FAES ultraeskuindarraren dotrina zorrotza arloka ari da exekutatzen, eskrupulurik batere gabe, ostiralez ostiral, dekretuz dekretu. Horra lan erreforma, pentsioak, udal legea, energia eta Garoña, osasun arloaren pribatizazioa eta berrordainketa, mendekotasun legea, funtzionarioak gatibu hartzea, eta abar. Eta hezkuntza arloan ere, LOMCE inposatzea ez da kasualitatea. Arlo estrategiko gisa, adoktrinamendurako eta zentralizaziorako ezinbesteko tresna du. Ez da kasualitatea, beraz, lehen irakurketatik bertatik darion armairu zaharmindu usaina.

Falta genuena! 40 urte atzera egin, eta ikasgelak berriro inbaditu nahi dizkigute!

Arestian esan bezala, hezkuntza arlo estrategikoa da. Jakina. Eta berebiziko garrantzia dauka euskararen normalizazioan. Bada, lege hau azken hamarkadetako eraso bortitzena delakoan gaude. Hizkuntzari dagokionez, gaztelania ardatz hartu eta berau gailentzea beste helbururik ez baitu. Honetan ere, falta zitzaiguna!UNESCOk azken txostenean dioen bezala, euskaldun ororentzat ere nabaria da euskara arrisku bizian dagoela. Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan egoera lazgarria izanagatik, ezin ahaztu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza ereduen sistemak huts egin duela. Garaia da murgiltze ereduan oinarritutako bidea jorratzekoa, hezkuntza komunitateak eta instituzioek estrategia aurrerakoia adostekoa Kontseiluaren Ikasle Euskaldun Eleanitzak proposamena ardatz hartuta.

EH Bildutik argi adierazi nahi dugu konpromiso irmoetatik soilik lortu ahalko dugula aurre egitea, LOMCE ez dadin aplikatu, hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin adostutako bide orri bat abian jarrita.

Gure seme-alabek zer eta nola ikasi behar duten Madrildik erabaki dezaten utziko al dugu? Wert ministroak aitortu bezala, espainoliza ditzaten? Ez!

Herri honetako herritarrok, ez beste inork, behar dugu erabaki gure seme-alabek nolako hezkuntza izatea nahi dugun. Hezkuntza eredu berri eta propioa eraikitzea ezinbestekoa da.

Hala, gure hezkuntza gure esku egon dadin, enplazamendu zuzena egiten diegu Eusko Jaurlaritzari eta Nafar Gobernuari, Eusko Legebiltzarrak eta Nafar Parlamentuak hurrenez hurren LOMCEren aurka hartu erabakiak bere egin eta aplika ez dadin behar besteko konpromisoak har ditzaten hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean.

Horrekin batera, dei berezia egin nahi diegu hezkuntza eragileei: aspaldion hartutako konpromisoei helduta, LOMCE aplika ez dadin eta hezkuntza eredu berri eta propioa eraikitzeko gidaritza har dezaten. Beraiei dagokie, zalantzarik gabe, motorra izatea.

Motorra, herritarrokin batera, jakina. Gure aldetik, euskal herritarrok gure bizitzaren eremu guztietan herri gisa dagokigun erabakitzeko eskubidea lor eta gauza dezagun erabat konprometituta gauden eragile politiko gisa, eragileekin eta herritarrekin batera adosten den bide orriari heldu eta garatzeko konpromiso sendoa hartzen dugu.

Horregatik, LOMCE gure herriari eta herritar bakoitzari egindako irain jasanezina delako iritsi da buruarekin eta bihotzarekin erantzuteko unea, gure herria eta hizkuntza defendatzeko unea: Bilbon datorren larunbateko manifestazioan, U-12, Euskal Herriko ikasle, irakasle, langile, guraso eta herritar guztiok bat egin eta eman diezaiogun erantzun tinko bezain erraldoia Madrilgo Gobernuari. Hezkuntzaren eremuan ere ez dugu inposiziorik onartzen! LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezkuntza eraiki!

Eta, jakina, U-13tik aurrera, ahaleginetatik harago, konpromisoak hartu behar ditugu alderdiok, instituzioek eta hezkuntza komunitateak, gure eredua eraikitzen jarraitzeko eta LOMCE inolaz ere aplika ez dadin. EH Bilduk horretarako konpromiso irmoa mahairatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.