Loiolako itzal luzea

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Gauez kale batetik ibiltzen joanez gero, karrika horrek argiak baditu, aurrera joaten garen neurrian lanparek itzal bana sortuko dute. Itzal horiek gu mugitu ahala higitzen dira, bizirik bailiran. Batzuk atzetik datozkigu, besteak aurretik: bi, hiru, lau batera. Argi batetik urruntzen garelarik, gure itzala handitzen da; aurki, lanpara berriak forma berria emango dio. Kalea bukatzerakoan, azkeneko lanparak, argitasunarekin batera, azkeneko itzala emango du.

Baina kale orok badu hasiera zein bukaera. Kale-kantoira iritsitakoan, urrats berriak leku ezezagun batera eramango gaitu, eta, maiz, azkeneko argi-izpiaren babespean geldirik geratzeko tentazioa handia da. Argi horrek sortzen duen itzal luzeak aurrean dugun zuloa ezkutatzen duela konturatu gabe.

Horrelako irudia burura etorri zitzaidan Aberri Egunean EH Bilduk plazaratu zuen proposamena entzutean. Izan ere, duela hogei bat urteko Euskal Herrian ginela sentitu nuen. Inoizko Aberri Egunik zatituenean, Loiolako itzal luzearen ertzak zorutik hedatu ziren.

Ezaguna denez, Lizarra-Garaziko Akordioaren porrotaren ondoren, Ezker Abertzaleak soberanisten arteko akordioa baztertu eta beste «bi tradizio politiko nagusiekin» (EAJ, PSOE) itun bat egiteko ahalegina egin zuen. Horren ondorioz, Loiolako Prozesua zabaldu zen, besteak beste.

Ezkerreko abertzaletasunaren beste sektoreek ez zuten horren begi onez hartu aldaketa estrategikoa, eta, zer esanik ez, Ibarretxeren egitasmoan konfiantza zuten beste sektoreek. Biak ala biak eszenatokitik kanpo geratu ziren, Ezker Abertzale ofizialaren ustez, hirugarren tradizio politikoaren aulkia beraiei zegokielako modu esklusiboan.

Halere, garai hartan eragile soziopolitiko soberanista guztiek ardura handiz jokatu zuten, eta inork ez zuen trabarik jarri, ezta Ibarretxek berak ere. Prozesu hori abian jarri zen, eta Anoetako mugarria iritsi zen. Erabat beharrezkoa zen mugarria, lehenago aldiz, ETAk osagarri politikoak izango zituen balizko negoziazio batetik at geratuko zela onartu baitzuen.

Anoetako adierazpena Lizarra-Garaziko garaietan gertatu izan balitz, egun, bestelako egoera izango genuke, baina argi eta itzal horiek ere iraganean geratu ziren, urrun dagoen beste kale-kantoi batean.

Negoziazio politiko bati ekin zioten Hego Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeetako hiru talde politiko nagusienek Euskal Herri osorako irtenbide bat bilatu nahian, eta gatazkaren adierazpen bortitzak behin betiko bukatzea lortuko zutelakoan. Hori ere ez zen gauzatu.

Lizarra-Garaziko kalearen azkeneko argia kalte-kantoi hartan geratu zen bezala, Loiolakoa ere hor geratu zen, baina, tamalez, itzala gure bizkarrean iltzatuta utziz.

Egun, euskal soberanismoak, eta batik bat ezker independentistak, beste bide batzuetatik ibili behar lukete.

Auzo eta herri berriak sortu dira eta auzo horietako espaloietan jende andana dago, bakoitzak bere linterna eskuan duela, bere argitxoa eskaintzeko prest.

Orain, karrika, malda eta plaza berrietatik ibiltzeko, sistema hau eraiki eta babestu duten eragileekin hitzarmena egiteko beharrik ez dago. Aitzitik, XXI. mendeko testuinguru distopikoan beraiengandik ahalik eta gehien aldentzeak onura eta erakargarritasuna lekarzkiguke.

Hegemonia eskuratzeko grina kaltegarria izaten da sarritan. Eremu soziopolitiko baten hegemonia eskuratze aldera, aurretik hurbilen dauden eragileak xurgatzen saiatzen da hautu hori egin duen taldea. Bide horretan, bere eremu soziopolitiko osoa ahultzen da eta etorkizunerako aliatuak izan daitezkeenak birrintzen ditu. Joko hori ederki ezagutzen du PSOEk. PSOE da-eta 78ko erregimena sustatzen duten guztietan eraginkorrena. Bere lana: ezkerretik sortzen diren distortsio guztiak otzantzea.

PSOE izan da Kataluniako haustura demokratikoa neutralizatzen trebeena. Hasiera batean En Comu Podem-en laguntzaz, ondoren ERCri mahai azpian xirri egiten. Joko honek bi eremu neutralizatu ditu: independentismo interklasista eta independentismo antikapitalista. Loiolako eskemari eusteak Euskal Herrian ondorio berberak ekarriko ditu.

Jendarte likido honetan, badira hegemonia joko horietatik landa bestelako jokabideak, eraldaketa soziala eta naziogintza uztar ditzaketenak. Pairatzen ari garen krisi sistemikoaren aitzinean kale berrietatik ibiltzeari ekin beharko diogu. Euskal Herri osoko euskal subjektu antropolitikoa birsortuz eta eredu alternatibo egingarria dugula egiaztatuz. Hilzorian dagoen ereduaren eraiste-prozesua azkartuz, eta gure eraikitze-prozesua bizkortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.