Joxe Manuel Odriozola.
Euskaltzalea

Lluis Llachen baimenarekin

2024ko urriaren 16a
05:00
Entzun

BERRIAk Lluis Llachi egin dion elkarrizketan (2024-09-11) era honetan laburtzen du Igor Susaetak haren jardun politiko sozialaren nondik norakoa:  «Aktibista izaera izan du bere ibilbide osoan, eta, horri segida emanez, ANC Biltzar Nazional Katalanaren presidentea da ekainaren 1etik».

Elkarrizketako azken galderako azken bi esaldi hauek izango dira nire artikuluaren mami eta akuilu: «Nik bereizten ditut askapen nazionala eta askapen soziala. Eta bereizten ditut uste dudalako askapen nazionalik gabe inoiz ez dela askapen sozialik egongo».

«Nik bereizten ditut askapen nazionala eta askapen soziala». 
Abertzale katalan eta euskaldunok arazo handi samarra daukagu bi kontzeptu horien jiran. Alde batetik, problematika bakoitzaren izaera eta ezaugarriak bereizgarriak dira, baina beren artean lotura estua dutenez, gaztetan esaten genuen txanpon bakar baten bi aldeak direla. Lotuta daudela, alegia, batak bestea inplikatzen duela eta besteak bata. Baina, aldi berean, bi dimentsio dira, eta bakoitzak bere orbita marrazten du Kataluniako edo Euskal Herriko egoera nazionalaren inguruko biran.   

Lluis Llachek ere bereizten ditu, eta alderdi bakoitzaren oinarrian problematika jakina dago. Nazio auziak nazio identitateari eta atxikimenduari egiten dio erreferentzia, nazioaren nortasun soziolinguistikoari eta soziokulturalari, historiari eta lurraldeari, besteak beste. Zentzu eta eskala nazionalean diharduen komunitate bat du lehengai eta langai naziogintzak. Beraz, nazio auziaz mintzo garenean, nazio nortasunaz eta engaiamenduaz dihardugu, katalan edo euskaldun gisa geure buruaren jabe izateko dugun eskubideaz eta askatasunaz. 

Askapen nazionalaren eta sozialaren arteko mugarriak ondo zedarritu ezean, zer gertatzen zaigu estaturik gabeko naziooi? Askapen nazionalaren berezko balioa eta irismena ez dugula zehatz hautematen, eta, ondorioz, gainerako askapen moduekin (klase sozial, genero…) harremanetan dagoenez, ez diogula dagokion munta aitortzen. Gaztetako kontuetara etorrita: orduan pentsatzen genuen klase askapenik gabeko nazio askapenik ez dagoela. Baina iritzi hori ez da zuzena, berehala aletuko dugun moduan.  

Kataluniako proces-aren inguruan gertatu denak ere badu loturarik hizpide dugun nahaste-borrastearekin. Han eta hemen azken boladan gertatu den asimilazio nazionalaren argitan hobeto ulertzen da katalanak eta euskaldunok zergatik egokitzen garen hain erraz eta eroso nazio identitate espainolaren altzoko bizimodura. Bizimodu soziolinguistikora eta soziokulturalera, besteak beste. Hego Euskal  Herrian azkenaldian gertatu zaigun espainoltzea ezin baita azaldu nazio auziarekiko erakutsi dugun zabarkeria kontuan hartu gabe.   

«Eta bereizten ditut uste dudalako askapen nazionalik gabe inoiz ez dela askapen sozialik egongo». 
Lluis Llachentzat ez dago askapen sozialik aldi berean askapen nazionalik egon ezean. Simetrikoak izan behar zuten bi prozesuok guretzat ere gaztetan. Baina uste dut iritzi okerra dela hori. Hain zuzen, munduko estatu nazional subirano askotan, denetan ez esateko, ez dagoelako harreman simetrikorik bi errealitate horien artean. Askapen sozialik gabeko askatasun nazionala dago munduko herrialde burujabe gehienetan, denetan ez esateko. Eta alderantziz berdin: nazio garatuen artean nazio askatasuna ukatzen zaion herri batean ongizate sozioekonomikoaz gozatzea normala da oso. Hain zuzen, ñabardurak gorabehera, katalanen eta euskaldunon egoera ez ote da ba horixe bera? Hemengo herritarren artean egiten diren ongizateari buruzko inkesta eta ikerketen emaitzak berez mintzo dira. Euskal herritarren ongizate maila oso altua da nahiz eta euskaldun eta nazio gisa erabat hondoratuak gauden.   

Askatasun nazionalak berezko ezaugarriak ditu bere baitan, eta bereizgarritasun horrek desberdintzen du gainerako gizarte aferen izaeratik. Hartara, euskaldun edo katalan izateko baldintza nazionalak ez daude halabeharrez sistema sozioekonomikoarekin loturik. Egoera nazionalaren errealitatearekin erabat loturik daude, aldiz, nork bere nazio hizkuntzan, kulturan, historian eta lurraldean bizi ahal izateko moduak eta baldintzak. Bada besterik ere eztabaida honetan: oker ez bagaude, Iparralde garatuko herrien askapen sozialaren ikuspegia nazioaren muga politikoetara mugatzea ez dirudi oso iraultzailea denik gaurko mundu pobretuaren kinka ikusita.    

Askapen nazionalaren eta askapen sozialaren arteko nahas-mahasak erabat argitzea erraza ez den arren, komeni da askapen prozesu bakoitzaren bereizgarriak ahalik eta gehien zehaztea, nahasmena Espainiaren eta Frantziaren onerako izan ez dadin. Aldeak alde, beste horrenbeste gertatzen zaigula esango nuke askapen estatalaren eta askapen nazionalaren arteko kontzeptuak katramilatzen zaizkigunean. Bi prozesuok ere elkarrekin loturik dabiltza, baina ez dira prozesu bat eta bakarra. Bakoitzak berariazko ezaugarriak ditu, eta ezaugarri horiek aintzat hartu ezean, naziogintza (komunitate euskaldunaren eraikuntza) estatugintzaren (botere politikoaren eskumena) morrontzara kondenatzen dugu, bigarrenak aurrekoaren egoera berez hobetuko duelakoan-edo. Estatuak ezin du nazioaren berezko nortasuna eraiki hark honen identitatearen (euskalduntasunaren) arabera jokatu ezean.  

Nazio euskaldunaren eraikuntza, euskaraz eta euskaratik eraikitako botereak bakarrik bermatzen du. Estatuak lagun dezake identitate euskalduna eraikitzen, baina estatua ez da prozesuaren lehengaia, nazio euskalduna baizik. Lehengaia (nazio euskalduna) galduta, euskaldun eta Euskal Herri gisa dena galtzen dugu; estatua galduta, berriz, egoera tamalgarri batean biziko ginateke, gaur egun bezala.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.