Liburutegi digitala?

2018ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Zenbat aldiz iragarri digute Euskal Liburutegi Digitalaren sormena? Legealdi bakoitzean behin, gutxienez. Behin eta berriro helarazi digute berritzat zaharra dena, euskal liburutegi digitala abiatuko dela. Badira gutxienez hamabost urte kontu honekin hasi ginela. Orain 2018an gaude, eta berriro beste proiektu batekin etorri zaizkigu agintariak... Iraungo du? Esaten dutenei Liburutegi Digitalari bai, baina Liburutegi Nazionalari ez, galdera hau egiten diegu: zeinek kudeatuko du Liburutegi Digitala?

Ikus ditzagun legealdiz legealdi Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskal liburutegi digitalaren gainean egindako egitasmoak. Agerian uzten dute, helburua egokia izan arren, Euskal Liburutegi Nazionalik gabe, hots, baliabiderik gabe ezinezkoa izango dela funtsezko Euskal Liburutegi Digitala edukitzea.

VIII. Legealdian (2005-2009: Miren Azkarate, Gurutz Larrañaga, Arantza Arzamendi) Ondarenet (2008) egitasmoa sortu zen. Euskadiko ondare digitalaren fitxategi elektronikoak babestea eta kontserbatzea zeukan helburutzat.

IX. Legealdian (2009-2012: Blanca Urgell, Antonio Rivera, Jose Luis Iparagirre) Liburuklik (2011) Euskal Liburutegi digitala proiektua sortu zen. Plataforma baten bidez euskal bibliografiaren ondarea jasotzea izan zen proiektu honen helburua. Liburutegi digitala 3.000 titulu inguru eta 350.000 irudi baino gehiagorekin sortu da, urtea bukatu aurretik 300.000 orri gehiago gehituko dira.

X. Legealdian (2012-2016 Cristina Uriarte, Jose Angel Maria Muñoz, Imanol Agote). eLiburutegia (2014) Euskal Liburutegi Digitala sortu zen. Kasu honetan, nahiz eta horrela izendatuta, ez zen euskal liburutegi digitala. Hau konkretuki Euskadiko Irakurketa Digital Publikoko Sarea izan da.

XI. Legealdian (2016, Bingen Zupiria, Jose Angel Maria Muñoz, Mikel Xabier Aizpuru zuzendaria) Euskal Liburutegi Digitala (2018) sortu da. Ondare digitala kontserbatzea eta helaraztea da helburua. Oinarrizko lehen liburutegiak XX. eta XXI. mendeetako 3.000 liburu izango ditu, etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezartzeko helburu. Historian zeharreko euskal egileen lana eta pentsaera biltzeko bokazioz sortu da egitasmo hau.

1998. urtean hasi ginen Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaideak aldizkarietan Euskal Herriko Liburutegi Nazionala sortzea aldarrikatzen; hona hemen aldizkari horietan idatzitako laburpen batzuk.

2007. urtean, Jakin aldizkariaren 160. zenbakian Euskal Herrian proiektu bateratua egiteko premia eta abantailak zehaztu genituen; egun ere asmo berdin-berdina errrepikatzen jarraitzen dugu. Urte hauetan Eusko Jaurlaritzan ibili diren agintariek ez digute kasurik egin.

«Herri gehienetan liburutegi digitalaren ardatza liburutegi nazionala izan da. Areago, gainerako herriek liburutegi nazionala erakunde kulturalik kuttunena bezala zaintzen dute. Gure kasuan, aitzitik...».

«Inondik inora, gainerako herri guztietan egiten den bezala Euskal Herrian ere erakunde ofizial batek [eremuaren] koordinazioa eta erantzukizuna bere gain hartu beharko luke...».

2009. urtean, Jakin-en 172. zenbakian hau adierazi genuen: «Egun, liburutegi digitalei dagokienez, antzeko egoeraren aurrean aurkitzen garelakoan gaude, nahiz eta azken bi urte hauetan bi proiektu azpimarragarri martxan jarri diren: BiNaDi, eta Ondarenet...».

«Kontua da, orain lehen bezala, Euskal Herrian ez dagoela ekoizpen digitala jasoko duen erakunderik... eta hortaz, ez dago euskal ekoizpen digitala jasotzeaz arduratzen den erakunde nagusirik. Aurreko artikuluan argi samar geratu zen digitalizazio politika planifikatua eta koordinatua edukitzeak daukan garrantzia edozein herrirentzat...».

2011. urtean, Jakin-en 185. aldizkarian hau esan genuen: «Koordinazioari dagokionez , aurreko urteetako gabeziekin jarraitzen dugu. Aspalditik aldarrikatzen dugun erakunde nagusia sortzeko oraindik ez gara gai izan...».

«Digitalizazio-alor horretan bizi dugun kaosarekin bukatzeko ezinbestekotzat jotzen dugu Euskadiko Liburutegia ahalik eta azkarren abian jartzea, digitalizazio-eremuari dagozkion eskumenak erakunde horrek har ditzan...».

«Euskal Herriko digitalizazio politikaren ezaugarri nagusia koordinazio ezak izaten jarraitzen du...».

«Bitxia da, Euskal Herria liburutegi eremuan duela urte batzuk mundu osoan aitzindaria izanda, gaur egun deskoordinaturik eta atzeraturik egotea. Jon Bilbaoren Eusko Bibliographiaren proiektua...».

«Halaber, gogorarazi behar dugu euskal liburutegi digitala sortzeko ez legokeela oztoporik, ez alor teknikoaren aldetik, ez alor kulturaletik, ezta alor politikotik ere...».

2014. urtean, Jakin-en 205. zenbakian hau adierazi genuen: «Digitalizazioaren politikari dagokionez, plangintza eta koordinazio eza da ezaugarri nagusia...».

Aurreko legealdian alderdi sozialista iritsi zen EAEko gobernura, baita joan ere; eta lau urte horietan eremu horretan ez zuen ezer berezirik sortu...».

Tamalez, nazionalistekin jasan duguna sozialistekin ere tokatu zaigu jasatea...».

«Euskal Herrian digitalizazioa ez dago araututa, ez dago antolatuta; proiektu horiek batez ere teknologikoak direnez, aplikazio informatikoen bitartez kudeatzen direnez, egitasmo politikoak bihurtzen dira, etekin politikoak soilik ateratzeko... Aurrekontuetan ez dago diru partida finkorik horretarako... ez dago behar besteko pertsonal teknikorik... soilik dirua dagoenean, edo dagoen diruaren arabera elikatzen dira proiektuak; kanpoko enpresak kontratatzen dira eta kanpoko enpresek kontratatutako informatikariekin ere funtzionatzen dute. Dirua eta batik bat propaganda politikaren eraginak irauten duen bitartean funtzionatzen du, baina urteak igaro ahala baliabide-eskasian erortzen dira.

Orain 2018. urtean gaude, eta berriro beste proiektu batekin etorri zaizkigu agintariak... Iraungo du? Zalantzan jartzen dugu. Eraikuntzarik gabe, erakunderik gabe, pertsonalik gabe, baliabide murriztu eta eskasekin oso zaila ikusten dugu egitasmo hau bizirik mantentzea edo kalitatezkoa izatea. Nazio gehienak azken urte hauetan Liburutegi Nazional Digitalari lehentasuna ematen ari dira, etekin ugari ateratzen baitute; baina inori ez zaio bururatu zalantzan jartzea Liburutegi Nazionalaren funtzioak eta beharra. Norvegia dugu adibide, duela gutxi sortu baitu Liburutegi Digitala; eta logikoa denez, egitasmo honen zutabea eta oinarria Liburugi Nazionala da. Zergatik Euskadin ez? Eta zergatik nahi dute abian jarri egitasmo interesgarria soilik 100.000 eurorekin? Euskadin marmotaren edo hartzaren egunean bizi garela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.