ENEKO BIDEGAIN

Lohitik ezin ateraz

2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Badira ia bost urte Frantziako politikagintza, komunikabideak eta, hein txikiago batean, iritzi publikoa gaurko hauteskunde egunari begira daudela. Eta batzuk jadanik begira daude 2022ko hauteskundeetara. Horrela da Frantziako politika. Frantziako Errepublikako presidentea hautatzea bizi dute jainko txiki bat hautatzea bezala. Eta horretara bideratzen dira agenda politikoa eta eszenifikazioa. Lehen itzuliko arratsean, 20:00etan tanko, erakusten dituzte bigarren itzulira pasatuko diren hautagaien aurpegiak, ederki landutako infografia dinamikoetan, misteriozko film baten eszena garrantzitsuena balitz bezala. Ontsalaz ez da ustekaberik izaten, baina aurten sekula gertatu ez dena dago, hala nola lau direla bi lehen postuetan sailka daitezkeenak, beraz sei lehia aukera. Ematen du zaldi lasterketa bati begira gaudela...

Nazio baten eraikuntzan eta nazio horren kohesioaren mantentzean, funtsezko funtzioa betetzen dute ezaugarri anitzek: bandera udaletxe eta eraikin publikoetan jartzeak, historia «nazionala» irakasteak, geografia eta lurraldetasun ikuspegi bat barneratzeak, kirol lehiaketak antolatzeak, munduko edo Europako lehiaketetan parte hartzeak, gerrako hilak goraipatzeak... Eta ezaugarri horietatik bat da hauteskundeak antolatzea. Presidentea hautatzeko bozak Frantzia ofizial osoa (eta, ondorioz, Frantziaren menpe dauden herriak) bat sentitzeko gertakari garrantzitsuak dira. Denak daude hautagaiei begira, hautagai horien argazkiak herri guztietan daude, Ahetzen bezala Bastian edo Limogesen. Denak horretaz mintzo dira, eta denek bozkatu beharko dute gaur eta gaur hamabortz, «beren» presidentea hautatzeko.

Eta hori ez da bi aste hauetako kontua. Lehenik izan ziren Alderdi Sozialistako eta Errepublikanoetako primarioak; baina hori baino lehenago, primarioei begira iragan zituzten hilabete luzeak. Eta primarioetatik landa zenbait eskandalu, inkesten aurreikuspen ez-ohikoak... Horrez gain, auzapezek hautagai baten alde sinatzeko joera dute. Abertzaleek ere sostengatu ohi dute bat, sinatzeari uko egin ordez. Hainbat abertzalek ere bozkatu dute primarioetan. Saltsa horren inguruan ari dira dantzan frantses guztiak, eta saltsa hori lohi edo lokatz bihurtzen da euskaldunontzat. Eta hor gaude, lohi artetik ezin ateraz, Frantziako politikak bahiturik.

Hauteskunde horietan bozkatzeko «eskubidea» ba omen dugu, bozkatzeko karneta etxera igortzen digutenaz geroz. Beraz gure eginbidea omen da bozkatzea, bozkatzeko eskubiderik ez duten herriekiko errespetuz baizik ez bada ere. Ez direla gure hauteskundeak? Frantziarenak direla? Baina eraginen omen digu presidentea bat ala bestea izateak. Pentsa Le Pen nagusitzen bada, edo Melenchon? Garai zailak izanen lirateke Euskal Herriarentzat. Eta euskal gaiaz harago ere, Frantzian gobernatuko lukeenaren araberakoak lirateke enplegu politikak, zerga politikak, gizarte politikak... Eta lege horiek guztiek, nola ez, eragina dute Ipar Euskal Herrian ere, ororen buru, «frantses hiritarrak» baikara. Eta horra Frantziak nola biltzen gaituen bere sareetara, behin eta berriz.

Kontua ez da nork aginduko duen Frantzian. Euskal Herriari berdin zaizkio Mitterrand, Chirac, Sarkozy edo Hollande. Frantzia Frantzia da, eta ez da aldatuko. Hauteskunde kanpaina guztietan etorriko dira hautagai batzuk Euskal Herrira, eta aitzinekoak baino irekiagoak direla irudituko zaigu, euskararen aldeko hitz batzuk erran dituztelako, bakegintzaz mintzatu direlako... Baina sistema indartsuagoa da, eta beti izanen dira Pasqua, Chevenement edo Valls bezalakoak, Euskal Herriak eskubiderik ez daukala gogorarazteko, denak frantsesak garela eta hala izan behar dugula azpimarratzeko.

Presidente bozak dira Frantziaren kohesiorako tresna garrantzitsuenak, uztailaren 14ko su artifizialak edo azaroaren 11ko desfile militarra bezala. Baina ekainean izanen diren parlamenturako hauteskundeak berdin dira. Kasu horretan, abertzaleen parte hartzea handiagoa da, hauteskundeetan aurkezten baitira. Baina, ororen buru, Frantzia kohesionatzeko hitzordu bat elikatzen laguntzen dute. Ez dugu, aldiz, Euskal Herria kohesionatzeko hauteskunderik, ez dugu hautatzen Euskal Herriko parlamenturik, ez Euskal Herriko presidenterik.

Frantziako hauteskundeetan ez bozkatzea erabakitzea zama bat gainetik kentzea bezala da. Bat-batean askeago bihurtzen gara, Frantziatik deskonektatuago, zalaparta politiko horretatik urrunago, gustuko ez ditugun 11 lagun horietatik noren alde bozkatu behar genukeen gogoetatzeko buru-hausterik gabe (norbaiten alde egiteak, azken finean, harekin hein batez identifikatzea ere badakarrelako). Kontua ez da zuri bozkatzea. Hauteskunde horiek arrotzak direla ohartzeak dakar bozka bulegora ez joatea. Hauteskunde horiek, bistan da, garrantzia dute, munduari begira. AEBetako hauteskundeek arreta eragin zuten gisa berean piztuko dute interesa, bereziki mundua gaur egun dagoen nahasmendu horretan. Baina Euskal Herritik begiratuz, Alemanian edo Erresuma Batuan bozkatuko balute bezala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.