Eusko Jaurlaritzak Herenegun unitate didaktikoa (bideoz ilustratua) aurkeztu zuen, eskoletan DBHko 4. mailako eta 2. batxilergoko ikasleei azaltzeko. Espero zenez, denak ez daude ados aipatu unitatea osatzen duen materialarekin. Testuari berari kritikak egin zaizkio, eta baita bideoei ere. Aipatu unitate didaktikoari erantsi zaizkion bideoetan ez omen da gezurrik sumatzen; ordea, ETAk buruturiko txikizio eta ankerkeriak erdizka baino ez omen dira eskaintzen, asko eta asko aipatu ere ez, eta diotenez, ikasle horiei azalduko zaiena memoriaren iruzurra baizik ez da.
ETAri egotzi zaizkion hilketa, atentatu, bahiketa eta gainontzeko ekintza gehienak argituak izan dira, errudunak epaituak eta espetxeratuak. Gauza jakina da nork burutu zuen atentatu bakoitza eta, halaber, ezagutzen da kartzelan eman duen (edo ematen ari den) urte kopurua, baita biktimak nortzuk diren ere. Azken berrogeita hamar urteetan ETAk borroka armatua bertan behera utzi zuen arte gure herrietako polizia eta guardia zibilek milaka tortura, jipoitze, atxilotze, kartzelatze, etxe-miaketa, tartean hilketak egin zituzten. Nork du giza eskubide urraketa horien guztien erantzukizuna? Gertakari horien kronikarik inork ez zuen idatzi, baina, sufritu zuen bakoitzaren eta ingurukoen memorian irmoki iltzatuta daude. Hala ere, gertatu zaiguna ukatu egiten da. Baina, oroz gainetik ukatzen dena, tortura da.
Azken torturak eta «gezur ofizialak» 2008ko urtarrilean jakin genituen. Ibon Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideak Udalaitzetik Arrasatera jaisten ari zirela guardia zibilek atxilotu, eta era guztietako torturak egin zizkieten biei. Garai hartan, PSOEren gobernuko barne ministro zen Alfredo Perez Rubalcabak, guardia zibilen bertsioa bere eginez atxiloketa unean, zauriak ihes egiteko ahaleginean egin zituztela ziurtatu zuen; torturen kontua gezur hutsa zela. Ibon Porturi Donostiako ospitalean atxilotuta zegoela ateratako argazkia argitara eman zuten: lepokoarekin, kablez josita, aurpegia ubeldurez eta handituta, saihetsak apurtuta. Hala ere, Rubalcabak torturatzaileen bertsioari e utsi zion. Zer da kontu, eta iazko otsailean (2018-02-13) Giza Eskubideen Europako Auzitegiak «zigortu» egin zuen Espainia Ibon Portu eta Mattin Sarasolari tratu anker eta iraingarriak emateagatik, eta horiek behar bezala ez ikertzeagatik.
PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek azaldu zuen Herenegun programaren lehentasuna «terrorismoaren deslegitimazioa» izan behar zuela. Ados: ETAren eta estatuaren terrorismoaren deslegitimazioa. Pastor, ordea, terrorismoa aipatzean ETArenaz baizik ez da ari, ez baitu onartzen estatuak terrorismoa praktikatu duenik. Ordea, estatuak gutariko askorengan izua eta beldurra, terrorea, eragin du luzaz. Hala ere, ETArena terrorismoa izan omen da, aldiz estatuarena gehiegikeriak («abusos policiales»).
«'Estatu arrazoiak' esan nahi du boterea zilegiztatua sentitzen dela bere legeen aurka jarduteko. Felipe Gonzalezek argi eta garbi argudiatzen zuen: norbaitek arduratu behar du estatuko estolderiaz, zioen. Horretaz arduratu ziren batzuk kartzelatik pasatu ziren (Gonzalez beraien patroia ez bezala). Bide batez, 'estatuko estolderia' metafora bat da, baina zeren metafora? Norbait arduratu behar den estatuaren legez kanpoko ekintzaz ari gara, Gonzalezen arabera? Galdera honako hau da orduan: zergatik jardun behar du estatuak legez kanpo? Nork baimentzen ditu legez kanpoko jarduerak? Nork zilegiztatzen ditu, baimentzeko? Eta, inork ez baditu zilegiztatzen, jarduera horiek, argi eta garbi, kriminalak izan daitezke. Kriminalak haiek baimentzen dituztenak, ez bakarrik haiek egiten dituztenak. («Imposibles jardines. Ensayos sobre política y cultura» —Ezinezko lorategiak. Politikari eta kulturari buruzko saiakerak. Juan Ramon Capella)
Gure kontakizuna (errelatoa) zein da? Aitak kartzelan egun batzuk, ama atxilotuta kuartelean; anaia zaharrena, Andoni, hogeita zortzi egunez torturatua, heriotza-zigorra eta ia bederatzi urte kartzelan; Jon, etxean bertan jipoitua; ni neu (Josu) Donostiako kuartelean torturatua; Imanole, jipoitua eta kartzelatua; Edurne, Ondarroako kuartelean atxilotuta pare bat egunez; Mikel, anaia gazteena, Donostiako kuartelean torturatua. Goizaldeko ordu txikietako etxe-miaketa, berriz, hiru aldiz bizi izan genuen.
Familiatik aparte gure herrian bertan, Ondarroan, estatuaren terrorismoaren atzaparkada bortitzak jasan izan ditugu: Koldo Arriola Arriola, Jesus Mari Zubikarai Badiola (Jhisa), eta Anjel Etxaniz Olabarria nork hil zituen? Esteban Muruetagoiena Scola sendagile ondarroarra nork torturatu zuen? Tortura haien ondorioz hil zen. Mikel eta ni Donostiako kuartelean torturatu gintuztenean (1976-04-11), egun haietan han bertan, pertsona berak (Jesús Muñecas Aguilarrek) Anjel Etxaniz Olabarria eta Aitor Aramaio Egurrola (Aitor Txaille), biak ondarroarrak, torturatu zituen. Aurreko astean berriz, beste neska ondarroar bat: Itziar Etxaburu Arantzamendi; eta hurrengo astean beste bi ondarroar: Agus Arrizabalaga Bengoetxea eta Gorka Aulestia Urrutia. Herrian denok geneukan hainbat familia jasaten ari zen errepresioaren berri.
Herri honetan min handia egin da alderdi askotatik. Denon artean zauria ongi ixten ahalegindu behar dugu. Horrela ekin ahalko diogu bizikidetza sendoa eraikitzeari.
Lekukotasun guztien memoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu