Lokal-global haustura udal bozen atarian

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Klima-larrialdia, prezioen gorakada, autoritarismoranzko joerak edo adimen artifiziala: bizi ditugun mehatxu larrienen izaera ez-lokal eta hiper-konplexuaren ondorioz, erakunde demokratikoak ahulegitzat dauzkagu, ia ezertarako gai ez direla. Zer egin lezake alkate batek halako amaraun erraldoien aurrean? Ezer gutxi.

Etsipenak sorgortuta gaude. Kontrastea handiegia da, berealdiko arazo eta badaezpadako erakundeen artean. Egoera horretan, alderdi politikoak herritarrak motibatzeko gai izango dira? Alkatetza ahula iruditzen denean, zailagoa da hautagaiekiko aski ilusio edo aski beldur sentitzea.

Abstentzioak gora egitea espero dute soziologoek datozen udal hauteskundeetan. Desmobilizazioa. Gauzak horrela, diferentziak marrazteko mezuez gain, abstentzioari beldurra dioten alderdi politikoek kanpaina mobilizatzaileak proposatuko dituzte. Abstentzioari koxka kentzea ez da erraza izango, ordea, besteak beste, gure kezka nagusiak ez direlako udal mailakoak. Lokalaren eta globalaren arteko haustura zabaltzen ari da, plano globalari gero eta arreta gehiago eskaintzen diogulako.

Gure komunikazio espazioan ari gara lokal-global haustura nabaritzen, urrunekoa gerturatu eta gertukoa urruntzen digutelako. Sare sozialetako algoritmoen eraginez erreferentzia nagusiek erreferentzia lokalen lekua jaten dute. Ohikoa bihurtzen ari da bazkalosteko elkarrizketetan Kamala Harris edo Stormy Daniels bezalako izenak entzutea. Gero eta naturalago habitatzen dugu mundua eta,ondorioz, gero eta esanguratsuagoa zaigu. Pasio gehiagoz hitz egiten dugu aukeratu ezin ditugun hautagaiez, Trump edo Biden?, bertakoez baino, jakin badakigun arren marko globalean ez dagoela demokraziarik, ez hauteskunderik, ez eragiteko ahalmenik.

Haustura zabaltzen ari da munduaren eta lurraren artean, geopolitikaren eta gure herrien artean. Baina biak lotuta daude, aktore planetarioek bidaltzen dizkigutelako astintzen gaituzten haizeak. Etxetik oinez paseatzera atera naiz goizean eta Ikaztegietako pantanoa urik gabe ikusi dudanean, hemen, errua ez diot Ikaztegietako alkateari bota. Ur faltaren arazoa ez dator Gipuzkoako Urak-en kudeaketa txarretik. Azalpen eta irtenbide bila mundura jo dut. Han daude kausak. Sintomak hemen agertzen diren arren, begi bistakoak eta larriak.

Gu ere mundua gara, jakina, baina ez daukagu munduaren norabidean zeresanik. Aktore planetarioen sisteman euskaldunak ez gara nor. Frustrazio politikoa sortzen du horrek.

Arazo global horiek, marko lokala ez ezik, demokrazia ere jartzen dute auzitan, benetako arazoak konpontzeko prozedura politiko gisa. Lau urtetik behin gobernuak aldatzeko aukera emateak tresna gutxi jartzen ditu herritarren eskura. Gure lurraldean, esaterako, hirutik bi lagunek uste du herritarrak politikatik kanpo uzten direla, edo alderdiei ez zaiela jendearen iritzirik inporta. Datu esanguratsuak dira, bi heren gehiengo sendoa delako. Normala iruditzen zait, ondoren, hirutik batek demokraziari indiferentzia edo haserrea izatea. Datuok Arantzazulabek atera ditu.

Gauzak okertzeko, logika demokratikoak arazo larrienak konpondu beharrean, gaiztotu egin ditzakeela ere susmatzen hasiak gara. Izan ere, arazoak globalak diren arren, gure alderdiek eta erakundeek lokalak izaten jarraitzen dute. Bestetik, halako arazoek kontsentsu zabalak eskatzen dituzten arren, lehia demokratikoak zatitzaileak dira berez. Eta, azkenik, edozein irtenbidek epe luzerako begirada eskatuko duen arren, denboran konsistenteak izatea, hamarkadatako perspektiba hartzea eta abar, hauteskunde-ziklo etengabeko eta kateatu horiek alderdiak epe motzerako begiradan ainguratzen ditu. Bozkatzeak kontraproduzentea dirudi, kalterako, munduaren mutazioei aurre egin behar diegun garaian.

Zertarako bozkatu, orduan? Lehorte, gosete edo gerra formako kolapso planetarioak hain erraz irudikatzen ditugun garaiotan, ez da erraza erantzuten. Adin bat daukagunok bozkatzen dugu ohituraz, alderdi batekin identifikatzen garelako, edo alderdien arteko diferentziak nabariak zaizkigulako. Baina sentipena daukat, gazteen artean ezberdina dela, oraindik alderdiekiko identifikazio hori eraiki gabe dutelako. Horregatik gaztearen begirada likidoa gurea baino garbiagoa eta zehatzagoa iruditzen zait, demokraziaren ezgaitasunei dagokienez. Gazteek errazago adierazten dute guretzat ere gero eta nabariagoa den haustura.

Egia da udal hautetsiak bozkagarriagoak izan ohi direla. Gainera, eurenlanaren emaitza ere publikoagoa izan ohi da: parke berri bat, ikastetxeko teilatua edo auzoko igogailua. Hori aldeko dute, gertuko kontuak gure interesekoak direlako. Gertukoenak izateak, ordea, ez ditu salbatzen irrelebanteak direla sentitzetik, kezkak mundu mailakoak direnean. 2011n oihukatzen zen «ez gaituzte ordezkatzen» hura, 2023an, «ezin dute ezer egin» isila da.

Ez daukat asmorik inori zer egin esateko. Asmoa da bakarrik desmobilizazioa interpretatzeko elementu berri bat sartzea: lokal-global haustura gure komunikazio espazioan. Lokal-global haustura erreala da, baina agian sare sozialetan denbora gutxiago pasatzea da konponbidea. Arreta ez oparitzearen garrantzia azpimarratzea, gure erreferente politiko nagusiak bertakoak izan daitezen. Izan ere, arazo globalen aurrean ere, egon liteke lokala ez den irtenbiderik? Egon liteke demokratikoa ez den irtenbiderik?

Niretzako ebidenteak dira gobernu lokalen eskumenak eta gaitasunak. Niretzako ebidentea da ondo eramandako udal batek diferentzia nabarmenak markatzen dituela, alor askotan: hondakinen kudeaketan, energiaren kudeaketan, telekomunikazio azpiegituretan, zaintza-politiketan, euskararen sustapenean, garraio publikoan, etxebizitza ereduan eta abar. Ez dira kontu txikiak. Mundua mutatzen ari da, bai, baina herrietan dago herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.