Irakaslea

Literazetamol

2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Mediku izan nahiko nukeen baina berehala ulertu nuen Jainkoak ez zidala bide hori jarraitzeko deitzen: kaligrafia bikaina neukan; ez, ez neukan mediku letrarik. Alferrik saiatu nintzen hainbat urtetan nire kaligrafia etzana eta txukuna txarragotzen, baina edonor zen gai nik idazten nuena ulertzeko. Bitartean latina deskubritu nuen, bere deklinabideen doitasun melodikoa eta lasaigarria, eta filologia ikastea aukeratu nuen. Garai hartako oroitzapen horiek etorri zitzaizkidan burura, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren erabakiaren berri izan nuenean: hedabideek ziotenez, epaimahaiak Han Kangi golardoa eman zion traumak gainditzen laguntzen duen bere prosa poetiko «sendagarriagatik». Izan ere, literatura, bere ahalmen baltsamiko, aringarri eta birsortzaileagatik medikuntzaren adartzat har liteke nolabait. Neurri batean, idazlea medikua da; mediku batzuk idazleak izan ziren.

Barojaren testuren bat klasean irakurtzen dugun bakoitzean, ikasleei idazle gipuzkoar hau medikua zela azpimarratzeko aprobetxatzen dut. Eta zaila izango zela esatea idazten zuen medikua zen ala bere pertsonaiak auskultatzen eta diagnostikatzen zituen idazlea, gehitzen diet.

Ia ez zuen medikuntzan jardun, Zestoan eman zituen urte batzuk izan ezik, baina bai beraren alter ego-ek: Andrés Hurtado eta Iturrioz doktorea El árbol de la ciencia-n, Aracil doktorea La dama errante-n… Berak sorturiko mundu paraleloetan izan zen doktore.

Minari buruzko tesi batekin doktoratu zela ere kontatzen diet, El dolor. Estudio de Psicofísica; nolabait ere, bere lanik interesgarrienetako bat: bertan, Baroja medikuak Baroja idazleari galdetzen dio ea nola den posible haginetako mina hain handia izatea, kontuan hartuta ez dela gaixotasun hilgarri baten sintoma, eta, aldi berean, tumore gaizto batek sintomarik ez ematea beranduegi izan arte.

Jakina, mina ezinbesteko biziraupen-mekanismoa zen, baina desoreka zegoen afekzio-mailaren eta gure burmuinak afekzio hori hautematen zuen moduaren artean. Agian desadostasun kontrolaezin horrek literaturarantz desbideratu zuen Baroja medikua. Gainera, kaligrafia ederra zeukan. Eta horrela ez litzateke inoiz mediku fidagarria izango. Inola ere ez.

Lola Tórtolak, azken Miguel Hernández poesia sariaren irabazleak, kontrako bidea jarraitu du. Bera ere medikuntzan lizentziaduna, zirujau plastiko gisa lan egiten du, eta masaila edo kartilago bat berreraikitzen dituen esku berberekin, honelako bertsoak —euskaratzen ausartu naiz— idazten ditu: «Ez dakigu/ suntsitutako jainkoak izan ginen/ edo txikizio jainkotuak». Ez, emakume honen kasuan, ez dakit zer-nolako letra daukan.

Anton Txekhov, Luis Martín Santos, Arthur Conan Doyle, Nawal el-Saadawi, Oliver Sacks, Michael Crichton, Robin Cook, Somerset Maugham medikuak eta idazleak izan ziren. Nolabait, letra ona izateagatik erbesteratutako doktoreak; fikziozko mundu batean kontsulta pasatu behar zuten sendagileak.

Bai, hemendik aurrera, botikinean, tiritaz eta Betadinez gain, literazetamola, libuprofenoa eta Han Kangen paragraforen bat eduki behar dira beti; hor bertan, eskura.

Ikasle baten azterketa zuzentzen ari naiz. Testu iruzkina ederki dago, baina oso gaizki idatzita; mediku letraz…

En fin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.