Koldo Izagirre

Lenin dohakabearen ateka gaitzekoa

2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Zuen multzo kritikoa ez ote da nehoiz lotsagorrituren? Egunak joan gauak jin, errata barik, emakumezko politikari bati puta erraten zion pintaketa nabarmen, hantxe, parkean, urraturik gabe, barnamen. Noizko benetako iraultza? Erantzunaren zentzuna, gaur eta egun, arreta ukatzea. Zuen alderdiko putek errateko deus ez ala? Nehoizko nehoizetan, ezpainak lehertuko zizkioten muturreko batez. Egungo dialektika eguneratuan, arrapostuaren postura muturtasuna da. Probokalari puta bat haiz! Haserre barik, egoeraren jabe. Marxistak omen eta alderdikariak izan.

Astebete eman zuen etxean komunista klasikoen zuhurtziak dastatzen burua apalik. Muxitzeko beldur, nagia akuilatuz karrikaratu zen. Lehenik spray bat pintura areto marrabiotikoan. Harro abiatu zen ezpainak lehertu ez zizkioten parkearen bakera. Tamalez, aitzinduak zitzaizkion, atzendu egin zuten: bertzelako pintaketa bertan: Bizitzea garestitzen digute.

Bizitza merkea egin behar ote dugu orain? Tristura gailen, ez zen deliberatu sprayaren erabiltzera. Udalaren almazen horian Palestina Askatu hizki berdez. Bere hartan laga zuen hau ere. Noiz askatu behar dugu Israel? Muturtasuna erantzule.

Arrain lonjaren nasan Galiziako bandera bapore batek. Hamazazpi ziren baina, denak A Coruñakoak. E a estela da nosa patria? Alferrik. Fillos de Breogan, hauek? Fillos de… O, ez! Ez, ez, ez!

Afixa bat agurka haizearen aginduz. Berari, bai, berari deika zapi zuri bat bailitzan men eginez. Hurreratu zen, estonatu zen, dardaratu zen berbek ez nahirik ahora, kamarada ezin opa paperari atxikitako kamaradari. Polliki, artoskiro, ardurazki erauzi zuen afixaren ertza hormatik. Garaipena hodi tankeran bildu eta haizeari buruz hastandu zen bihotz militantearen aupaden agindura.

Georges Brakeren inoizko erakusketa baten katalogoko portadaren alboan eskegia dauka orain. Kontraste polita, lorontzia horitasunez gainezka eta Vladimir Ilitch Ulianoven kopeta pentsakor. Stolichnaya botila bat ekarri du. Bekoz beko jesarri zaio.

Bladi, kamarada, ez dizut galdetuko zerengatik ez zenuen Stalin fusilarazi. Ez dizut eskatuko Putinen telefono gorria. Ez konta zer ari zinen niri deika. Zure garuna behar dut argitu. Entzun. Parisen bigarrengoz bertzeratu zinelarik Nadezna Krupskaiarekilan, frantses batek egiten zizuen kuxidadea. Egunero. Ulertzen, Bladi? Burges bi eta emazteki proletar bat. Baina burges boltxebikeak zuek. Eta neska hura, izenik ez diozuen hura, mentxebikea ote? Agian bai, zeren, zeren, zuenean abesti nazionalista bat kantatzen zuen zuen zabarkeria barkatzen ez zuen bitartean.

Altsazia eta Lorena dizkiguzue hartu
baina zuek arren ez dugu Frantzia ukatuko
gure lurretan duzue germaniera aldatu
baina gure bihotza ez duzue menderatuko

Bladi, kamarada, zeinen ongi baliatu zenuen herri kantuaren azken lerroa zure mitinetan… «Hau digute egingo eta hura desegingo, baina gure bihotza ez dute menderatuko!». Zenbat aldiz erabili al zenuen? Aipatu ote zenuen, behin bederik, nori kendu zenion oihu eder hori? Ez zaitez saiatu esplikatzen, ziur nago oraino ez zarela jabetu zuen zabarkeria errukirik gabe fusilatzen zuen emazteki proletar abertzaleari egin zeniotenaz: dobleko zapalkuntzaz zenuten esplotatu, bere eskuen lanetan eta bere bihotzaren ondran. Merituak eransteko, manipulatu egin zenuen populuaren himnoa. Ez zara gauza herrien bihotz aupada nazionalak entzuteko.

Bladi, kamarada, haizeak hankapean eraman bazintu uste duzu mobilizatuko zenik gure multzo mitikoa? Egin dezagun prost. Bozka ez, Vodka bai! Stolichnaya hurrupaño bat botilaren lepotik.

Bladi, kamarada, entzun Txetxenskaia Errepublikan zer duen kantatzen herriak:

Eskiula eta Barkoxe zuek guri ebatsi
baina ez dugu nehoiz Txetxenia ukatuko
gure lurra duzue errusieraz jantzi
baina gure bihotza ez duzue menderatuko

Bladi, kamarada, hau dugu adiuntzarik egokiena Finlandiako Trenari bulkada bat emon eta Errusiako herriak askatzeko bizitza merketik. Palestina bat, mila Palestina.

Ez uka zeuk errana: baldin bada Vodkarik, bada biderik!

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.