Marka da!, Euskadirako ararteko berria hitzartu berri dute EAJk, PSEk eta PPk. Orain arteko Lamarkak ezin zuen segitu karguan hamar urte bete dituelako eta bere ordezkoa, abertzaleekin adostu beharrean, espainiar sukurtsalekin hitzartu dute jeltzaleek.
Bistan da EAJk arartekoa hautatzeko EH Bildurekin batera behar adina boz lortzerik bazuela (48) baina, historikoki ohi denez, EH Bilduz bestekoekin lortu nahi izan ditu, bere politika instituzionala iraunarazteko. Ez da, halere, EAJri Eusko Legebiltzarrean bakarrik dagokion jitea gainerako erakundeetan ere usadiozko portaera baizik. Berdin da aldundietan, biltzar nagusietan, partzuergoetan edota udalbatzatan ere, aspaldikoa ez, ia betiko jarrera darama nazionalismo tradizionalak, arauak bete behar dituen apurkako salbuespenetan izan ezik. Eta EAJrentzat araua, normala dena, bistan da, ohiko politikan deus aldatuko ez duenaren aldeko hautua berregitea izaten da.
Ohiko politika hura eta haien erakundeak inoiz baino ustelagorik egonik ere horri eusten diote. Berdin Bruselaren mandatuen aurrean, Madrilgo hemizirkotik Euskal Herriko azken udaleraino. Berdin aurrekontuen diseinuak direla edo segurtasun eskuduntzak kudeatzerakoan. Berdin zaborren eta hirien barruko komunikazioa eratzerakoan edota zergen antolaketan. Izan ere, gero eta nabarmenagoa da ez dagoela gai haietan guztietan EAJren, PSEren eta PPren arteko ezberdintasun handiegirik. Gehienetan, salbuespenak salbu, denak batera bozkatzen baitute eta, praktikan, zoritxarrez, alderdi bakarraren portaera erakusten dute askotan.
Ezer berririk ez, bada. Aitzitik, zaharrak berri, berriro ere.
Goian adierazitakoa datozen hauteskundeen ondorengo paktu panorama argitzera etorriko litzateke, aurretik esan moduan, horretako zenbait salbuespen izango ez balitz.
Eta erresalbu edo lekapenak izan dira orain arte, hain justu ere, giza eskubideekiko lotutako gaiak non EAJ berezko diskurtsoa agertarazten saiatua izan den. Polizia kontrolen gertatutakoaz, Torturaz ( bai, letra larriaz) edo errepresioaz (ertzainak tartean ez zeuden bitartean, noski...), alderdiaren legeaz eta abar ezin esan EAJren jarrera PPrena edo PSOErenak izan denik.
Ararteko berria izendatzeko prozeduraz gain, ordea, badago, egon, hautatutako pertsonari kasu egin beharra. Izan ere, aukeratu nahi duten ustezko herri defendatzaileak «giza eskubideen alde» jotzeagatik alderdi politikoen debekua defendatu izan du publikoki gure aldean eta Turkian.
Euskal Herriko Unibertsitatean Giza eskubideak, Hezkuntza eta Gizarte Politika izeneko ikasgaiaren irakaslea nauzue eta, ondorioz,giza eskubideen jatorriaz, historiaz eta ulertzeko moduez eman behar izaten ditut dagozkidan eskolak. Beraz, jakin badakit, aipatu eskubideak, oinarrian, duintasunaren eta gizakien arteko berdintasunaren aitortza besterik ez direla eta, beren garapenerako, gizarte hitzarmena bezainbeste berme behar dituztela.
Hau da, Ziro Handiak Babiloniako esklaboak askatu zituenean (K.a. 539 urtean) gizakien arteko simetria aldarrikatu nahi izan zuen eta, demagun, Ingalaterran «eskubidearen eskaera» egin zutenean ( 1628an) Erregearen botereari mugak ezarri zizkioten gizaki guztiak, berez, berdinak izan behar zirelako.
Era bertsuan, hala J.J. Rousseauk (1757an) nola Th. Jeffersonek berak (1776an) gizaki orori dagozkion duintasuna nahiz berdintasuna defendatzeko «erreboltarako» eta «iraultzarako» eskubidea ezagutarazi nahi izan zuten. Horretan guztian hartzen dute oinarri giza eskubideek. Beraz, gizakien artekoezberdintasun egoeren aurka matxinatzeko eskubiderik izan ez balitz ezin izango genuke giza eskubideez ezer esan eta giza duintasunik ere ez zen egongo.
Horretaz jakitun, 1948an, Bigarren Mundu Gerratea amaitu ondoren, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari ekin zion Eleanor Roosevelt buru zuen nazioarteko legegile talde batek. Eta jakina denez, bai Cassin baionesak (Bakearen Nobel sariduna) baita Hessel idazleak ere (Haserre zaitez!) berebiziko parte hartzea izan zuten dokumentuaren idazkuntzan.
Dokumentu osoak du garrantzia, zerrendatzen diren artikulu denak banaezinak eta lotuak direlako, baina, zalantzarik gabe, idazkiaren funtsa hitzaurrean dago non adierazitako ekimenerako arrazoia azaltzen zaigun, hona hemen:
«Kontuan izanik ezinbestekoa dela giza eskubideak zuzenbidezko erregimen batek babestea, gizakia tirania eta zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den matxinadara jo beharrean aurkitu ez dadin»
Argi geratzen da, bada, bizikidetza arautzeko mendebaldarra bezain europarraden sistemaren argudioa, «zapalkuntzaren aurkako azken irtenbidea den baliabidea (recours, recourse, jatorrizko idazkuntzetan) ekiditea izan zela, aipatu aukera horrek, matxinatzeko eskubidearenak, alegia, aparteko garrantzia baitu eta berau gabe «Giza eskubideen Aldarrikapenak berak zentsurik edukiko ez lukelako».
Baina gizarte demokratiko batean nola defenda daiteke gizakiazapalkuntzaren kontra alderdi politikorik gabe? Jakina da demokrazia batean alderdi politikoek soilik ez dutela gizakien aldekobabesa bermatzen baina, haiek debekaturik, zein da irtenbidea?
Giza eskubideen defentsan, nonbait, Herri Batasunaren ilegalizazioa babestu zuen jurista ararteko izango dugu Euskadi honetan hemendik aurrera nahiz eta, aukeran, beste baliabideak egon...
Ene aburuz, aukera erratua...
Lezertua, aukera erratua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu