Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea

Liburuak

2023ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Maitale gisa ferekatzen zituen liburuak eta maitekiro betetzen zituen apalategiak kuttunekin. Gomendatu, oparitu edota utzi egiten zituen bueltatzeko baldintzapean; beretzat maitasun ekintza baitzen, baina, joan-etorrikoa. Harekin pasatzen zuen denborak ez zuen preziorik ezta ordurik ere, denbora geratzen zen, beste nonbaitera bidaia zen. Horrelako harremana zuen liburuekin osabak, eta ni, kutsatu. Modu horretara sartu ziren etxera Hermann Hess-en lehen aleak gaztetxo nintzela.

Liburuak artefaktu magikoak dira. Ariketa bakartia da bai idaztea bai irakurtzea; nolanahi ere, lotura sortzen du beste mundu batekin eta horren irudimenarekin, bizipenekin, fonotekarekin, bibliotekarekin, erresonantzia kutxa baten moduan.

Era berean, ekintza iraultzailea da. Maria Elorzak Liburuei eta emakumeei kantuz filmean erakusten duenez. Bere bizitzako hainbat emakumek liburuekin izandako harremanaz dihardu, sotilki eta umore printzekin. Kontaketa erresistentzia intimoa da, epikarik gabea, iraultzarik gabea, armarik gabea.

Irakurleen ezaugarriak ezagutuz

Publiko irakurlearen segmentazioa eta ezaugarriak 2022 azterketak Euskal Autonomia Erkidegoko datu eta gogoeta batzuk ekarri ditu argitara; denbora librean —aisialdian, borondatez eta entretenimendu gisa— egiten den irakurketari buruz.

Urtebetean gutxienez liburu bat irakurri duten herritarrak %74,9 dira. %25,1ek ez dute liburu bat bera ere irakurri. Urte batean hiru liburu edo gehiago irakurri dituzte %55,4k. Horietatik %21,2k oso tarteka irakurtzeko ohitura dute, latentea. Ohikotasunez irakurtzen duten (urtean sei liburu edo gehiago) herritarrak %34,2 dira.

Irakurtzen duten pertsonek beste kultura jarduera batzuetan ere parte hartzen dute, eta alderantziz. Zenbat eta gehiago parte hartu kultura jardueretan haurtzaroan, orduan eta handiagoa da irakurtzeko ohitura helduaroan.

Adinari dagokionez, 45-64 urteko helduek irakurtzeko ohitura handiagoa dute, eta ikusten da, halaber, laugarren adinarekin arazo berriak agertzen direla osasunari lotuta eta, zehazki, irakurketaren kasuan, ikusmen arazoak. Era berean, gazteenen artean ohiturak galtzen ari direla ikusten da. Horrekin batera esan behar da, emakumeek irakurtzen dituztela libururik gehien denbora librean.

Nazioarteko datuekin konparatuz gero, bai Espainiako Estatuko, bai Frantziako baita Europako batezbestekoaren gainetik daude EAEn zein Nafarroako Foru Erkidegoan irakurketaren indizeak. Garrantzitsua da nabarmentzea Espainiako Estatuan irakurzaletasuna handitu egin dela pixkanaka; aldiz, Europan behera egin dute datu horiek.

Kontuan harturik datu konparatiboak eta historikoak, esan daiteke Hego Euskal Herrian (Iparraldeko daturik ez dugu) irakurketa maila nahiko egokia dela, eta dinamika positiboa dagoela, hoberantz doan bilakaera geldo batekin.

Hala eta guztiz ere, ikuspegia zabaldu eta beste herrialde batzuetako joerei erreparatzen badiegu, argi eta garbi ikus daiteke zailtasunak daudela, zerikusia dutenak herritarren interes berriekin eta transformazio digitalaren garapenarekin.

Euskarazko irakurketa: hizkuntza gaitasunari loturiko dinamika

Lehenago aipatutako Publiko Irakurlearen azterketak ondorio orokor hau atera du euskarazko irakurketaz: bilakaera historikoa motela baina positiboa izan du, eta aintzat hartutako gainerako hizkuntzetan baino irakurketa indize txikiagoak ditu. Ildo horretan, adina (belaunaldi berriak) eta hezkuntza ingurunea dira aldaketaren bektore nagusiak, hizkuntza gaitasuna izanik baldintzatzaile nagusia.

Euskaraz irakurtzen ez dutenen ehunekoak behera egiten du irakurtzeko ohitura handiagoa dagoen heinean, baina maiz samar irakurtzen dutenen kategorietan ez da, askotan, joera lineal hori ikusten. Euskaraz ongi irakurtzen dutenen batezbestekoa %29,5 da; ehuneko hori %72,6ra igotzen da 15-19 urteko pertsonen kasuan, eta 44 urtetik aurrera soilik hasten da batezbestekoa baino txikiagoa izaten.

Azkenik, interesgarria da azpimarratzea euskararekiko eta ingurune hurbilarekiko (lagunak, familia) konpromisoa aipatzen direla bi arrazoi nagusitzat, nahiz eta ez dituzten aipatu euskaraz irakurtzeko arrazoitzat, baizik eta oro har euskarazko kultura jarduerak egiteko arrazoitzat.

Gaztetxoak

Gaztetxoek eurek eta haiekin daudenek ederki ezagutzen dute errealitatea. Azken Euskadi Sariko Saiakera lana ildo horretatik joan da. Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena liburua saritu dute, bertan gaztetxoekin egindako irakurketak eta ondorioak jasotzen dira. Hauxe dio egileak elkarrizketa batean: «Idazlan batzuen ondoko gogoetek eragindako aurrerapausoak ikus daitezke, eta agian, ez dagoela liburu zailegirik, elkartean eta kidegoan irakurriz gero, liburuek eragindako iradokizun eta uste sakonak elkarren artean jartzen badira».

Durangoko Azoka izan berri da, giro ederrean igaro da. Bertan idazle eta musikari kuttunekin egon, erosketa batzuk egin eta urteroko errituala bete dugu. Umeentzako literatura egiten duen idazle lagun batek esaten zidan, arduratuta, gaztetxoengan teknologiaren erabilera okerrak eta neurrigabekoak (bat-bateko estimuluen beharrak...) egin ditzakeen kalteak dagoeneko nabaritzen direla ikasgelatan. «Horrek ez baitu pentsamendu kritikoa ekarriko, pentsamendu bakarra baizik».

Adostasuna erabatekoa da irakurzaletasunaren onuretan, hala nola: muga kognitiboak zabaltzeko tresna da, ulermena, kontzentrazioa, jakintza, pentsamendu kritikoa eta irudimena zabaltzen ditu. Horiek horrela, irakurketa sustatu behar dela zalantzarik ez dago. Adin guztien kasuan. Ikusi dugu, era berean, euskarazkoak aparteko sustapen lana eskatzen duela. Urte berri eta irakurketa ON.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.