Azken boladan hainbat kritika entzun ditut Puigdemonten zenbait jarrera direla eta, bereziki Bartzelonan egin zuen agerraldiaren eta sorpresazko ihesaldiaren ondoren. Batez ere espainiar amorratuen aldetik entzun izan ditut, baina baita independentista zaleak diren Euskal Herriko zein Kataluniakoengandik ere. Ez naiz harritzen, ni ere bat natorrelako beraien arteko batzuekin. Areago, inork ondorio okerrak atera ez ditzan, agerian utzi nahi dut ni ere oso kritiko naizela agintariak berak edo bere alderdiak Kataluniako beste eragile politiko batzuei buruz egindako adierazpen eta hartutako zenbait jarrerekin. Halere, azpimarratu nahi dut, bere oker eta akats guztien gainetik, Puigdemont Espainiako Estatuarekiko erresistentzia eta konfrontazio sinboloa dela. Pertsonalki, bejondeiola nire esker ona, egiten ari den ekarpenagatik.
Puigdemont, berarekin ados egon edo ez, Kataluniako herritar askorentzat Espainiako Estatuak zein Frantziakoak politikoki menperatu eta kulturalki eta hizkuntza alorrean minorizatu duen nazioaren aldeko borrokaren sinboloa da. Duela sei urte ihes egin zuenean, eztanda deigarria eragin zuen nazioarte mailan. Munduaren aurrean, argi gelditu zen Espainiako Estatuan zer gertatzen zaien zentralismoari aurre egitera ausartzen direnei. Eta aldi berean, Europa zahartu honetan menperatuak diren herri eta kultura zein hizkuntza anitz ukatzen jarraitzen dituztenaren adierazgarri bihurtu zen. Puigdemont, Euskal Herriko zein Kataluniako preso eta errefuxiatu asko bezala, errepresio basatiaren erakuslea da. Espainiako epaile frankista guztiek nahi zuten Puigdemont atxilotua, eskuburdinekin loturik eta buru-makur ikusi, baina politikari kataluniarren jarrera errebeldeak berriro ere lotsagarri utzi ditu sasi-epaile horiek guztiak.
Puigdemont pertsonaren indarraren eta erakartasunaren oinarria, disidentzia politikoari estatuak egiten dion jazarpenaren sinbolo salataria izatea da. Eta egia esan, horrelako jarrerak ez dira batere arruntak politikarien artean, eta oso kasu berezia da, berak eduki zuen tamainako ordezkaritza instituzionala izanik. Hitz egitea erraza da, norberak ezer arriskatu gabe besteei kontseiluak ematea oso arrunta, baina eredugarriena komunitate politikoaren alde dena ematea da. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula sei urte luzez estatuko epaile, komunikabide eta polizia guztien presio amaigabeari aurre egitea bederatzi milioi pertsona dituen Komunitate Autonomo bateko agintari nagusia izandako batentzat. Estatu osoan, hain indartsu oldartu zaien agintari gorena da. Ez da gutxiestekoa, alajaina.
Bartzelonako azken agerraldia eta ondorengo ihesaldia batzuen batzuek gutxietsi arren, niri iruditzen zait jarrera duina eta koherentea izan zuela, zeren eta aurretik hitza emanda zuelako inbestidura ekitaldira agertuko zela, eta helburu hori oztopatzeko epaile baten jarrera antidemokratikoaz baliatu arren, huts egin dute. Galdera da, legez askatasunean aurkeztu behar zuen parlamentaria zergatik makurtu behar zen epaile prebarikatzaile baten aurrean? Amnistia onartua da, eta beraz, epaileei aplikatzea dagokie, ez beraien iritzi politikoa ematea eta gutxiago horren arabera jokatzea. Llarenak jakin badaki «diru publikoaren erabilera» dela-eta egiten duen interpretazioa ez dela zuzena, interesatua baizik, bere ideia politikoen araberakoa, hau da, prebarikatzailea. Pelikula honetan, Llarena da lekuz kanpo dagoena.
Espainiako Estatua krisi larrian murgildurik dago aspaldi honetan. Pedro Sanchez bera larrutik ordaintzen ari da «epaile-politikoen» ondorioak, eta jakin badaki estatuaren demokratizazioak ezinbestekoa lukeela judikatuaren eraldaketa sakona, baina ez da ausartzen; ezkerreko indarrak mokoka jarraitzen dute beraien artean; eskumak hauteskundeak ez irabazi arren, epaile eta fiskalak erabiltzen ari da gobernua higatzeko asmotan. Egoera horretan, Llarena arazo larria da, baita estatuarentzat ere, berau hankaz gora jartzen ari delako. Puigdemontek bere pertsona zein Katalunia buru-makur ikustea ekidin du. Ni asko poztu naiz eta herritar asko ere bai.
Begi bistakoa da nazio batek bere askatasuna berreskuratzeko bertako indar politiko zein soziokulturalak elkar harturik aritzea eta guztien artean estrategia bateragarria adostea ezinbesteko baldintzak direla. Eta beraien lorpenean Puigdemont beraren ekarpena oso garrantzitsua izanik, desioa litzateke garaiak eskatzen dion erantzukizun maila betetzea. Askapen prozesuetan, dimentsio epikoak bere leku propioa izaten du, eta ez da batere aberasgarria, zilegi diren desberdintasun ideologikoengatik, ekarpen hori ezkutatzea. Gizartearen funtzionamenduan, arrazoizko jarrerak azpimarratzea beharrezkoa da, baina ahaztu gabe emozioak eta sentimenduak ere beraien lekua dutela. Beraz, herrien askatasun prozesuetan dimentsio epikoak duen garrantzia aitortzea merezi du.